Escobar: Paradise Lost

Karolina Almagia 2014-11-20 13:28   Zinema kritikak

Film hau ez da Pablo Escobarraren ganeko biopic bat, abenturazko film bat baino, akzinoa, amodioa eta azpijokoa tartean dituala. Produktu entretenigarria da, aldi berean droga trafikatzaile kolonbiarraren mundua zelakoa zan ezagutzeko balio deuskuna.

- Zuzendaria eta gidoilaria: Andrea Di Stefano.
- Produktoreak: Chapter 2
- Interpreteak: Josh Hutcherson, Benicio Del Toro, Brady Corbet, Carlos Bardem, Ana Girardot.
- Generoa: Thrillerra, abenturazkoa.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 120 min.
 
Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan, Perlak saila zarratu eban filma gure zinema-aretoetan dogu. Aurten Donostia Saria jaso dauen Benicio del Toro aktore handiaren azken erronkea da, bere trebetasuna erakusten ixten dauen papel horreetako batean. XX. mendeko narko ospetsuaren azalean sartuta, miresgarria da plano bakotxean agertzen dauen indarra eta pizten dauen bildurra.

Halan da be, ez da Del Toro pelikulako protagonistea, Josh Hutcherson baino (Los juegos del hambre filman Peeta personaiaren papela egin eban gaztea). Berak interpretetan dau Escobarren lobeagaz maitemintzen dan tentela eta paradisuaren bila joan dan turista surflari bat. Izan be, nahiz eta izenburuak kontrakoa pentsetako bidea emon, film hau ez da Pablo Escobarraren ganeko biopic bat, abenturazko film bat baino, akzinoa, amodioa eta azpijokoa tartean dituala. Produktu entretenigarria da, aldi berean droga trafikatzaile kolonbiarraren mundua zelakoa zan ezagutzeko balio deuskuna. esangura horretan, film honek bikain beteten dau bere helburua.

Oro har filmaren haria ondo jarraitzen bada be, amodiozko istorioa da gidoiaren atalik ahulena. Horrezaz aparte, bortiztasuna, mendekuak, mafiaren metodoak, Escobarren karidadezko egintzak eta bestelako kontu batzuk oso ondo kontauta dagoz. Batzuetan, gehiegizkoak iruditu daitezke, baina jakin badakigu errealidadea holakoa izan zala, sasoiko egunkarietan irakurri gendualako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu