Bilboko udal bandeak Arenaleko kioskoan zortzi kontzertu eskainiko ditu

Bizkaie! 2014-08-18 15:35   Musikea

Ohikoa dan legez, abuztuaren 22an, barikuan, eskainiko dauen kontzertuan, konbidadu moduan gaita-jotzaileen talde batek parte hartuko dau. Aurten, Ziekoko Gaiteroak izango dira beren musikea Bandako interpretatzaileenagaz batuko dabenak, kontzertuaren bigarren zatian.

Bilboko Udal Musika Bandea herritarrakaz dauen hitzordura itzuliko da Arenaleko Kioskoan, abuztuaren 17tik 24ra. Aste Nagusiagaz batera, 40 musikarik baino gehiagok osotzen daben taldeak zortzi kontzertu eskainiko ditu.

Bizkaiko uriburuko Udalak jakinarazo dauenez, bandeak bere errepertorio herrikoia eskainiko dau, estilo desbardinen artean, euskal musikea, pasodobleak, zartzuelak, operetak nahiz Brasilgo konposizinoak eta soinu bandak be eskainiko ditualarik.

Ohikoa dan legez, abuztuaren 22an, barikuan, eskainiko dauen kontzertuan, konbidadu moduan gaita-jotzaileen talde batek parte hartuko dau. Aurten, Ziekoko Gaiteroak izango dira beren musikea Bandako interpretatzaileenagaz batuko dabenak, kontzertuaren bigarren zatian.

Astelehen honetako kontzertuan José Mª Martínen Lagartijilla Pasodoblea, Cándido Floresen Zoraya Arabiatar jantzea, Pablo Sorozábalen Black, el payaso Foxtrota eta Martxea eta Jesús Guridiren Amaia Ezpata-jantzea entzun ahal izango dira.

Aste Nagusiko hurrengo egunetan, bilbotarrek Pablo Carbonero, Federico Moreno-Torroba edo Santiago Loperen lanak entzuteko aukerea izango dabe.

Musika saioak eguerdiko 12:00etan hasiko dira Arenaleko Kioskoan eta Bandea Iñaki Urkizu eta bi zuzendari konbidaduen aginduetara izango da; azken horreek, Iker Sánchezek (abuztuaren 20an eta 21ean) eta Juan José Ocónek (abuztuaren 23an eta 24an), ikutu personala emongo deutsie. Iñaki Urkizuri jagokonez, Bandako zuzendariordeak, batutea gidatuko dau abuztuaren 17an, 18an, 19an eta 22an. Aitatu egunetan, kontzertuak arratsaldeko 18:00etan be izango dira Vista Alegre Zezen Plazan, hain zuzen be.

Iñaki Urkizu Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea izan da 2007tik. Zortzi urtegaz hasi zan tronpetea joten etxeko ohitureari jarraituz. Donostiako konserbatorioan egin zituan ikasketak eta jarraian Tolosako Udal Bandako kide izentau eben; Tolosan bakarlari legez hamarkada batez ibili zan.

Ondoren, zenbait musika eskoletako irakasle izan da (Beasain, Tolosa eta Arrasate Musical), zenbait bandetako kolaboratzailea eta moldaketa, transkripzinogile eta musika bildumagile lanetan be bere ibilbidea landu dau. 1998an, Ertzaintzako Musika bandako Zuzendaritzara sartu zan ordura arte tronpeta bakarlaria izan ostean. 750 kontzertu baino gehiago zuzendu ditu eta zenbait diskoren grabaketetan parte hartu dau bere karrera osoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu