Jon Villapun: 'Herritarrek 'Geuria' eurena sentidutea da gure asmoa'

Koldo Isusi Zuazo 2014-11-17 10:46   Barriketan

Geuriako koordinatzailea

Geuria, Hego Uribeko herri komunikabidea oraintsu sortu da Basauriko Udalaren babes eta diru-laguntzinoagaz. Euskera hutsean, papelezko hilebetekearia eta webgunea jarri ditue martxan eta dagoeneko bigarren alea irakurgai dago. Komunikabide barriko koordinatzaile Jon Villapunegaz egon gara eta zehaztasun guztiak emon deuskuz.


1.- Hego Uriben El Social, Berbaz, Bost axola eta Artandape aldizkariak ezagutzen genduzan eta orain, barriz, Geuria agertu da. Zergaitik? Eskualdearen egoerearen diagnostikoan zer nabarmendu zenduen?

Faltea, hutsune bat igarri genduan eskualde mailako eragile askok, euskaltzaleon eredu izateko eta barriak euskeraz landuko dituan komunikabide baten faltea, hain zuzen be. Prozesuari orain hiru bat urte ekin geuntson eta beraz, ondo hausnartutako kontua izan da.

Aitatu dozuzan aldizkariotatik, El Social, berbarako, gaztelaniaz baina euskeraz be argitaratzen zana, oso oker ez banago 30 urteko aldian egon zan kalean. Orain lau urte desagertu zan eta hor hutsune handia geratu zan Basaurin eta eskualdean. Orduan, hutsune hori betetako asmoz proposamen bat baino gehiago egin genduzan herrietako euskera aholku batzordeen bitartez eta jentearen oneretxia ikusita aurrera egin genduan.


2.- Eskualdea oso euskalduna izan ez arren, euskeraz argitaratzea erabagi dozue. Zein da Geuria irakurriko dauen lagunaren perfila? 

Bai. Hasierako proposamena ez zan izan euskerazko argitalpen bat egitea, hasierako eztabaidea izan zan argitalpenik egin behar zan ala ez, komunikabide bat abiarazo behar zan ala ez. Gure eskualdean sekula ez da egon proiektu sendorik euskeraz eta gure lehenengo helburua zan zeozer sendoa egitea, urteetan iraungo dauena. Zeozer martxan jarri eta hurrengo urtean ez aterateak ez dau ezertarako balio.

Guretzat euskerearen hautua sano inportantea zan, danon artean hartu genduan erabagia eta eskualde oso euskalduna izan ez arren, erabilerea gero eta handiagoa da eta hor prozesuan dagozanei balioko deutsen tresna bat jarri gura izan deutsegu. Irakurleak, beraz, eskoletako neska-mutilak, berbalagun taldeak, AEK eta Udal euskaltegietako erabiltzaileak eta eskualde mailan euskalgintzan eta kulturan dabilzan guztiak izatea espero dogu.


3.- Herritarren parte hartzeari berebiziko garrantzia emoten deutsazue baina zein da jokatzeko modua?

Parte hartzeko modu zuzena da hilero egingo dogun bilera edegia, hileko lehenengo astelehenean, 19:00retan, Basozelaiko Gizarte Etxean. Edozein hurreratu daiteke eta bere proposamena egin, zer eta zelan kontau gura dauen eta abar; bilerotan kazetariak be egongo dira eta barriak jasoteko konpromisoa dogu. Horrezaz gan, e-postaz be geugaz hartu-emonetan jarteko modua be badago edota gure idazgelara zuzenea etorrita. Askotariko eretxi eta ekarpenakaz produktu hobea, aberatsagoa eskaini gura dogu.
 
Oraingoz, aldizkaria oso zentralizauta dago eskualdeko herririk handiena dan Basaurin baina ganerako herrietako barriak be jasoten doguz. Oraingoz Basaurin gagoz eta ganerako herrietan zabaltze prozesuan gagoz.


4.- Webgunerako eta papelezko aldizkarirako edukiak zelan banatzen dozuez?

Danetara, 12 orrialde ditu hilabetekariak eta edukiak lau multzotan banatzen doguz: Herriak, Iritzia, Agenda eta Aisia. Oro har, gizartea, politikea eta holako barriak lantzeko agerkaria da. Orrialde gitxi dira eta gai larregi be ezin dogu jorratu. Edozelan be, diseinuari, etxureari aparteko garrantzia emoten deutsagu eta hemen oso ohikoak ez diran arren, portada ilustratuak be egiten doguz Dani Maizek sinatuta.

Ganerakoan, papelezko eduki guztiak webgunean be izango dira baina webguneko guztiak ez dira papelean sartzen eta beraz ez dira bertan egongo. Webgunean egunerokotasunari lekua egiteko ahaleginetan gabilz hori baita hasierako planteamendua baina badakigu oso gatxa dala hori, gure eskualdea oso handia da eta kazetari batek hori dana egitea sano gatxa da.


5.- Sareak ekarri dauen iraultza eta baliabideakaz, zergaitik erabagi dozue papelezko aldizkaria argitaratzea?

Gure eskualdean euskeraz berba egiten dabenak, asko nagusiak dira, nagusiak eta gazte-gazteak dira gure irakurleak eta, beraz, batez be helduak edo nagusiak gogoan, papelezko bersinoa be argitaratzea pentsau genduan. Karuagoa dalako, egungo jokerea papela kentzen joatea eta Interneten alde egitea bada be, badakigu Interneten hamar mila webgune dagozala informazinoa zabaltzeko eta papelak, barriz, zeozelan hurrekotasuna adierazoten dau eta esfortzu ekonomikoak merezidu dauela pentsetan dogu. Gaur egun be, papelean publikautakoak eta webgunean publikautakoak ez dabe balio bera.

Eskualde mailan papelean ateratea karua izan daiteke jente gitxirengana heltzen zarelako baina herri handietan prezioak behera egiten dau kopurua handiagoa izaten dalako; kasu horretan, hori gure alde egoan ze eskualde mailan 90.000 biztanle gara, horreetatik danak ez dabe euskeraz berba egiten baina pilotxua gara.  


6.- Hilebetekariaren 10.000 ale atera dozuez. Banaketea zelan egiten dozue? Basauri eta Galdakao lako herri handiek lehentasuna dabe?

Banaketa handiena Basaurin egiten dogu, Basauri da proiektua diruz laguntzen dauen udalerri bakarra nahiz eta Geuria eskualde mailakoa izan. Eskualde mailan zabaldu aurretik, aukerea egon zan udalerri honetan hasteko; normalean txikiak beti egoten dira handienaren zain eta handiak ekimenik ez badauka akabo.

Banaketea ez da postontzietan egiten, batez be, mundu guztiak ez dauelako euskeraz egiten gure eskualdean. Beraz, leku estrategikoetan aldizkariak ixten doguz, taberna, kultur etxeetan, anbulatorioetan, alkarteen egoitzetan eta abar. Ganera, herritarren batek etxean jaso gurako baleu postaz bialduko jako doban; horretarako info@geuria.net helbide elektronikora datuak bialtzea nahikoa izango da. Holako proiektu bati eustea ez da bape erraza eta herritarrei gitxieneko konpromisoa eskatzen deutsegu, aldizkaria eurena sentidutea da gure asmoa.



7.- Orain hilebete edo hasi zinien beharrean. Izan dozue aukerarik jentearen eretxia jasoteko?

Hiru hilebeteko tartea jarri dogu zentzunezko lehenengo balorazinoa egiteko. Badakigu proiektua edozein izanda bere, hasierako harrerea nahikoa ona izaten dala baina balorazino bat egiteko tarte zabalagoa kontuan hartzea da fidagarriena. Baina lehenengo pausuetan gustora gabilz, indartsu jaio da proiektua, kolaborazino piloa doguz eta hemetik aurrera eustea eta irautea da Ameba kultur alkartearen burukomina, horri aparteko garrantzia emoten deutsagu, irauteari, izan be, sarritan, hasierako indarrak oso azkar galtzen dira eta ez da egoten aurrera egiterik.

Kontuak kontu, 2015ean eskualde mailako banaketa handia egitea da gure asmoa eta ordurako euskaldunen datu base potoloa eskura izatea eta euren etxeetara bialtzea hilebetekaria. 


8.-   Basaurin jaio arren, eskualde izakerea dauka egitasmoak. Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri, Zaratamo eta Ugaoko barriak jasoten dozuez. Arrankudiaga eta Arakaldo bazterrean geratu dira?

Kasu batzuetan, Bizkaiko eskualdeak ez dagoz oso ondo zehaztuta, bateko Hego Uribe, besteko Nerbioi-Ibaizabal, bakotxak bere metodoak erabilten ditu eskualdeetan ze herri dagoan zehazteko baina gure ustez, Arrankudiaga eta Arakaldo Hego Uribe barruan egon arren, beste komunikabide baten, Aiaraldea izenekoan parte-hartzen dabe, han jorratzen ditue herri bi horreetako barriak. Saturazino arazorik izan ez daiten eta bestelako negoziazinorik edo traturik ez dagoan bitartean orain arteko moduan jarraituko dogu.


9.- Aurrera begira, aurrekontua osotzeko asmoz ba al daukazue asmorik eskualdeko ganerako udalerrietako ordezkariakaz berba egin eta proiektura erakarteko?

Gure asmoa da ganerako udalerrietan hemen Basaurin egin dan prozesua egitea. Holako proiektu bat mimo handiz landu behar da, jenteak ikusi behar dau hasieratik zelan egiten dan. Jenteak bere sentidu daian proiektua ezagutzera emotea, jenteagaz, alkarteakaz hartu-emonetan jartea nahitaezkoa da. Zeregin horretan hasita gagoz baina asko dago egiteko; Basaurin Aholku Batzordeagaz egindako lana urtebete baino gehiagokoa izan da eta ganerako herrietan be holako prozesu bat egitea beharrezkoa da.


10.- Basauri tartean dagoala, ganerako herriak arrotz sentiduteko arriskurik ez dozue igarri?

Bagenkian egoera hori sortuko zala baina udalerri guztietan izan dabe Geuria proiektuaren barri eta beraz, ez dot uste arrotz sentiduko ziranik. Hasieran esan genduan, aukera bi egozala: batetik, udalerri guztiak eskualde mailan adostasuna lortzea eta, bestetik, interesa daben udalerriakaz lan egitea. Bigarren aukera horri ekin geuntsan baina ez dogu inor baztertu. Udalerri guztien adostasuna lortzea ezinezkoa dala esango neuke tartean hirugarren eragile bat ez badago behintzat. Kontuan hartu udalerrien martxea oso motela izaten dala eskualde mailako proiektuak egiteko eta egia esan, sekula ez da egin holako komunikabide bat eskualde mailan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu