Gauzak aldatzeko gogoz dator Itziarren Semeak taldea, 'Revolta' diskoagaz
2014-10-21 14:51 MusikeaBetiko legez, ska eta punk doinuak topauko doguz Itziarren Semeak taldearen laugarren lan honetan. Euren hasierako oinarrietara bueltau dira Revolta diskoagaz eta, era berean, euskal doinu tradizionalak eta Europako hegoalde eta ekialdeko ikutuak sartu ditue.
Betiko legez, ska eta punk doinuak topauko doguz Itziarren Semeak taldearen laugarren lan honetan. Euren hasierako oinarrietara bueltau dira Revolta diskoagaz eta, era berean, euskal doinu tradizionalak eta Europako hegoalde eta ekialdeko ikutuak sartu ditue. Orain arteko diskorik onena dala dinoe taldekideek. Revolta izenburutik bertatik hasita, gauzak aldatzeko asmoa dakarre oraingoan.
Aldaketak egon dira Itziarren Semeaken aurreko diskotik hona. Taldekide batzuek proiektua itxi dabe eta bateria jole barria daukie, Alain Egiguren. Ibon Altuna abeslariak azaldu dauenez, geure sustraietara bueltau gara, gure ohiko doinuetan sakondu dogu. Beraz, ska eta punk doinuak dira nagusi Revolta diskoko hamaika kantuetan. Ganera, euskal doinu tradizionalen ikutuak topauko doguz abesti batzuetan, esate baterako, Ruper Ordorikaren kanta baten moldaketan. Maskaradaren doinuak agiri dira beste pieza batzuetan. Bestetik, Europa ekialdeko eta Mediterraneo aldeko estilora gehiago jo dabe oraingoan, konponketak egiteko orduan.
Orain arte egin dogun diskorik onena, landuena da hau, ziurtatu dau Ibon Altunak. Izan be, 2010ean lehenengo diskoa kaleratu ebenetik, urtero bat argitaratu dabe Itziarren Semeakekoek. Honegaz, barriz, pare bat urte itxaron dabe, gehiago jagon ditue detaileak; Zorrotzago ibili gara, kantu batzuk ez doguz diskoan sartu ez ebela funtzionauko pentsau dogulako. Bestetik, goi mailako kalidadea lortzeko asmoz Kaki Arkarazoren produkzinoa nabarmendu behar da.
Revolta izenburua, Lluis Llachen abesti batetik hartu dabe. Injustiziaren aurrean altzetea, kontzientzietan eragitea, horixe euren iraultzearen helburua. Badagoz kanta bi, oso politikoak, adierazo dau Ibon Altunak. Todo es ETA (Evaristoren kolaborazino eta guzti) eta Revolta dira. Ganera, euskal mitologiari eta akelarreei erreferentziak egiten deutseguz, Orreagako bataileari be bai, euskal piratei.... Kolaborazino ugari be euki ditue: Goseko Ines Osinaga, La Jodederako Mandy, Skakeitaneko Olatz Salvador eta abar. Diskoaren azala Jose Ordorikaren koadro baten oinarrituta dago. Koadroa ikusi genduanean, pentsau genduan gure ideiakaz bat etorrela. Holan, azal benetan koloretsua dakar Revolta diskoak.
Abenduan Euskal Herriko bazter guztietan ibiliko da Itziarren Semeak, disko barria aurkezten. Aurretik, baina, zemendian Hego Amerikara joango dira, Txile eta Argentinara. Zortzi kontzertu emongo ditue han. Manex Altuna gitarrajoleak azaldu dauenez, Espias Secretos ska talderen bidez lortu genduan han hiru kontzertu emotea eta, behin Hego Amerikaraino joanda, guk geuk emonaldi gehiago lotu genduzan. Zemendiaren 6an, Buenos Aireseko areto baten joko dabe eta, biharamunean, Santa Fen. Hilaren 8an, La Platako Euskal Etxeak urtero egiten dauen jaian egongo dira. Buenos Airesen barriro eta Patagoniako Viedman izango dira gero. Amaitzeko, Txilen eta Argentinan, Sudaska jaialdian parte hartuko dabe, hiru emonaldi izango dira beste horrenbeste lekutan. Behin etxera bueltan, zemendiaren 22an entzun ahal izango dogu Itziarren Semeak Andoainen eta, hortik aurrera, Donostian, Gasteizen, Hazparnen eta Bilbon. Durangoko Azokan, Ahotsenea gunean be izango dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!