Jantza tradizionala unibersidadera helduko da, Aiko taldeari esker
2014-09-22 15:19 KultureaDantzaldi Ibiltariaren egitaraua bueltan da ikasturte honetan. Durangon ez eze, Bilbon eta Ondarroan be hileroko erromeriak antolatzen hasiko dira. Ganera, Euskal Herriko Unibersidadeko Irakasle Eskoleak akordioa egin dau Aikogaz eta, holan, gradu horretako ikasleek jantzeari buruzko mintegi baten parte hartzeko aukerea izango dabe, maisu-maistra bihurtzeko prozesuan lagungarri izango jakelakoan.
Dantzaldi Ibiltariaren egitaraua bueltan da ikasturte honetan. Durangon ez eze, Bilbon eta Ondarroan be hileroko erromeriak antolatzen hasiko dira. Ganera, Euskal Herriko Unibersidadeko Irakasle Eskoleak akordioa egin dau Aikogaz eta, holan, gradu horretako ikasleek jantzeari buruzko mintegi baten parte hartzeko aukerea izango dabe, maisu-maistra bihurtzeko prozesuan lagungarri izango jakelakoan. Sabin Bikandi arduratuko da ikastaroa emoteaz.
Aiko taldearen ibilbideak jarraipena izango dau 2014/15 ikasturtean. Jantzea, ondo pasetako aukerea eta geure kulturea sakonago ezagutzeko bidea eskaintzen ditue, gero eta leku gehiagotan. Izan be, plaza ugaritara helduko da Aiko aurten eta baita unibersidadera be. EHUk eta Aikok hitzarmena sinatu dabe, Irakasle Eskolan jantza tradizionalen ganeko kursoa emoteko. Urritik abendura arteko ikastaroa izango da, martitzen guztietan. Karmelo Garitaonaindia Bizkaiko kanpuseko errektoreordearen esanetan, gure unibersidadearen formakuntzearen osagarri bikaina izango da hau. Irakasle Eskolako Gurutze Ezkurdiak ganeratu dauenez, hitzarmena egiteko aukerea sortu zanean, ideia ona begitandu jakun, izan be, gure ustez, maisu-maistrek jantzan eta kantuan jakin beharko leukee, gero umeei erakusteko. Batik bat Lehen Hezkuntzako irakasle izango diranak animau nahi ditue. Ezkurdiaren arabera, oraingoz ikastaroa antolatu dogu aurtengo ikasturterako, baina arrakastea badauka, titulua sortzea ez dogu baztertzen. Aiko taldeko Sabin Bikandik dinoanez, gauza handia da mundu akademikora heltzea, jantzearen irakaskuntzea oso prekarioa dalako oraindino.
BBK Fundazinoko ordezkari Gorka Martinezek, hitzarmenaren garrantzia azpimarratu dau: Adierazpide herrikoiak unibersidadera heltzea seinale ona da, gure kulturea bizi-bizirik dagoala esan nahi dau. Baina unibersidadea ez da aurten Aiko helduko dan leku bakarra. Dantzaldi Ibiltariaren egitaraua, izan be, gero eta zabalagoa da. Orain arte, aurreko edizinoetan, 2.000 persona baino gehiagok parte hartu dabe Dantzaldi Ibiltarian. Aurten be, Euskal Herriko plaza ugaritan ibiliko da Aiko. Durangon, hilean behin erromeriak antolatzen segiduko dabe eta Bilbon eta Ondarroan hasiko dira hileroko hitzorduagaz. Bariku honetan, hilak 26, Bilboko lehenengo erromeria izango da, Erriberako merkaduaren alboan. Zapatuan, Ondarroan izango dira lehenengoz, Beikozini kafe antzokian. Durangoko hitzorduak Plateruenan izango dira, igazko moduan.
Sabin Bikandik Bilbora euren erromeriak eroan ahal izatea azpimarratu dau: Beti pentsau dogu jantzak herrietako gauzak dirala, baina egia esan, historikoki, uriak izan dira sorkuntza gune; esate baterako, antxina, Bilboko Kasillako jantzaldiak ospetsuak ziran. Urietako barrikuntzak herrietara zabaltzen ziran gero. Durango, Ondarroa eta Bilboko hileroko jantzaldietara konbidau ditu Bikandik herritar guztiak: Jantzan jakitea ez da nahikoa, praktikau egin behar da.
Aurtengo ikasturtean, ganera, gabonetan Dantza familian ikastaroa antolatuko dabe. Bestetik, Sestaoko Kultur Etxean Dantzazaleak erakusketea zabalduko dabe asteon. Aikoren Dantzaldi Ibiltaria erakusten daben Iñaki Andresen argazkiek osotzen dabe erakusketea. Funtsean, baina, Aikoren espiritua ondoen batzen dauen sentimendua jai giroa da, Sabin Bikandiren arabera: Guk, eta geugana etorten diranak, ondo pasetan dogu hau egiten, ondo paseteari ixten deutsagun egunean, persianea bajauko dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!