Memoria historikoa berreskuratzen

Bizkaie! 2014-07-16 15:44

Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila, garagarrilaren 7tik 20ra bitartean egiten dagoz Adunan, Asteasun eta Zizurkilen. Bertan, Euskal Herri osoko 19 gazte dabilz lanean. Antolatzaileek lan honen bitartez jazotakoaren egia bilatu eta zabaldu nahi dabe, memoria kolektiboan txertatzeko asmoz eta gerrearen eta diktadurearen gehiegikeriak jasan zituenei ordaina emoteko.

Aranzadi Zientzia Alkarteak, UEUk, Udalbiltzak, Adunako Udalak, Asteasuko Udalak, Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu daben Gerra Zibila 1936-1937 auzolandegira bisitea egin dabe komunikabideek, Belkoain mendiko lubakietan. Bertan, Euskal Herri osoko 19 gazte boluntario dabilz lanean, lubakiak aztertu eta testigantzak jasoten.

Auzolandegiko bisitan egon dira auzolandegiko antolatzaile guztiak: Javi Buces, Aranzadi Zientzia Alkarteko historialaria, Iñaki Alegria UEUko zuzendaria, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Josu Amilibia Adunako alkatea, Maria Pilar Legarra Asteasuko alkatea, Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkatea, Martin Garitano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Marina Bidasoro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta oroimen historikoaren zuzendaria.

Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila, garagarrilaren 7tik 20ra bitartean egiten dagoz Adunan, Asteasun eta Zizurkilen. Bertan, Euskal Herri osoko 19 gazte dabilz lanean. Antolatzaileek lan honen bitartez jazotakoaren egia bilatu eta zabaldu nahi dabe, memoria kolektiboan txertatzeko asmoz eta gerrearen eta diktadurearen gehiegikeriak jasan zituenei ordaina emoteko.

Gazteek igaz Belkoain inguruko Marea trintxeran hasitako garbiketa lanak amaitu ditue dagoeneko, eta bigarren lubaki bat berreskuratzen hasi dira. Mendi lanagaz batera, Aranzadiko adituen berbaldiak be izan ditue. Mikel Errazkin historialariarena esaterako, memoria historikoaren ganean; edota Karlos Almorzarena, inguruko lubakietatik ibilaldi historikoa eskaini ebana. Paco Etxeberria antropologoak deshobiratze lanak be azalduko deutsez. Horrezaz gan, aisialdi irteerak be antolatu dira Elgeta, Ezkaba eta Urbasara, besteak beste.


Saseta defensa-sistemea

Auzolandegia egiten dagozan lurretan, 1936ko abuztuan eta irailean, Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo udalerrietako mendi adarretan ezarritako Saseta defensa-sistemea edo erresistentzia gunea izan zan altxamendu militar frankistearen kontra antolatutako euskal erresistentziaren mugarria, Tolosa 1936ko abuztuaren 11an frankisten eskuetan geratu ondoren mendi horreetan aurre egitea erabagi ebelako. Memoria historikoan ahaztuta dagoan lekua dan arren, burruka handiak izan ziran hor, eta ehun biktima inguru, oraingoz, kontau diranak, eragin zituen.

Frankistek euren historia idazteko aukerea izan, gerran hil ziranen gorputzak hartu eta lurperatu zituen bitartean, Saseta defensa-sisteman ibili ziranak gerrea galdu ebenez ez eben aukera hori izan.

Dokumentazinoaren arabera, hor izan zitun nazionalistek lehenengo hildakoak. Javi Buces Aranzadiko historialariak dinoanez, topautako dokumentu barri guztien arabera, Asteasu eta Zizurkilen Saseta eta EAJkoek egin zituen ehundaka metroko lubakiak, Domingo Usandizaga asteasuarra, Euskal Gudarosteko Kapitaina, buru zalarik. Holan dinoe garai haretako Zizurkil, Asteasu eta Aiako lekukoek be. Bestalde, Adunan topautako lubaki batzuk nork egin zituan zalantzak dagozan arren, garbi dago Saseta zala agintzen ebana.

Aranzadiren Arkeologia lanak baieztatzen dau topautako dokumentazinoak dakarrena. Historiak aipatzen dituan leku guzti-guzti horreetan lubakiak eta bala-zorroak topau ditue. Aranzadiko arkeologo eta boluntarioek luzeran ehunka eta ehunka metro dituen lubakiak ikusi eta katalogau ditue Asteasu, Zizurkil eta Adunan, Saseta defensa-sistemea osotuz.


Lubakien berezitasunak

Harrigarriak dira lubakiek dituen neurriak; bigarrenik garbi dago lubakien artean frankistek aurrera egiteko zirrikitu txikienik ez eutsela ixten, defensa-sistemearen eragingarritasunaren adierazgarri. Adibidez, Adunan kokatu zan Cayuela frankisteak gidatzen eban Arapiles batailoiak gerrea hasi zanetik 29 egunetan Lizarratik Altsasuko bidea hartu eta Aduna, Zizurkil eta Asteasura ailegau bazan be abuztuaren 16an, hurrengo 35 egunetan, irailak19/20 arte hor ez eban aurrera egiterik izan Saseta defensa-sistemea aurrean topau ebalako.

Lubakien luzerea eta formearen berezitasunaz gan, lubakien arteko komunikazinoa lortu eta errazteko be egindakoak dira. Saseta defensa-sisteman badagoz kokaleku batzuk beste lubaki guztiak ikusteko moduan eta segurutik han egongo ziran kokatuta Saseta defensa-sistemako arduradunak.

Bestalde, Zaratekoaitzen inguruko zuhaitzetan Aranzadik topautako plano eta marken dokumentazinoa eta erregistroa egin da; oraindino ikerketea zabaldik dagoan arren, alde batetik zuhaitzen adina eta lubakien artean daben kokalekua kontuan izanik, eta bestalde daukiezan irudi eta planoak ikusita, hipotesi nagusitzat joten da Gerra Zibilean egindakoak dirala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu