Bizkaiko deiadar mendiak
2026-11-06 07:58 Antxinakoak GeureraGorbea, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitza ziran bost mendiak.
Oraintsu, 2004an zehatz-mehatz, Erdi Aroko ohitura bat berreskuratu ei zan Bizkaian; bost deiadar mendietara igotea adarra joteko, hain zuzen be. Ertaroan zehar, garraioak egungoak baino askoz mantsoago ebizanean (zaldiz zan leku batetik bestera azkarren joateko modua) eta horren ondorioz, distantziak handiagoak ziranean, adarra joz abisetan zan Gernikako Juntetxeetako Batzarrak egingo zirala. Eleizateetan herritarrak Bizkaian egozan 5 deiadar mendietara igoten eben adarra joteko eta holan inguruko herritarrei jakinarazoten jaken Gernikan Batzar Nagusia egingo zala, eta horren barri izanda euren ordezkariak Gernikarantz abiatzen ziren. Bost mendiak ondokoak ziran: Gorbea, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitza.
Bizkaitarrek 5 mendi horreetatik geurea zan adarra joten ebenean baekien Bizkaiko herritar eta ordezkari guztiei heltzen jakela mezua, mendi horreetatik egiten zan deia gure lurraldeko txoko eta bazter guztietara heltzen zalako.
Erdi Aro eta Aro Moderno guztian zehar Bizkaiko gobernu organorik garrantzitsuena Gernikan egozan Juntetxeak ziran. Han egunerokotasunean eragiten eben erabagi inportanteenak hartzen zituen politikari bizkaitarrek. Gernikako Juntetxeez gan, Enkarterrietan Avellanedako Juntetxeak egozan eta Durangaldean, hango juntetxeak Abadiñon egozan (Astolan eta Guerediagan alkartzen baitziran Durangaldeko ordezkariak), baina pitinka-pitinka tokian tokiko instituzino horreek desagertzen joan ziran Gernikako juntetxeak protagonismo politiko osoa hartzen joan ziran heinean.
Normalean Gorbeian emoten zan abisua lehenengoz eta gero beste mendietan egiten zan deia. Herritarrek orduan baekien ilargiaren hurrengo fasean Gernikan Juntetxeak egingo zirala. Ohitura honek mende askotan iraun eban baina XVII. mendetik aurrera gauzak aldatzen joan ziran. Apurka-apurka Juntetxe Orokorren deialdiak baseleizen kanpai-hotsen bidez egiten hasi ziran. Aurrerago herrian bertan prokuradoreak aukeratzen ziran eta testuen bitartez helarazoten jaken deiadar mendien figurea desagertzen joan zalarik.
Gure lurralde historikoak bere izaera juridiko propioa eban, bere instituzio propioak lege berriak onartzeko eta ezartzeko, bere sistema judizial propioa, ogasun propioa eta hori borobiltzeko juntetxe horreen deialdietarako modu tradizional propioa eta bereizgarria. Orain dala mende batzuk aitatutako mendi horreetara igoteko eta handik adarra joteko usadioa galtzen joan zan, beste sasoi batzuk ziralako, baina orain hamarkada batzuk, zorionez, gure agintariek ohitura hori errekuperau eben modu sinbolikoan izan bazan be. Beraz, urtero autore batzuek bost zirala deiadar mendiak adierazoten dabelarik (akaso gehiago izango ziran), barriro mendietara igoten jarraitzen dabe bizkaitar batzuek modu sinbolikoan Erdi Aroko ohitureari eutsi guran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
