Ione Narbaiza: 'Lehen be bertsozalea nintzan, baina orain gehiago baloretan dot egiten dan lana'
2014-07-28 10:39 BarriketanBizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen-eragilea
Ione Narbaiza Gallastegi (Abadiño, 1979), Abadiñon bizi dan abadiñarra. Ekonomian lizentziaduna da eta 2012rik hona Bertsozale Elkartean dabil beharrean. Hori baino lehenago Berbaro Elkartean eta Udako Euskal Unibersidadean be ibili zan.
Antxinarik be ez dot ezagutzen Ione, baina urteotan euki dodan hartu-emonean bistan dago behargin fina eta zolia dana: beti laguntzeko prest; bere beharra zehatz beteten dauenetakoa. Eskualdeetako finalak eginda, uda ostean jatorku Bizkaiko Txapelketea: horregaitik, Ionegaz egon gura izan dogu bera hobeto ezagutu eta txapelketearen ganeko duda batzuk argitu guran:
1- Ze zeregin eukiten dozu egunerokoan? Txapelketea dauen urteetan aldaketaren bat igarriko dozu...
Durangoko bulegora etorri eta lehenengo egiten dodana postan zer dagoan ikusi eta mezuak erantzutea izaten da. Gero, egunaren arabera. Baina, orain, lan gehienak Txapelketearen ingurukoak dira: lekuak, azpiegiturea, finantziazinoa, izen-emotea, komunikazino-gaiak… Beraz, txapelketa urtea izan ala ez, aldatzen da lana, bai.
2- Labur esanda, zelan antolatzen da holango txapelketa bat? Zeu bakarrik zagoz behar horretan?
Txapelketea taldean antolatzen da. Talde-antolatzailea osotzea izaten da lehenengotariko lana. Bertan zehazten dira emon beharreko pausoak eta erabagi gehienak hartu be bai. Talde-antolatzaileaz gan, Bertsozale Elkartearen zuzendaritza-batzordea eta sustapen-arduraduna be badagoz. Aurreko txapelketetako esperientzia be oinarrizkoa da antolakuntzarako; Euskal Herriko sustapen-eragilearena, urteetan talde-antolatzailean parte hartu dabenena eta, zelan ez, Bizkaiko Txapelketako aurreko urteetako eragileena be. Horreen esperientzia eta laguntzeko gogoa oinarrizkoak dira. Beraz, badago eretxi-trukaketarako aukerea.
Horrez gan, lan-taldeko gehienok, gitxi-asko, arduraren bat hartzen dogu Txapelketan, eta komunikazino-arduraduna be badago. Ganera, lanerako hainbat talde dagoz: epaile-taldea, gai-jartzaile taldea, komunikazino-taldea… Bakotxak bere egin beharrak ditu, eta guri koordinazino-lana jagoku.
3- Noz eta nondik hasten zarie eta noz eta zelan akabetan dozue?
2013ko udagoienean hasi ginan Txapelketea antolatzen. Lehenengo batzarrak egiten eta taldeak sortzen. 2015aren hasieran balorazinoak egitea tokauko jaku, eta horregaz itxiko dogu zikloa.
4- Zerk emon deutsu buruko minik handiena? Zein izan da momenturik onena?
Udabarrian Eskualdeetako Txapelketak egin doguz eta fase horretan, eskualdeek eta bertso-eskolek lanaren zati handi bat egiten dabe. Hori oso eskertzekoa da. Ardura gehien saioa hasi aurreko orduetan eukiten dot… dana lotuta euki arren, askotan saioa hasi arte ez dalako jakiten zeozer falta dan edo… Ardura hori eukiten dot nik.
Behin saioak hasita lasaitzen hasten naz, eta momentu onenak akabuko agurrak izaten dira, dana ondo urten dala ikusterakoan. Saio batzuetan, ganera, bereziki giro ona egoten da amaieran.
5- Lehenago be bertsozalea zinan? Orain bertsozaleago zara ala zaletasuna arean joan egin jatzu...
Lehen be bertsozaletzat neukan neure burua, baina orain beste modu baten bizi dot, eta gehiago baloretan dot egiten dan lana: bai bertsolariek egiten dabena; bai antolakuntzatik egiten dana. Dana dala, askoz gehiago gozetan dot antolakuntzeagaz zerikusirik ez dodan saioetan.
6- Zeuk be eukiko dozu faboritoen bat... Ze bertsolari gustetan jatzu gehien eta zergaitik?
Ez daukat faboritorik… Eta, izanda be, ez neuke esango.
7- Esateko moduko esklusibarik badaukazu? Saioak, finala... edo beste zeozer?
Urriaren 12an hasiko da Txapelketea eta abenduaren 20an izango da finala. Kantauko daben hogeita hamar bertsolarien zerrendea be osotuta dago. Beste zazpi sartuko dira finalaurrekoetan, 2012an finalistak izandakoak. Irailean egingo dogu aurkezpena, eta bertan emongo doguz gainontzeko zehaztasun guztiak.
- Janari bat: Ortukoak gehien bat
- Biziteko leku bat: Durangaldean pozik nago
- Bidaiatzeko leku bat: Edozein, aukeran itsasoa daukan leku bat.
- Hobby bat: Kirola egitea, baina neurrian.
- Liburu bat: Ez dakit... amaitu barri dodana Hormako paper horia Charlotte Perkins-Gilmanena.
- Abeslari / talde bat: Gari, berbarako.
- Mania bat: Lotarako pertsianea ezin da guztiz itxita egon
Mila esker Ioneri bere prestutasunagaitik. Ahaleginduko naz hurrengoan be holango protagonista bat ekarten. Ordura arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!