Lasa eta Zabala
2014-10-17 11:15 Zinema kritikakBiribila ez baina bai film duin eta on baten aurrean gagozala uste dot. Ez da kasualidadea Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialerako hautatu izana. Arrisku handia ekarren istorio hau pantailaratzeak eta arrisku edo zailtasun horreetako gehienak gainditu egin ditu. Jazoera horreen gehiegikeria, basatikeria eta bildur-ikarea islatzen dau, baina, aldi berean, arnasa hartzeko esparruak eskaintzen ditu.
- Zuzendaria: Pablo Malo.
- Gidoilaria: Joanes Urkixo
- Musika: Pascal Gaigne.
- Argazkia: Aitor Mantxola.
- Interpreteak: Unax Ugalde, Francesc Orella, Oriol Vila, Jon Anza, Cristian Merchan, Ricard Sales, Javier Mora, Iñaki Ardanaz.
- Produktoreak: Abra Produkzioak.
- Iraupena: 107 min.
- Herrialdea: Euskal Herria.
- Generoa: Benetako jazoeretan oinarritutako dramea.
Oso gatxa da distantziagaz ikustea edota baloretea pelikula hau, izan be, urte batzuk daukaguzanok oraindino gogoan doguz Lasaren eta Zabalaren senide eta lagunen mina eta desesperazinoa, hedabide eta klase politikoaren ardurabakokeria, epaiketa luze eta esperpentikoa eta, azkenean, errudun guztien kaleratzea. Pantailan pausuz pausu drama hori birbiziteak sutu edo haserratu egiten zaitu eta egile taldea txalotu eta eskertzeko gogoa emoten dau, ha dana ez ahaztuten lagundu dabelako.
Hau esanda, biribila ez baina bai film duin eta on baten aurrean gagozala uste dot. Ez da kasualidadea Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialerako hautatu izana. Izan be, arrisku handia ekarren istorio hau pantailaratzeak eta arrisku edo zailtasun horreetako gehienak gainditu egin ditu. Jazoera horreen gehiegikeria, basatikeria eta bildur-ikarea islatzen dau, baina, aldi berean, arnasa hartzeko esparruak eskaintzen ditu. Torturak eta hilketak bikain filmauta dagoz eta begiradea beste nonbaitera zuzentzeko gogoa be emoten dau. Ondoan, epai prozesua thriller bat lez jarraitzen da.
Iñigo Iruinen ikuspuntutik dago kontauta (nahiko zuzen dago Unax Ugalde papel horretan) eta bere pentsamenduak berbaz adierazoteko personaia bat asmau dabe: abokaturaren laguntzailarena. Eta hemen nire kritikea: asmakizun horrek ez deutso mesederik egiten filmari. Izan be, personaia hori eta horri jazoetn jakona da filman benetakoa ez dan bakarra. Eta errealidadeari hain atxikituta dagoan istorio batean, benetazkoa ez dan jazoera bat sartzeak nahasmendua sortzen dau eta orokortasunari sinisgarritasuna kendu leikio.
Bestalde, karakterizazino guztiak primeran dagoz, batez be goardia zibilen kasuetan. Espainar zinema-kritikalari batzuei sinisgatxak begitandu jakez, baina, zoritxarrez, holakoak edota esperpentikoagoak izan ziran.
Lasa eta Zabala filmaren trailerra ikusteko klik egin hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!