'Sukaldatu' proiektua, familietan elikadura osasungarria bultzatzeko
2014-11-20 14:47 Jan edanakBasque Culinary Centerrek (BCC), Ikastolen Elkarteak eta Eroskik Sukaldatu/A Cocinar ekimena gauzatuko dabe ikasturte honetan, familiarteko sukaldaritzea sustatu eta elikadura osasungarria bultzatzeko. Martitzenean abiau zan egitasmoa, Oiartzunen. Hurrengon hileetan 16 ikastolak hartuko dabe parte, danetara, 10 eta 14 urte arteko 1.280 neska-mutilek eta 320 gurasok.
Basque Culinary Centerrek (BCC), Ikastolen Elkarteak eta Eroskik Sukaldatu/A Cocinar ekimena gauzatuko dabe ikasturte honetan, familiarteko sukaldaritzea sustatu eta elikadura osasungarria bultzatzeko. Martitzenean abiau zan egitasmoa, Oiartzunen. Hurrengon hileetan 16 ikastolak hartuko dabe parte, danetara, 10 eta 14 urte arteko 1.280 neska-mutilek eta 320 gurasok.
Proiektuaren abiapuntua ondoko gogoeta hau da, antolatzaileek azaltzen dabenez: alkarregaz kozinetea eta jatea funtsezkoak dira familian eta heziketan, batez be ikasleentzat. Sukaldatu/A Cocinar ekimenaren helburua sukaldaritzearen eginkizunari hainbat arlotan balorea emotea da, hain zuzen be, osasunean, familiarteko harremanetan eta lekuko aberastasunean, tokiko produktuak erabiliz.
Osasunaren arloan, ikastaroaren arduradunen arabera, garrantzi handikoa da osasunari lotutako jarraibideak sartzea eguneko otorduak planifiketan, bai eta produktu freskoak erabiltea eta sukaldaritzeari denpora eskaintzea bere. Izan be, bereizezinak dira jatea eta horren aurreko prozesua, hau da, kozinatea -ganera, gizateriaren garapenean funtsezkoa izan da jarduera hori-, bai eta kozinatea eta taldean jatea bere, batez be familiartean. Modu berean, jatea -eta, aurretik, kozinetea- funtsezkoa da familiaren kohesinoa eta herrialde baten kultura soziala indartzeko, azaldu dabe.
Gaur egun, umeen % 26k gehiegizko pisua dauka, eta % 19k obesidadea, dieta mediterraneoa gitxinaka itxi eta sedentarismoa handitu dalako. Halanda ze, hainbat sukaldarik elikadurea eta nutrizinoa eskolako irakasgaia izatea aldarrikatu dabe oraintsu, umeei osasuntsu jaten erakusteko.
Sukaldatu proiektuak, hiru ardatzen bidez -ikastolea, familia eta denda edo supermerkatua-, familiartean kozinatu eta jateak osasunean dauen garrantzia agirian itxi gura dau, alde batetik, eta bestetik, sukaldaritza osasungarriaren eta osasun onaren oinarriak ezagutarazo.
Egitasmoa lau saiotan banatzen da. Lantegiotan, nutrizino jarraibideak eta elikatzeko ohitura osasungarriak ez ezik, tokiko eta denporaldiko produktuak eta sukaldaritzeari buruzko argibideak eskaitzen dira.
Neska-mutilak erosketak egitera joango dira irakasleekaz; ostean, lantegian otordua prestauko dabe; eta amaitzeko, kozinetako erabilitako espazioa garbituko dabe. Ganera, suetean ibili ostean, jakiak alkarregaz jango ditue. Gurasoekaz egin beharreko saioak Basque Culinary Centerreko irakasle batek zuzenduko ditu.
Ikastola honeek hartuko dabe parte ikasturte honetan: Haurtzaro (Oiartzun), Ikasberri (Azpeitia), Orereta (Errenteria), Zubimusu (Villabona), Txantxiku (Oñati), Irura-Anoeta, Uzturpe (Ibarra) eta Aita Larramendi (Andoain) Gipuzkoan; Larramendi (Mungia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Andra Mari (Zornotza), Abusu (Bilbo) eta R.M. Azkue (Lekeitio) Bizkaian; eta Armentia (Gasteiz) eta Laudio Araban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!