EAEko udalek euskerea sustatzeko eskumenak izango ditue lehenengo aldiz

Bizkaie! 2014-11-12 11:57   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzearen Gobernu Kontseiluak atzo (zemendiak 11) onartu dau Euskadiko Udal Legearen Proiektua eta, horrenbestez, lege proiektu horrek, lehenengo aldiz, euskerea sustatzeko eskumenak autortzen deutseez EAEko udalei. Lege horren bidez udalek euskerea sustatzeagaitik epaitegiakaz dituen buruhausteak desagertu egin daitekez.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek euskerearen erabilerea sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzeko legezko ahalmena izango dabe lehenengo aldiz Euskadiko Udal Legearen Proiektuaren bidez.

Euskadi barruko erakunde-sistemea zarratu ahal izango da horri esker, Gernikako Estatutua onartu eta 35 urtera. Testu horrek Tokiko Gobernuaren berezko eredua zehazten dau, Tokiko Autonomiaren Europako Gutunaren ildotik eta Espainiako gobernuak bere legeetan bultzatutakotik aldenduta.

Udal Legearen Proiektua testu integrala da, udal-autonomiaren funtsezko bi alderdi egituratzen baititu: eskumenak eta horreen finantzakeeta.  Holan, udal-erakundeek gauzatutako eskumenen eta zerbitzuen zerrenda zehatza emoten dau testuak eta, aldi berean, toki-erakundeen finantza-jasangarritasunaren berezko eredua be sortzen dau, udalek holakoak behar bezela erabiil leikiela bermatuta.

Era horretan, Euskadiko udalerriek eredu berezia izango dabe, eta horri esker Espainiako udalerriek baino autonomia handiagoa eta eskumen gehiago izango ditue.

Gaur egun EAEko udalek ez dabe eskumenik euskerea sustatzeko, Espainiako epaitegien ebatziz. Eskumen hutsune hori aprobetxauta, Carlos Urkijo Espainiako gobernuak EAEn dauen ordezakariak, azken bi urteotan, ehundik gora udal auzibidean jarri ditu edo jarteagaz mehatxatu ditu estaduko abokatuaren bidez. Baina hori guztia aldatu egingo da Eusko Jaurlaritzearen Gobernu Kontseiluak atzo (zemendiak 11) onartu ebalako Euskadiko Udal Legearen proiektua eta, horrenbestez, Eusko Legebitzarrak onartzeko bidean jarri eban lege proiektu hori. Hain zuzen be, lege proiektu horrek, lehenengo aldiz, euskerea sustatzeko eskumenak autortzen deutsez EAEko udalei. Lege horren bidez udalek euskerea sustatzeagaitik epaitegiakaz dituen buruhausteak desagertu egin daitekez.

Euskadiko Udal Legeak bere izatearen arrazoiak azaltzerakoan, euskerearen sustapenari jagokonez, holan dakar berbaz berba: Bistakoa da tokiko politikearen kalidade instituzionala hobetu beharra dagoala udal-gobernuek beren legebidezkotasuna indartu deien, zerbitzu-zorro iraunkor eta eragingarria garatuz. Izan be, udalak dira herritarrek arazoak konpontzeko joten daben lehendabiziko atea, eta udalen legitimazino instituzionalaren oinarria da, neurri handi batean, herritarren beharrei erantzun egokia emotea eta bizi-kalidade egokia eskaintzea, eskubide guztiak erabilteko aukerea bermatuta; horreen artean, gainera, hizkuntza-eskubideak, eta holan islatzen da legeak toki-harremanetan kultura- eta hizkuntza-eredu propio baten alde egin dauen aukera garbian be, apustu sendoa egiten dauelako euskerearen iraupen, finkapen eta garapenaren alde.

Lehenengo titulu honetan jasoten da, Legean leku berezia dauelarik, euskerearen erabilerea Euskal Autonomia Erkidegoaren tokiko administrazinoaren esparruan, Euskal Herriaren berezko hizkuntzea dan aldetik. Euskerea hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, beraz, baita bertako toki-erakundeetan be. Alde horretatik, jardueretan zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango da toki-erakunde horreetan, betibe herritarren hizkuntza-eskubideak errespetauta, eta erabilera normala eta orokorra izango dau bertan. Berariaz adierazoten da, gainera, euskeraz egin daitekezala egintza eta izapide danak. Horregaz bat, euskerearen erabilerea sustatzeko, planifiketako eta dinamizetako eskumenak autortzen jakez udalei, bai udal-zerbitzuen alorrean, bai familia inguruko eremu askotarikoetan be. Bide horretan, aukerea emoten jake udalei bitartekoak jarteko —baita bitarteko arauemoile eta ekonomia-finantzen alorrekoak be—, eta euskerearen eremuan beste erakunde batzuekaz lankidetzan edozelako formulak bilatzeko.

Legeak 37 eskumen propio autortzen deutseez EAEko udalerriei eta eskumen horreen artean 26.ak holan dakar: Euskerearen erabilerea sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzea.
 
Kontuak kontu, Testua Legebiltzarrera bialduko dau orain Jaurlaritzeak, taldeek eztabaidatu eta onartu deien; proiektua datozen udal-hauteskundeen aurretik behin betiko onartzeko interesa agertu deutse taldeei Jaurlaritzeak, EAEko alkateek eta hiru diputadu nagusiek 2015eko legegintzaldiari ekin daiotsen beharrezko esparru juridiko barri hau indarrean dagoala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu