Eusko Jaurlaritzeak Euskerearen Agenda Estrategikoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2014-10-15 10:38   Euskerea berbagai

Legealdiaren hasieran, Jaurlaritzeak legealdi honetarako (2013-2016) 14 Plan Estrategiko egingo zituala iragarri eban. Horreetako bat da, hain zuzen be, Euskerearen Agenda Estrategikoa. Jaurlaritzea legealdi honetan euskerea bizibarritzearen alde egiten dagoan eta egingo dituan ekintza eta jarduera nagusiak jasoten ditu Agendeak, hain zuzen.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Euskerearen Agenda Estrategikoa aurkeztu dabe Legebiltzarrean.

Legealdiaren hasieran, Jaurlaritzeak legealdi honetarako (2013-2016) 14 Plan Estrategiko egingo zituala iragarri eban. Horreetako bat da, hain zuzen be, Euskerearen Agenda Estrategikoa. Jaurlaritzea legealdi honetan euskerea bizibarritzearen alde egiten dagoan eta egingo dituan ekintza eta jarduera nagusiak jasoten ditu Agendeak, hain zuzen. Agendea betetea Jaurlaritza osoaren erantzukizuna da, Jaurlaritzearen sail guztiena.

Agendaren zifra nagusiei jagokenez, 13 lan-ildo, 34 ekimen eta 168 ekintza zehaztu dira.

Cristina Uriartek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, hartu dau berbea lehenengo: Pozgarria da guretzat dokumentu garrantzitsu hau zuen aurrean aurkeztea. Alde batetik, euskerearen sustapenari bultzadea barritu bat emotera datorrelako. Beste alde batetik, argi erakusten dauelako Gobernu honek euskereagaz dauen konpromisoa.

Euskerea bizibarritzen jarraitzeko, nahitaezkoa da danon lana, danon ekarpena. Guztion arteko alkarlana. Eta gaur hemen aurkezten doguna horretarako beste tresna bat da: Euskerearen Agenda Estrategikoa
, gehitu dau sailburuak.

Euskerearen Agenda Estrategikoaren marko nagusia 'Euskerea 21. Itun barritu baterantz' dokumentua da. Dokumentu horrek XXI. mende hasierako hizkuntza politikearen oinarriak jaso zituan. Agendeak badauka beste oinarri bat be. Euskerearen Aholku Batzordeak 2012an egin eta onartu eban Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP). Aurrekari horreetatik dator Euskerearen Agenda Estrategikoa. Ez gara hutsetik hasi, azaldu dau Uriartek. AzkenikCristina Uriarte Sailburuak esan dau euskerea bizibarritzeko lanean be danok garela beharrezkoak.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea dan Patxi Baztarrikak esan dauenez: euskal gizarteak, joandako hiru hamarkadotan, argi eta garbi erakutsi dau gizarte elebiduna izan nahi dauela. Herritar asko eta asko dira, gero eta gehiago, euskeraz -edo euskeraz be- bizi nahi dabenak. Gero eta gehiago dira aukera bardintasuna hizkuntzan be eskatzen dabenak.

Baztarrikak datu honeek eskaini ditu prentsaurrekoan: Asko aurreratu dogu euskerearen egoeran. Ezagutzeari jagokonez, euskerea dakitenen kopurua etenbarik doa hazten. EAEn, 5 urtetik gorako biztanleen % 36,4 elebiduna da, eta % 19,3 elebidun hartzailea. Azken 30 urteotan oso gitxi hazi da biztanle kopurua, ia bape ez: orain 30 urte baino 38.000 biztanle gehiago ditu gaur EAEk, besterik ez. Baina orain 30 urte baino 318.000 hiztun gehiago ditu euskereak gaur, eta 400.000 erdaldun elebakar gitxiago. Gaur egun 25 urtetik beherako gazteen artean lautik hiru euskaldunak dira, eta orain 30 urte bostetik bat besterik ez ziran.

Erabilerea be handitu egin da; EAEn gero eta gehiago dira euskera erabilten daben personak. Biztanleen % 20k euskerea gaztelania beste edo gehiago erabilten dau, eta beste % 8,9k be erabilten dau euskerea, nahiz eta gaztelania baino gitxiago. Gazteen artean eta eremu formaletan (zerbitzu publikoetan) igon da batez be eta oso nabarmen erabilerea. Ahulago dabil esparru ez formaletan
, gehitu dau sailburuordeak.

Irakaskuntza elebakar erdaldunetik irakaskuntza elebidunera igaro gara, eta euskerazko irakaskuntzea da hezkuntza ez unibersitario osoan proportzinorik altuena dauena. DBHko ikasleen 10etik ia 9k, gurasoen erabagiz, euskeraz egiten ditue ikasketak, osorik edo zatika, azaldu dau.

Aurrerantz egin dogu 30 urteotan. Baina bidea ez da amaitu. Asko indartu da euskerea, baina nahi baino ahulago dago. Orain, gure eta ondorengo belaunaldien erronkea da euskerearen jarraipena eta garapena bermatzea; euskerearen hazkunde iraunkor bat bermatzea. Agenda Estrategikoaren leloak dinoan lez, bizikidetzarako hizkuntza bizia izatea baita euskerearentzako nahi dogun etorkizuna, adierazo dau sailburuordeak.

Izan be, bi hizkuntzak doguz ofizialak, bardintasun formalean bizi dira alkarren ondoan, baina ez dagoz inondik inora be bardintasun egoeran gizartean. Horregaitik, euskereen normalizazinoaren aldeko sustapen lana hizkuntzen alkarbizitzearen aldeko lana da, eta baita bizikidetza sozialaren aldekoa be. Euskal gizartearen kohesinoa sendotzen dau, aitatu dau Baztarrikak.

Sailburuordeak honako hau be ekarri dau gogora: Joan dan astean Europako Kontseiluaren ordezkaritza bat izan da Espainiako Estaduan Hizkuntza Gitxituen Europako Itunaren betete mailea aztertzera etorrita. Europako Kontseiluaren Adituen Batzordeko buruak, Gabor Kardos jaunak, astelehenean jentaurrean adierazo eban argi dagoala euskerearen kasuan luzera begirako politika bat egin dala, eta emoitza garrantzitsuak izan dituala.

Bat gatoz Kardos jaunagaz, eta uste dogu politika horrek jarraipena behar dauela, jarraipen eraginkorra eta eguneratua. Etorkizuna, ostera, ez dago ez erabagita, ez bermatuta. Egunero eregiten da etorkizuna, gehitu dau.

Hizkuntza politika iraunkorra eta eraginkorra garatzea da Jaurlaritzearen konpromisoa, eta Agenda Estrategikoa horretarakoxe tresna integrala da. Hizkuntza politika horrek dituan helburuak eta printzipioak dira Agendak berak dituanak be: helburua da euskerearen erabilerea normalizetan jarraitzea, hemengo bi hizkuntza ofizialen arteko aukera-bardintasuna eta herritar guztien hizkuntza askatasuna bermatzera gerturatzeko bidea egiten jarraitzea; eta printzipioak dira, Euskerearen Legean eta Eremu Urriko Europako Hizkuntzen Itunaren 7. artikuluan jasoten dan hizkuntza ahulenaren aldeko ekintza positiboa, progresibidadea eta adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena, azaldu dau.

Amaitzeko, Baztarrikak honako hau esan dau: Euskerearen Agenda Estrategiko honen eta, oro har, hizkuntza politikearen ildo eta esparru guztietan, administrazinoaren eta gizartearen arteko alkarlana bilatu eta sustatzen jarraituko dau Eusko Jaurlaritzeak, euskalgintza instituzionalaren eta euskalgintza sozialaren arteko sinergiak sendotzeko eta indarrak bateratzeko. Danok gara beharrezko, danok daukagu danon beharra eraginkorrak izango bagara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu