Joanes Igeregi Santamaria: 'Hizkuntza indigenek, ofizialak izan arren, ez daukie ezelango babesik'.

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2014-09-29 11:27   Barriketan
Bertsolaria eta Garabideko kooperantea

Ez deutsuet esango Joanes Igeregi Santamaria (1985) nongoa dan: Erandion, Gatikan edo Sopelan bizi izan dala, bai. Aspaldian lekutako puntan egon dan arren, ez deutsuet esango adinon ibili danik, patxadaz eta bere burua non dagoala ederto dakiela baino. Izan be, gauza handirik ez deutsuet esango gaur, Joanesek berak eta bere berbakaz bestela kontauko deuskulako urteotan bizi izan dauena.

Joanes Igeregik Humanidade-Enpresa ikasketak egin zituan Eskoriatzan eta karrerako azken urtean hasi zan Garabide alkartea ezagutzen irakasle bati eskerrak. Horrexek eroan eban urte bi beranduago hiru urterako Guatemalaraino. Danon artean bertsolari ezaguna; zortzi urtegaz jakin eban lehenengoz bertsoa zer dan. Bizkorra eta idea argikoa; aiko hemen bere ofizio bat: nire eretxian, sano ona.

Kasualidadez topau neban Joanes Donostian uda partean; bigarrenez be bai Bilbon antxina barik eta bere joan-etorriak entzun ostean, derrigor konbidau behar neban Bizkaie!-ra. Kopla barik gustura etorri da geurera; gu zatia gusturago gagoz. Erretratuan zapak ebagi barik eta Iztacihuatl mendiko puntan daukagu Joanes, Mexikon, 5.286 metrotan. Alkarrizketa hau leiduten dozuenerako Guatemalan egongo da ailegau barri, hile terdirako eta bertako lagunak bisitetako gogoagaz; hementxe daukazue zergaitia:


1.- Nondik nora eta zertan ibili zara urteotan?

Urtebete da Euskal Herrira bueltau nintzanetik, baina aurretik ia hiru urte pasa nituan Guatemalan, Garabide alkartearen bitartez kooperante lanetan. Garabide alkarteak kooperazino linguistikoa egiten dau, azkenengo hamarkadetan euskerearen berreskurapen-esperientziatik ateratako irakaspenak beste herri batzuetako alkarteakaz partekatuz. Urtero herri indigena desbardinetako alkarteen arteko topaketak antolatzen ditu Eskoriatzan, batak besteakandik ikasteko asmoz. Honeen artean, Guatemalako maiak urtero etorri izan dira.

Guatemalan maia jatorriko hogeita bi hizkuntza dagoz ofizialki onartuta gaur egun, nahiz eta hizkuntzalari batzuen ustez hizkuntza honeetako batzuk alkarren aldaerak izan. Ni kaqchikel izeneko hizkuntza egiten dan inguruan egon nintzan, lehen hezkuntzako eskola batzukaz lanean. Eskola honeek bakotxa bere aldetik hareen hizkuntzea eta kulturea barriro eskuratzeko ahalegina egiten ebilzan, baina helburu bera daukiela ikusita, azkenengo urteetan alkarlanean dabilz hezkuntza-materialak sortzen, irakasleak formetan, jaialdiak antolatzen eta abar.


2.- Zer dala eta hartu zenduan joateko erabagia?

2006an unibersidadeko praktikak Venezuelan egiteko aukerea euki neban, eta ia hiru hilabete pasau nituan bertan. Ordutik, argi neukan nozonoz kanpora joan behar nebala barriro be. Bi urte geroago, Garabide alkarteagaz harremanetan hasi nintzan, eta, beste ekintza batzuen artean, antolatzen dituan truke-programetan parte hartzen hasi nintzan. Kanpora urten barik beste herri batzuk ezagutzeko modu onenetakoa izan da.

2010ean, unibersidadea amaituta eta ganorazko lan bat topetako itxaropen handi barik, Garabideko lagun bati esan neutsan edonora joateko prest nengoala, kanpoan edozein proiektu euki ezkero. Kaqchikelekin proiektu interesgarri bat eukiela eta bertan baten bat izatea ondo etorriko litxakiela esan eustan berak. Jaurlaritzeak gazte kooperanteentzako emoten dauen diru laguntza bat lortu genduan, eta birritan pentsau barik, hara joan nintzan bi urte pasetako gogoagaz.


3.- Zelangoa da bertako bizimodua? Eta etorkizuna?

Bizimodua oso desbardina da, zentzu askotan. Hango persona gehienak, batez be, indigenak, nekazariak dira; gehienak gazte-gazterik hasten dira lanean; hemen baino askoz astiroago bizi dira; ordutegia eguzkiaren arabera moldatzen dabe; hemen guretzat oinarrizkoak diran gauza asko ez ditue ezagutu be egiten... Esate baterako, lagun bat daukat hogei urte bete arte ez ekiana azazkalak ebateko tresna bereziak existiduten ziranik. Berak etxeko buztinezko hormea erabili dau beti lima legez.

Hizkuntzei jagokenez, hizkuntza indigena gehienak galbidean dagoz. Ofizialak izan arren, ez daukie ezelango babesik: eskoletan astean ordu pare batez baino ez dira irakasten; erradio gitxi batzuk kenduta, ez daukie komunikabiderik; eta, leku askotan familiako transmisinoak erabateko etena euki dau azken belaunaldietan. Badagoz egoera horri bueltea emon guran dabilzan alkarteak, baina oso bide luzea daukie aurretik.


4.- Zer falta da hemen han daukienetik?

Alde batetik, familiak hareen bizitzan daukan garrantzia aitatuko neuke. Bakotasun materialei familia barruko alkartasunaren bitartez egiten deutsie aurre neurri handi baten.

Beste alde batetik, hemen pasetan ez dan moduan, nahikotasuna zer dan dakiela esango neuke, nekazari-inguruetan, batez be. Badakie zeintzuk diran biziteko behar-beharrezkoak diran gauzak, eta askok ez daukie beste ezeren beharrik. Zoritxarrez gero eta gehiago dira gure eredua segidu eta gero eta konsumo handiagoa topetan dabenak, gazteen artean batez be.

Horregaz batera, lehenago esan dodan moduan, han astiroago bizi dira, eta pentsetan dot horretan be badaukagula zer ikasi. Arinegi bizi garela esango neuke, eta presa artean, denporea irabazi gura horretan, arnasea hartu eta momentua gozetea ahaztuten jakula.


5.- Eta han hemen dagoanetik?

Herrialdearen ikuspegitik, goserik ez pasetako segurtasuna, osasun eta hezkuntza zerbitzu duinak, eta biolentziarik ez egotea iruditzen jataz garrantzitsuenak. Ameriketan elikadura-arazo gehien daukan herrialdeetako bat da Guatemala, eta hezkuntza- eta osasun-adierazle txarrenak dituanetakoa be bai. Ganera, hilketa-tasa izugarria dauka, neurri handi baten hogeita hamasei urte iraun eban gerra baten eta herritar askoren bakotasunen ondorioz.

Modu personalagoan, bertso-eskola eta gabaz kalera lasai atera ahal izatea euki dodaz faltan gehienbat han egon nazenean.


6.- Akorduan daukazun aparteko istorioren bat...

Baten Guatemalako sumendi altuena (Tajumulco, 4.220 m.) igoten joan nintzan lagun bategaz, eta geugaz lagunak ezagutu barri zituan mutil bi etorri ziran. Horreetako bat itsua zan, eta motxilero ebilen Ameriketan bere txakurragaz. Bera izan zan igoera osoan zehar bidea zabaldu ebana. Bide erdian sekulako zaparradea hasi zan, eta kobazulo baten ezkutatu behar izan genduan. Azkenean zakuak atera eta bertan egin genduan lo; han besteok ginan itsuak. Hurrengo egunean tontorrera igon eta arazorik barik bajau ginan bueltan.


7.- Ameriketatik mobiduteko aukerarik euki dozu?

Bai. Turista-bisadua euki dot eta, horregaitik, sei hilebeterik baten Mexikora joan behar izaten neban, herrialdetik atera eta beste sei hilebeteko bisadua eukiteko. Bidaia horreetan Chiapasera joan nintzan birritan, eta Yucatanera beste baten.

2012ko abenduan, barriz, Guatemalako lana akabautakoan, Mexikoko Puebla estadura joan nintzan Garabideren enkarguz aste bat pasetan, Cuetzalan herriko nahuatl eta totonacoak batzen dituan alkarte bat ezagutzen. Egin beharrekoak eginda, hegoalderantza jo neban apurka-apurka autobusez: Mexiko hegoaldea, Guatemala, Salvador, Honduras, Nicaragua, Costa Rica, Panama, Kolonbia, Peru iparraldeko zati txiki bat eta Ekuador zeharkatu nituan bost-sei hilebetez. Ondoren, Guatemalara bueltau nintzan, Euskal Herrira etorri aurretik hilebete batzuk bertan pasetako.


8.- Noz arte zoaz oraingoan? Barruan zagoz Txapelketan eta ezin kantau... Zelan edo halan segiduko dozu Bizkaiko Bertsolari Txapelketea?

Oraingoan hilebete eta erdirako noa, justu txapelketako bost kanporaketak galtzeko beste. Penea emon deust uko egin behar izateak, baina pozik nago nire ordez bertso-eskolako kide eta lagun on batek kantau behar dauelako (egurre, Josu!). Han nagoala, saioetako sailkapenak ikusiko dodaz segurutik, eta bueltan finalerdiak eta finala ikusteko moduan egongo naz.


9.- Han zagozala be egin al dozu bertsotan? Zelan sentidu zara Eskualdekoan?

Guatemalan ez dago bertso-eskolarik, eta ez da erraza bertso-kide bat topetea, baina bertso-saio bat egiteko aukerea euki neban baten. Aretxabaletako lagun bertsozale bat bisitan joan zan, eta gau baten Panajachel izeneneko herri baten bertso-poteoan akabau genduan. Tabernak eta gure bertso-jarioa itxi ondoren, ganera, hango unibersidadeko ikasle batzuek hartuta eukien aterpetxe baten akabau genduan, after-a zalakoan.

Baina hona bueltautakoan oso gustura sentidu naz bertsotan, gogotsu hartu dot hiru urteko etenaren ostean. Eskualdekoan be gustura ibili nintzan, pentsau baino askoz freskoago. Amesetan egingo neban bertsotan...


- Egindako bidaia bat: Oraingoz, DFtik (Mexiko) Guayaquilera (Ekuador) egindakoa. Etorriko dira gehiago.

- Egiteko bidaia bat:
Asia ekialdea gustura ezagutuko neuke.

- Biziteko leku bat: Atitlan, lakuaren inguruko edozein herrixka, Guatemalan.

- Hobby bat:
Mendia.

- Mania bat:
Lana azken ordurako ixtea.

- Kanta bat:
Gure bazterrak (Mikel Laboa).

- Pelikula bat:
Pulp Fiction.

- Liburu bat:
Estepako otsoa / Der Steppenwolf (Herman Hess).

- Jateko bat:
Gaztaia.

- Bertsolari bat:
Andoni Egaña (ez naz originala izango).

- Bertsokide bat: Ajuria tabernan batzen garanetako edozein.

- Aurtengo Bizkaiko txapelduna: Gure eskolako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu