Ana Lopez: 'Kultur Leioa herritarren topagune bihurtu da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-09-15 12:17   Barriketan
Kultur Leioako zuzendaria

Hile honetan hamar urte bete ditu Kultur Leioak. Ordutik, antzerkia, musikea, jantzea eta beste makina bat proposamen eskaini ditu, areto barruan neguan eta kalean udabarriagaz batera. Irailaren 26an, jantza bertikal emonaldi ikusgarria eskainiko dau Delreves konpainiak, Kultur Leioaren lehenengo hamar urtetxuak ospatzeko.


1.- Irailean hamar urte bete ditu Kultur Leioak. Zelako balantzea egin dozue?

Eraikina zabaldu zanean, gure apustua oso zehatza zan: arte eszenikoak eta musikea, kulturea orokorrean, herrian hedatzea. Hamar urte pasau dira eta lortu dogu helburu hori herrian txertatzea. Eta inguruko herrietako jentea erakartea bere bai.

Gure helburuak beteten joan gara. Gero eta ikusle gehiago dator ikuskizunetara. Eskaintza zabala daukagu, ez arte eszenikoak edo musikea bakarrik, hemen tailerrak, erakusketak, entsegu gelak... daukaguz. Kultur Leioa herritarren topagune bihurtu da.


2.- Kultur Leioa ez da, orduan, eszenatoki bat beste barik.

Eszenatokia bada, erakustea da-eta bere helburuetako bat, baina kontzertua edo antzerkia ikusi eta etxera bueltan zoazenean zeugaz esperientzia berezi bat eroatea da gure asmoa.


3.- Programazinoa erabagiten dozuenean, ze erespide darabilzue?

Lehenengo eta behin kalidadea hartzen dogu kontuan, kalidade handiko proposamenak ekarten doguz, eta ahalegintzen gara dziplina eta publiko aldetik aniztasuna eskaintzen. Udalaren aretoa danez, zentro publikoa danez, publiko anitza izan behar dogu kontuan. Eskaintza orekatua daukagu urte osoan. Ganera, maiatzean Umore Azokeak kale antzerkia dakar herrira. Eguraldi onagaz kalera urteteko prest egoten gara danok. Eskaintza zabala daukagu. Horrezaz gan, bai areto barruko zein kaleko sorkuntzen produkzinoan parte hartzen dogu.


4.- Kultur Maratila be antolatzen dozue, euskal produkzinoei begira...

Sorkuntzegaz konpromiso handia daukagu. Kultur Maratila konpainia egoiliar bategaz, Artedrama konpainiagaz, egindako proiektua da. Orain hiru urte sinatu genduan hitzarmena. Programa berezia atontzen dogu eurekaz, zuzendaritza artitiskoa apur bat osotzeko. Kultur Maratila euskal sorkuntzeari buruzko programea da, zezeilaren amaieran egiten dana, lau egunez edo. Euskal Herrian sortzen diran proposamen artistikoak batzen doguz, musikea, antzerki obra txikiak... Euskal Herriko produkzinoak zabaltzeko modua da.


5.- Hamar urtean, zelan hartu dabe herritarrek proiektua? Herritarrak batzeko balio izan dau?

Leioaztarrak harro gagoz Kultur Leioagaz. Leioa herri handia edo uri txikia da, 30.000 biztanle baino gehitxuago daukaz. Kultur Leioa lako leku bat izatea, edukiz betea, ez eraikina bakarrik programazino barik, harro egoteko modukoa da guretzat. Proposamen artistikoak ez dira falta, ia egunero dago proposamen interesgarriren bat.

Kultur Leioa urigunean dago. Topagune bat da, ehunka herritar etorten dira hona egunero, tailerretara, erakusketa aretora edo beste edozertara. Herritarrek eszenatokia be erabilten dabe, jantza eta antzerki taldeek entseguak egiten ditue, musika konserbatoriokoek, Kantika abesbatzekoak bere bai. Horreek danak be Kultur Leioaren jaubeak dira.


6.- Leioa inguruko jentea be hurreratzen dala dinozu, herriko mugetatik kanpo be zabaldu dozue beraz zuen eskaintzea?

Azken baten Leioa Bilbo metropoliaren zati garrantzitsua da, oso hur dago Bilbo, Getxo, Sopela eta beste hainbat herritatik. Leioaztarrak erakarten ahalegintzen gara, baina oso hur dagozan herrietako publikoa be kontuan hartzen dogu. Proposamen interesgarriak badira jentea konturatzen da.


7.- Zelan ospatuko dozue lehenengo hamarkada hau?

Modu apalean ospatuko dogu, batez be jenteari gogorarazo nahi deutsagu hemen gagozala, eta ekintza piloa eskaintzen segiduten dogula. Irailaren 26an, 22:00etan, Delreves konpainiak Guateque izeneko lana eskainiko dau, argia, jantzea eta proiekzinoak. Jantza bertikala egiten dau talde honek, oso polita izango da.

Eta udagoienean, urtero lez, kultur egitarau ederra izango dogu, urriaren 3tik aurrera. Arimea daukan musikea eskainiko da Kultur Leioan, besteak beste, Amaren alabak, Martirio eta Solis String Quartet taldeak. Proposamen apur bat desbardinak dira, esperientziak eskaintzeko.

Horrezaz aparte, irailaren 23an, txarteldegian erosten diran sarrerak, urte amaiera arte programetako edozein ikuskizunetarako, %10 merkeago izango dira.


8.- Eta aurrera begira, ze erronka ditu Kultur Leioak?

Beti dago erronkaren bat, gelditu ezkero atzera goaz. Ahaleginduko gara proposamen barri eta interesgarriak landu eta eskaintzen, arlo guztiak lantzen, kaleko arteak, musikea, antzerkia, jantza garaikidea eta abar. Gure erronka nagusia publikoa erakartea da, gauza desbardinak eskaintzea.


9.- Azken urteotako krisiak ze eragin izan dau Kultur Leioan? Igarriko zenduen...

Proiektua beti moldatzen ahalegintzen gara. Krisiak eragina izan dau. Aurrekontuak apurka-apurka jatsi egin dira. Kulturan ez dago inoiz diru larregi, beti behar dogu gehiago, beti nahi dogu apostu indartsuagoa. Programea mantentzeko esfortzu handia egiten dogu, batez be ez gelditzeko, gauzak egiteari itxi ezkero programak desagertu egiten dira. Laneko sareak indartu behar dira. Batzuetan, nazinoarteko konpainia ezagun bat ekarri geinke danon artean lan egiten dogulako, Euskal Antzoki Sareagaz, Espainiako antzokien sareagaz, eta Ipar Euskal Herriko konpainiekaz be hitzarmena daukagu.

Diru gitxiago badago lana indartu egin behar da, danon artean egin gauzak. Norberaren antzeko antzokiak edo erakundeak topau, edo behintzat antzeko helburuak dituanak, eta alkarregaz lan egiten dogu, eta gauzak apur bat errazago egitea posible da.


10.- Urteotan zeintzuk izan dira zailtasunik handienak?

Jantza garaikidea zabaltzea, hori da egiteko daukaguna. Gitxika-gitxika arrakastea izan dau Kultur Leioan. Ez dakigu non dagoan gakoa, lan egitea, besterik ez dago, lan, lan eta lan. Publikoagaz esperientziak bizitea oso garrantzitsua da. Azkenean, jentea fidatu egiten da, badaki agendea begiratzen dauenean, nahiz eta ez ezagutu, kalidadezkoa izango dala proposamena, Kultur Leioako eskaintzeaz fidatu egiten da. Gustau ez arren, beti dana gustetea ezinezkoa dalako, kalidade oneko gauzak kontuan hartzen dira, kalidadea hor dago, eta igarten da.

Tartetxuak bilatzen doguz publikoak artistekaz hartu-emona izateko. Ikuskizunaren ostean, batzuetan, berbaldiak emoten ditue, edo beste barik eurekaz berba egiteko aukerea izaten da. Publikoak parte hartzeko aukerea dauka, proposamen artistikoa hurretik ezagutzeko, eta etxera esperientzia barri bat eroateko.


11.- Zeozelan helburu didaktikoa daukazue, beraz?

Ez dakit didaktikoa dan, nire ustez hori hezkuntzan landu behar da, eta ez da lantzen. Zentzu horretan, hutsune hori beteten dabilz antzokiak, hezkuntzan arte eszenikoak ez dira jorratzen eta. Horregaitik, esperientziak eskaini nahi doguz, ez dogu nahi gauzak erakustea barrik, beste barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu