'Euskera' agerkariaren aholku batzordeak sei kide barri ditu

Bizkaie! 2014-07-30 12:02   Euskerea berbagai

Mixel Aurnague, Martine Berthelot, Martin Haase, Jose Ignazio Hualde, Xabier Itzaina eta Jon Landaburu dira Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Euskera aldizkariaren aholku batzordeko kide barriak. Agerkariaren Idazketa batzordeak proponidu zituan, eta Akademiaren Osoko bilkureak onartu.

Mixel Aurnague, Martine Berthelot, Martin Haase, Jose Ignazio Hualde, Xabier Itzaina eta Jon Landaburu dira Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Euskera aldizkariaren aholku batzordeko kide barriak. Agerkariaren Idazketa batzordeak proponidu zituan, eta Akademiaren Osoko bilkureak onartu.

Euskera agerkariaren Idazketa batzordearen lehentasunetako bat agerkariaren edegiera instituzionala sustatzea izan da, arduradunen arabera. Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazinoa (FECYT) erakundeak aldizkari zientifikoen kalidadea aztertzeko ebaluazinoan, Euskera agerkariari egindako gomendioek asmo hori indartu eben. Izan be besteren artean, agerkariko Aholku batzorderako nazinoarteko eta izen handiko erakundetako kideak izendatzea proponiduten zan.

Halanda ze, Idazketa batzordeak, irakasle eta ikerlarien izenak batu, euron lanak eta merituak aztertu, eta Osoko bilkurari 6 kideren izendapena proponodutea erabagi eban.

Mixel Aurnague hizkuntzalaria eta informatikaria da. Toulouseko Jean Jaurès Unibersidadeko ikerlaria da. 2006an, Frantziako CNRS ikerketa guneko zuzendari izentau eben. Bere ikerketa lerro nagusiak honeek dira: espazioa eta denporearen semantika lexikala; deskribapena eta formalizazinoa eta esperimentu psikolinguistikoak.

Martine Berthelot 2004tik hona Perpignango Unibersidadeaan ikerketa zuzendaria da. Arlo nagusi bi jorratu ditu: batetik, kultura judua, eta horrek Iberiar peninsulan eta Katalunian izan dauen eragina; eta bestetik, katalan eta frantses hizkuntzen gramatika konparatua, didaktikea eta itzulpengintzea.

Martin Haase hizkuntza erromanikoetan aditua da. Bamberg Unibersidadeko irakaslea da, eta 2002tik hango hizkuntza erromanikoen katedraduna. Doktore tesi bi egin ditu, eta batean gaskoiak eta frantsesak euskerean izan daben eragina aztertu eban.

Jose Ignazio Hualde nafarra Illinoiseko Unibersidadeko irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Gaztelania, Portugesa eta Italierazko departamentuan. Hizkuntzearen fonologia da bere ikerketa arlo nagusia.

Xabier Itzaina Bordeleko CNRS-Emile Durkheim Ikerketa guneko lehen mailako ikerlarien arduraduna da. Zientzia Politikoa eta Soziologia ditu aztergai.

Jon Landaburu Pariseko Sorbonne Unibersidadean egin zituan Filosofia eta Hizkuntzalaritza ikasketak eta 1976an Linguistikako doktoretzea eskuratu eban. Kolonbian emon ditu azken 45 urteak. Bere ikerketa arlo nagusia hango herri indigenen mintzairen azterketea izan da. Besteak beste, Andeetako Unibersidadeko Etnolinguistika Masterreko programa-zuzendaria eta sortzailea izan zan.

Gaur egun, honeek dira Aholku batzordeko kide guztiak: Mixel Aurnague, Miren Azkarate, Joxe Azurmendi, Martine Berthelot, Josu K. Bijuesca, Gidor Bilbao, Iñaki Camino, Ana Etxaide, Jose Ramon Etxebarria, Maite Etxenike, Patxi Goenaga, Ricardo Gomez, Manuel Gonzalez, Jose Ignazio Hualde, Itziar Idiazabal, Joseba Intxausti, Iñaki Irazabalbeitia, Jacinto Iturbe, Xabier Itzaina, Jabier Kaltzakorta, Jon Landaburu, Alberto Loizate, Juan Madariaga, Joan Martí, Eneko Oregi, Jon Ortiz de Urbina, Rosa Miren Pagola, Jose Antonio Pascual, Txomin Peillen, Ibon Sarasola, Joan Mari Torrealdai, Miriam Urkia, Xarles Videgain eta Juan Jose Zubiri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu