BIAk arkitekturea ardatz daben kultur jarduerak antolatuko ditu Bilbon irailean
2014-08-29 14:56Foroak (hilak 27 eta 28) 300 arkitekto, urigile eta injineru baino gehiago alkartu eta Norman Foster izango dau konbidadu berezia; urtetako ibilbide profesional oparoagaitik bera izango da lehen BIA sariaren irabazlea. Programea osotzeko, Naxako geltoki zaharra behin-behinekoz berreskuratuko da.
Bizkaian arkitekturea eta urigintzea dinamizetea helburu dauen BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) plataformeak publiko guztiei edegitako kultur jarduerak eskainiko ditu irailaren 4tik 28ra, arkitekturea herritarrei hurreratzeko asmoz. Bilboko Udalak jakinarazo dauenez, eskainiko diran erakusketak, zinema-saioak, lehiaketak, umeentzako tailerrak eta bisita gidatuak Bizkaiko uriburuan egingo dan lehen BIA Urban Regeneration Forumaren haritik antolatu dira.
Foroak (hilak 27 eta 28) 300 arkitekto, urigile eta injineru baino gehiago alkartu eta Norman Foster izango dau konbidadu berezia; urtetako ibilbide profesional oparoagaitik bera izango da lehen BIA sariaren irabazlea. Programea osotzeko, Naxako geltoki zaharra behin-behinekoz berreskuratuko da.
Kontuak kontu, txosten teknikoen eszenatoki bihurtuko diran Iberdrola Torreagaz eta Euskalduna Jauregiagaz batera, Foroak Naxako geltokian izango dau egoitzea. BIAk plataforma goratu bat jarriko dau nasen gainean, kultur jarduerak antolatzeko moduko esparru moderno, edegi eta garbia eratzeko asmoz. Arenaleko zubitik be esparru horretara heltzeko aukerea izango da, behin-behineko egokitze-lanak Itsasadarraren ondoko kaietara zabaldu baitira. Horrenbestez, Arriagara begira dagoan terrazatzat berrerabiliko da.
Irailaren 15etik 28ra, BIA SPACE: NAJA + TAO Architectural Lighting with Idar Group izenagaz bataiatutako esparru barri hau, Foroko jarduera teknikoen eta jendartean arkitekturea sustatzeko eratutako ekimenen arteko topagunea izango da.
Jarduera teknikoen artean, BIA Workshop tailerrak aitatu behar dira, arkitektura-eskola desbardinetako ikasleei, maila goreneko profesionalen laguntzaz, Bilboko beharrizanak eta erronkak ikertzeko aukerea emongo deutseenak.
Arkitekturea jendartean zabaltzeko bilbotarrei eta bisitariei edegita antolatuko diran ekitaldien artean, Bizkaiko Arkitekturearen Interpretazino Zentroaren instalazinoa azpimarra daiteke. Esparru honek Bilbo Metropolitarraren eraldaketearen inguruko era askotako informazinoak eskainiko deutsez bisitariei.
Forumaren aurrerapen lez, hilaren 8tik 26ra bitartean, Naxa, Bilboko ibilbide tradizionaletako batzuk begirada barri batez ezagutzeko aukerea eskainiko daben Arkitektura-Ibilbideen abiapuntu bilakatuko da. Astelehenetik barikura, egunez egun ibilbide desbardinak eginez, BIAko kideek uriak izandako bilakaerea erakutsiko dabe, zazpi kaleetatik hasita. Harresitutako antxinako uribildua, uriaren lehen zabalkuntzea, itsasadarrari jarraituz, Bilborentzat hil ala bizikoa izan dan itsasadarraren bi aldeak lotzeko zubiak, 1876tik Abandoko eleizatearen zati bat hartu eta egungo arteria nagusia, Kale Nagusia, sortzea erraztu eban lehen zabalkundea zein uria Indautxuraino zabalduarazo eban bigarren zabalkundeko eraikinak izango dira protagonista. Bisitaldiak gaztelaniaz, euskeraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez egingo dira, 19:00etatik 20:30etara. Izena emoteko EHAEOren Bizkaiko egoitzara jo edo www.biaforum.org webgunean sartu behar da, irailaren 2tik aurrera. Prezioa 5 eurokoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!