Marta Cardenas: 'Ez dauka bizitza bera eskuz egindako irudiak edo ordenagailuan egindakoak'
2014-10-20 11:34 BarriketanDurangoko Azokako kartelaren egilea
Durangoko Azokea gero eta hurrago dago, datak zehaztuta dagoz -abenduaren 5etik 8ra-, egitaraua ia osotuta dago, eta aurtengo kartela aurkeztu barri dabe, Marta Cardenas (Donostia, 1944) artisteak egindako irudi koloretsua. Kartelaren argitasuna, kolorea eta distirea nabarmentzen ditu Cardenasek. Ibilbide luzeko margolaria da, bere lanak, besteak beste, Madrileko Reina Sofian, Bilboko Arte Eder museoan, Madrileko Moncloa jauregian edota BBKren Bilduman dagoz. Ez da hau bere lehenengo kartela, Donostiako Musika Hamabostaldikoa egin eban, orain hamar bat urte.
1.- Zelan sortu zen idea, Durangoko Azokaren kartela egitearena?
Lagun bat daukat Durangoko Azokan, eta harek deitu eta proponidu eustan aurtengo kartela egitea.
2.- Eta holan hasi zinan lanean...
Bai, lehenengo eta behin kartel batek izan behar dituan ezaugarriak kontuan hartu behar izan nituan, besteak beste, urrunetik ondo ikustea. Hori lortzeko argilun sistema bat erabili dot, argi asko eta iluntasun asko, baltza eta horia. Ez neban nahi, beste barik, atzeko aldea beilegia izatea, horregaitik turkesa kolorea ipini neutsan argi berezi bat emoten deutsalako. Modu horretan, baltza oso deigarri ikusten da, atzeko dar-dar dagoalako turkesea eta horiagaz. Horrezaz gan, baltzak kolore morea dauka inguruan, baltza leunagoa izan daiten.
3.- Prozesu luzea eta gatxa izan da, ala erraza?
Prozesu geldoak izaten dira, alderdi asko izan behar diralako kontuan. Alde batetik, testua bera dago, eta beste alde batetik, kolorea dago, eta osogaiak. Baina, beti dagoz arazo teknikoak dana gatxago egiten dabenak. Offsetean egiten dan lana da, baina hori ez da modu berean lan egiten ordenagailu aurrean zagozanean edo inprimategian. Ordenagailuan argi asko euki leike, baina inprimategian lan egiteko moldatzen danean indarra galtzen dau. Hori ez da nik egiten dodan lana, nik irudia egin eta grafista bati emoten deutsat, egokitzapena egiteko. Hori zan nire idea, baina baliabiderik ez dagoala esan eustien. Orduan, prozesua asko-asko sinplifikau behar izan neban, nik neuk dana egin ahal izateko.
Material guzti hori papelen ganean pintauta dago, eskuz, irudi analogikoak dira, ez dagoz ordenagailuan eginda. Hori oso garrantzitsua da. Ez dauka bizitza bera eskuz egindako irudiak edo ordenagailuan egindakoak. Pintzel birtualak ezin dau egin fisikoak egiten dauena. Niri papel ganean pintetea gustetan jat.
4.- Beraz, artisau-lana izan da, ezta?
Bai, holan da. Ordenagailuan amaitu behar izan neban, gero inprimiduteko balio ahal izateko.
5.- Enkargu honetan baldintzaren bat ipini deutsue kartelaren itxurea edo koloreari jagokonez, ala askatasun osoz jardun dozu?
Ez, ez neukan ezelako baldintzarik. Baina, baneukan kartelak berez daukan baldintzea, offsetean egin beharra. Ez da perfektua, berbarako, laranja koloreak oso txarto egiten ditu, urdin iluna be nahiko txarto, moreak be... Horrek guztiak mugatu egiten dau nire lana.
6.- Azkenean, gustura emoitzeagaz?
Nik oraindino ez dot kartela papelean ikusi. Azokakoei papelean bialtzeko eskatu behar deutsiet, ikusi nahi dot, ia zelan geratu dan jakiteko. Papelezkoa eskuetan daukadanean, orduan esan ahal izango dot gustura geratu nazan ala ez.
7.- Izan zara inoz Durangoko Azokan?
Bai, bai, orain urte asko egonda nago, euskeraz ikasten ibili nintzan sasoian. Madrilen bizi naz, eta ez dot barriro joateko aukerarik izan. Azokearen garrantziaren barri badaukat, euskera idatziak behar dau, eta badauka, gero eta bizi gehiago. Publizidade euskarri bat behar dau, idazleak, profesionalak garrantzi hori agirian ixteko.
8.- Aurten etorteko asmorik badaukazu?
Ez, ezin dot, lana daukat. Erakusketa bat prestetan nabil. Estudioan sartu, eta pintau egin behar dot, hori besterik ez. Haria galtzea oso txarra da, horregaitik ez dot nahi lana eten. Azokara etorri ezkero, lana bertan behera itxi, eta barriro hasi beharko neuke. Pintura bakotxak hurrengoa dakar, hori zoragarria da, hori jazoten danean pintura onak egin daitekez. Baina, gauza bat pintetan hasi, beste gauza bat egitera joan astebeterako, eta atzera bueltan zagozanean, harek koadroak ez dau hurrengoa ekarriko. Arteak arreta handia eskatzen dau. Lanak kalidadea, batasuna, sustantzia, indarra eta edertasuna izan behar ditu.
9.- Erakusketa hori laster ikusiko dogu?
2016an izango da, Donostian. Areto handi eta garrantzitsu baten izango da, baina ezin neike gehiago aurreratu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!