'Euskal Herriko ibaiak' liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak
2014-11-06 14:14 Euskerea berbagaiLiburuak Euskal Herriko 414 ibai nagusiren izenak eta guztien erabilera egokia jasoten ditu. Onomastika gaiak jorratzen dituan Izenak bildumako laugarren zenbakia da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz argitaratu dau Akademiak.
Gaur, zemendiaren 6an, Euskaltzaindiak Euskal Herriko ibaiak / Ríos de Euskal Herria / Les cours d'eau du Pays Basque liburua aurkeztu dau. Liburuak Euskal Herriko 414 ibai nagusiren izenak eta guztien erabilera egokia jasoten ditu. Onomastika gaiak jorratzen dituan Izenak bildumako laugarren zenbakia da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz argitaratu dau Akademiak. Aurkezpena honako honeek egin dabe: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendari nagusiak; eta argitalpenaren paratzaileek (Andres Iñigo Onomastika batzordeburu ohiak eta Patxi Galé Onomastika batzordeko kideak).
Euskal Herriko ibaiak Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak paratutako lana da, eta Osoko bilkuraren onespenagaz batera, arau izaerea emon jakon, 2011ko urrian: Akademiaren 166. araua da. Galék jakinarazo dauenez, ordutik hona zuzenketaren bat edo beste egin da: Bitarte honetan eta arauaren zabalkundeari esker, zenbait ohar heldu da erabiltzaile estrategiko batzuekandik eta, Onomastika batzordean beharrezko egiaztapenak egin ondoren, jagokezan zuzenketak eroan dira Osoko bilkurara be. Azken zuzenketak aurtengo iraileko Osoko bilkuran onartu ziran eta dagoeneko liburuan jasota dagoz. Eskertzekoa da Akademiaren lana hobetze alderako lankidetza hori, toponimoen normalizazinoa gero eta finago egin daiten oso lagungarria dalako.
Ibaien izenek uste baino presentzia handiagoa dabe gure artean, baina ez dira beti behar bezela idazten edo erabilten. Beraz, Andres Iñigok esan dauen lez, gaiak erabilera praktikoan dauen interesa kontuan izanik -irakaskuntzan, argitalpenetan, esatarien lanetan, hedabideetan, administrazinoen zereginetan eta bestelako alorretan- orain liburuki berezi batean argitaratu da. Liburuak batzen dituen testuak, zerrendak eta mapak euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez emon dira.
Ibaiak bederatzi zerrenda nahiz mapatan sailkatu dira, bederatzi alderdi hidrografikori jagokozanak. Holan, zerrenda alfabetikoaz gan, aitatutako sailkapen hori eta zerrenda bakotxari jagokon mapa eskematikoa be eskaintzen dira liburuan. Antolatzeko erispidea geografikoa izan da gehienbat, ahal izan dan neurrian arrazoibide politiko-administratiboak baztertuta.
Honako honeek dira sailkapeneko zerrendak eta mapak:
1. Bizkaiko kostaldean itsasoratzen diran ibaiak (danera 38).
2. Gipuzkoako kostaldean itsasoratzen diranak (59 ibai).
3. Lapurdiko kostaldean itsasoratzen diranak (91 ibai).
4. Logroño baino gorago Ebrora isuria daben ibaiak (40).
5. Logroñotik behera Ebrora isuria daben ibaiak Egaraino (36).
6. Aragoi ibaiaren goiko arroa Onsellaraino (45 ibai).
7. Aragoi ibaiaren beheko arroa, Arga izan ezik (36 ibai).
8. Arga ibaiaren arroa (56 ibai).
9. Aragoi ibaia baino beherago Ebrora isuria dabenak (13 ibai).
Ibaien izenak hiru modutara erakusten dira: lehenik lerrokada alfabetikoa emonik, aldi berean sinonimoak eta beste hizkuntzetako ordainak be erakutsiz; bigarrenik aitatutako bederatzi eremuetako zerrenda hierarkikoak, zeozelan kokapena eta garrantzia aditzera emoten dabenak; eta, azkenik, zerrenda hierarkikoei jagokezan mapa eskematikoak, kokapen aldetik egon leitekezan zalantzak argitzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!