Agus Barandiaran: 'Kanpoan egin dogu lehenengo izena, eta gero etxean'.
2014-08-18 11:10 BarriketanGaldames Folk jaialdian emon eban lehenengo kontzertua Korrontzi talde mungiarrak, orain hamar urte. Izenik be ez euken orduan, jaialdiko kartelean ipinteko di-da hartu behar izan eben ebatzia. Urteurrena ospatzeko, kontzertu berezia emongo dabe abuztuaren 20an, 23:30ean, Bilboko Abandoibarran, Aste Nagusiko egitarauaren barruan. Korrontziren ibilbideko 12 bat kanta joko ditue, baina ez dira bakarrik egongo eszenatokian, Bilbao Orkestra Sinfonikoko 95 musikariak be eurekez izango dira eta. Ilusino handiagaz, baina nerbioso bere bai harrapau dogu Agus Barandiaran trikitilaria. Zuzenean grabauko dabe diskoa, eta zemendian argitaratuko da.
BOSen agendea eta Korrontzirena koordinetea ez ei da erraza izan, izan be asteotan emonaldiak izan ditue, Korrontzik, esaterako, Portugal, Frantzia eta Belgikan jo dau asteotan. Egun gitxi falta dira hitzordurako.
1.- Zelan otu jatzuen zuzeneko diskoa Bilbao Orkestra Sinfonikoagaz grabetea?
Korrontzik hamar urte bete ditu, 2004ko udan hasi zan joten. Urteotan lau disko kaleratu doguz, eta Durangoko Azokara begira halako bilduma bat egin gura genduan, gure ibilbideko kantarik esanguratsuenak disko baten sartu. Bilboko Udalari proponidu geuntsan jaietan zuzeneko diskoa grabetako aukerea. Konforme egozala, eta kontzertu berezia egiteko idea azaldu euskuen, BOSegaz jotekoa. Ondo hartu genduan idea, lan asko eskatu arren, eta Xabier Zabala konponketak eta orkestrea zuzentzeaz arduratuko danagaz beharrean hasi ginan. Korrontziren hamabi bat abesti aukeratu genduzan, eta horrek dira eguaztenean joko doguzanak.
2.- Eta zelan konpontzen dira hain mundu desbardinak emoten daben Korrontzi folk taldea eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa?
Bai, mundu diferenteak dira. Udaleko Joseba Rosalek proposamena egin euskunean, idea ona begitandu jakun, baina apur bat larritu ginan bere bai. Tresna tradizionalak ezagutzen dodaz, alboketa, txalapartea, trikia eta horrelakoak, eta behar egindakoa naz gitarra, baju eta bateriekaz, zeozelan badakizu zelakoak diran, baina 95 musikarirerantzat partiturak egitea, konponketak... hori beste kontu bat da. Eta daneri zure musikearen ganean zer egin behar daben esatea gauza gatxa da. Horregaitik, Xabier Zabalagaz kontaktua egin genduan, folk munduan esperientzia dauka eta sinfonikan bere bai. Beragaz egindako batzarretan batak bestearen ikuspuntua azaldu dogu, Korrontzik folk tradizionalarena, eta berak mundu boen arteko zubia eregiten ahalegindu da.
Korrontziren musikea gustau edo ez, folka gustau edo ez, jentea animau nahi dot, harritu egingo dira. Orkestra sinfonikoa atzean daukagula, gauza benetan polita izango da. Guretzat hunkigarria izango da, jakina.
3.- Hilaren 20ko emonaldiaz aparte, besterik egiteko asmorik badaukazue?
Egitekotan datorren urtean izango da, 2015ean. Zuzeneko diskoa zemendian-edo argitaratuko dogu, Azokarako. Udabarrian kontzerturen bat emongo dogu akaso, herri batzuk proposamenen bat egin deuskue, baina egitekotan saio gitxi izango dira. Bai aurrekontu aldetik bai behar dan azpiegitureagaitik ez da erraza, eszenatoki handia behar da, esaterako. Euskal Herritik kanpo be proposamenen bat jaso dogu, geu hara joan eta hango orkestra sinfonikoagaz joteko. Dana dala, hori danori datorren ikasturtean izango da.
4.- Zelan egin dozue kanten aukeraketea? Zeren arabera?
Korrontzik normalean, bakarrik joten dauenean, eskaintzen doguzan kantak aukeratu doguz, bai kanpoko jaialdietan edo hemen joten doguzanak. Xabier Zabalagaz berba egin genduan, eta 12 aukeratu genduzan. Ez dogu nahi izan sinfonikoagaz beste kanta batzuk joterik, gure esanguratsuenak nahi genduzan. Gure helburua taldearen 10 urteak ospatzea da. BOSegaz grabauko dogu diskoa, baina ez dogu Korrontziren nortasuna galdu gura. Kontzertu potentea izango da, jantzarako emonaldia, tartean orkestrea egon arren.
5.- Hamar urte, arin pasau dira, ezta?
2004an Galdamesko folk jaialdian emon genduan lehenengo kontzertua. Izenik be ez geunkan, azkenengo momentuan pentsau genduan. Antolatzaileek baekien zeozertan nenbilela, eta konbidau egin eustien, gaueko lehenengo kontzertua emoteko. Kantak prestau genduzan, hamar edo, eta hori izan zan emonaldia. Antolatzaileek kartela egin behar eben, eta guk izenik ez, kantak bai baina izenik ipini barik. Neure atzetik ibili ziran ia kartelean zer ipini behar eben jakiteko. Korrontzi ipintea erabagi genduan azkenean. Korrontzi Mungiako trikitilari bat izan zan, eta haren izena ipini geuntsan taldeari. Ordutik hamar urte pasau dira, bai.
6.- Kanpoan asko-asko joten dozue, etxean baino gehiago akaso?
Bai, Euskal Herritik kanpo emonaldi gehiagio euki izan doguz. Brasilen, Cabio Verden, Frantzian, Marokon, Grezia, Txipren, Errumanian, Italian, Belgikan, Portugalen, Erresuma Baruan, Alemanian, Irlandan... hainbat lekutatik deitu deuskue. Kanpoan hartzen gaitue, ez dakit bera egokia dan, baina euskal kulturearen enbajadore moduan edo. Euskeraz abesten dogu, beraz gure hizkuntzea daroagu, eta trikitixea eta ganerako tresnakaz fandangoa, arin-arina etra biribilketak joten doguz, musikea be badaroagu. Eta jantzea bere bai, beti jantzariak etorten dira-eta geugaz.
7.- Jaialdi gitxiago dagoz Euskal Herrian, horregaitik izan daiteke?
Hemen badagoz jaialdi batzuk, Getxo Folk hor dago, gaur egun dagoan garrantzitsuena da igual. Hiru bider jo dogu han zuzenean. Gipuzkoan, Bidasoa Folk antolatzen dabe. Batzuk badagoz, baina kanpoan mordoa dagoz munduko musiken ingurukoak. Kanpoan egon garan leku danetan folk jaialdi baten barruan izan da.
Euskal Herritik kanpo emon genduzan lehenengo kontzertuak Asturiasen eta Galizian izan ziran, gero Frantziara joateko deia etorri zan, ostean Italiara... eta holan folk zirkuitu horretan izena hartzen joan ginan. Hamar urte honeetan, hiru-lau folk musika lehiaketan parte hartu dogu, baten bat irabazi be. 2008an Eurofolken jo genduan, Europa osoan aukeratutako taldeek zuzenean joten eben. Eta gu izan ginan irabazleak! Urte horretan Korrontzi izan zan Europako folk talde onena. Euskal Herrian jente asko konturatu be ez zan egin. Beste txapelketa bat be irabazi genduan, Asturiasen, Navelgas Folk jaialdian.
8.- Diskoak kaleratu, txapelketak irabazi eta makina bat emonaldi. Baina, kanpoan etxean baino gehiago estimetan da folka?
Bai, izan leike. Hasi barri ginanean asko igarten genduan, gure lehenengo lau-bost urteetan Euskal Herrian jente gitxik ezagutzen eban Korrontzi. Getxo Folken grabau genduan diskoa dala-eta egin ginan ezagun, 2008an. Baina ordurako urteak geroiazan kanpoan joten, Alemanian Bremen Irratiarentzat, zuzenean, esaterako, eta Eurofolk saria bageunkan ganera.
Kanpoan egin dogu lehenengo izena, eta gero etxean. Getxo Folkeko zuzeneko diskoak asko lagundu euskun. Marta Herrera jaialdiko zuzendariari asko eskertzen deutsagu diskoa grabetako aukerea emon izana. Azkenengo urteetan hemen be asko joten gabilz, baina hasierea gatxa izan zan etxean.
9.- Norberarentzako gogorra izango da hori, ezta?
Kanpoan trikitixea, txalapartea-eta oso gustura hartzen ditue; hemen, barriz, jenteak pentsetan dau betiko kontua dala, edozein erromeriatan ikusten dana. Ez gara konturatzen zer daukagun, ze musika, ze kultura. Hemendik kanpo, ostera, trikitixea asko gustetan jako jenteari, kontzertua amaituta, zeugana datoz jakin-minagaz galderak egiten.
10.- Etxetik kanpo, non ibilten zarie gusturen?
Danetarik dago, leku asko dagoz. Brasilen ederto ibili ginan. Aireportura ailegau ginanean, jente piloa egoan gure zain, musika izarrak bagina lez edo. Bizitzan behin pasauko jaku eta... Holako anekdotak badagoz. Cabo Verden, bertako paisajeak itzelak begitandu jakuzan, basoak, errekak, ikusgarria da benetan. Leku bakotxak bere gauzak daukaz.
Alemanian, Bremen Irratirako zuzeneko emonaldi bat egin genduan. Alemania guztirako kontzertua zan. Auditorioan 500 lagun inguru egozan, eta geu ginan egun horretako talde bakarra. Anekdota bi daukaguz egun horretan. Zuzenekoetan, askotan eskatzen deutsiet ikusleei txalo egiteko, erritmoari segiduz. Egia da alemanak benetan zorrotzak dirala, guk baino hobeto eroen erritmoa! Benetan. Klaketa baten lez. Saio berean, euskeraz berbaren bat esan, agurtu edo eskerrak emon ostean, ingelesez egin neutsien, eta han etorten jat antolatzailea esanez, mesedez, euskeraz egiteko dana. Baina, zergaitik, ez dozue ezebe ulertuko eta? Ba, kontua zan euskerea, ahoskerea, hizkuntzearen musikea entzun gura ebela, bizitzan akaso behin bakarrik eta entzungo ebela zuzenean. Pozagarria izan zan, eta bitxia. Alemania osorako euskeraz berbetan!
11.- Zuzeneko diskoa zemendian edo kaleratuko dozue, eta aurrera begira, ze asmo dauka Korrontzik?
Ba, igaz urten zan Tradition 2.1 diskoa zuzenean aurkezten segiduko dogu. 50 emonaldi egingo doguz aurten. Gaur egungo egoeran, pozgarria da guretzat hainbeste kontzertu izatea. Tradition 2.1 barriro argitaratuko dogu aurten, baina mundu guztirako ARC Music diskoetxeagaz. Guretzat bultzada handia da, ARC diskoetxe garrantzitsua da munduko musiken arloan, eta mundu osoan banatuko dau. Ia etekinik ateraten deutsagun. Hasteko, irailaren 13an Madisonen joko dogu, AEBetan. Planak eta emonaldiak badaguz, pozik gagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!