Bizikletan munduari itzulia emoten dabilzan EHUko hiru ikasleek 17 herrialde zeharkatu ditue honezkero

Bizkaie! 2014-07-15 17:45

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) hiru ikasle munduari itzulia emoten dabilz bizikletan Biziklautak espedizinoan, eta dagoeneko, 17 herrialde zeharkatu eta 12.500 kilometro egin ditue. Javier Escudero, Hodei Orueta eta Goiznabar Monclus dira hiru ikasleak.

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) hiru ikasle munduari itzulia emoten dabilz bizikletan Biziklautak espedizinoan, eta dagoeneko, 17 herrialde zeharkatu eta 12.500 kilometro egin ditue. Javier Escudero, Hodei Orueta eta Goiznabar Monclus dira hiru ikasleak, EHUk jakinarazo dauenez.

Orain urtebete ekin eutsien abentureari, eta egun, Nepalen dagoz, Katmandu uribururantz pedalei eragiten. Javier, Hodei eta Goiznabar on line dabilz bidaiaren barri emoten www.biziklautak.es webgunearen bitartez. Bertan topau daitekez egunero biziten dagozanaren kontakizunak, argazkiak eta bideoak.

Era berean, etorkizunean biziko dituen esperientzien alkartrukatzea eta jazoko dituen ezagutzak Euskal Herriko Unibersidadeko beste ikasleentzat mesedegarriak izan daitekez, EHUren arabera.

Ibilbidea Bilbon hasi ebenetik, Frantzia, Monako, Italia, San Marino, Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Montenegro, Albania, Mazedonia, Bulgaria, Turkia, Iran, Arabiar Emirerriak, Oman eta India zeharkatu ditue, Nepalera heldu arte.

Hamabi hile honeetan momentu gogorrak bizi izan doguz, gosea, hotza, gaixotasunak, bero asko, nekea, bakardadea... Gure poztasun handiena da bidaia honegaz gozetan jarraitu ahal izatea, momentu gogorrenetan be esperientziak merezidu dauelako. Egun bakotxa zelakoa izango dan ez jakitea droga bihurtu da guretzat. Eta egunero ikasten eta mundua deskubriduten jarraitzea da motibetan gaituana, azaldu dabe abenturazaleek.

EHUren arabera, ez dago dudarik bidaia hau aztarna sakona ixten dagoala hiru ikasleakan. Kultura desbardinakaz izan doguzan hartu-emonei esker ikuspuntu desbardinak jaso doguz. Konturatu gara, kultura batetik bestera aldatzen diran ideiak tokiko erlijinoek eraginda datozela, bai kristinaua, musulmana, bai xiita zein sunia, zoroastroa, hindua edo budistea. Baina aniztasun horregaz guztiagaz batera, hain hur biziten horrenbeste egun igaro ondoren, ikusi dogu personak horixe dirala, personak, eta danok daukaguzala antzeko kezka, anbizio, arazo eta amesa, esan dabe.

Bidaiako momentu gogorrena joan dan zemendian bizi izan eben, bost hile eroiezenean errepidean, Goiznabarrek arazoak izan zitualako bere belaunean. Abuztuaren amaiera aldera, Esloveniatik Kroaziarako bidean, lehen arazoak igarri zituan, baina hainbat mediku froga egin eta zati batzuetan dekantsua hartu eban arren, mina ez zan arintzen.

Erraza izan ez arren, Bilbora itzultzea erabagi eban kondromalazia osatzeko eta menisko ebakuntza bat egiteko. Bost hile behar izan zituan errekuperetako, baina apirilaren amaieran, lagunak Indian egozanean, barriro bat egin eban espedizinoagaz eta aurrera jarraitzen dau orain abentureagaz.

Aurrera begira, Nepaletik Asiako hego-ekialderantz abiatuko dira datozen hileotan, Kanbodia, Vietnam, Laos, Tailandia eta Myanmar ezagutzeko. Handik Australiara eta gero Ameriketara joango dira.

Azken kontinente honi jagokonez, oraindino be dudak daukaguz eta ez dakigu iparraldetik ala hegoaldetik zeharkatuko dogun; urtaroaren arabera hartuko dogu erabagia. Eta handik hegazkin bat hartuko dogu azken herrialdera, Portugalera, gero, Bilbora mendebaldetik sartu ahal izateko eta, holan, munduari itzulera beti norabide berean amaitu ahal izateko, azaldu dabe.

EHU da abenturearen sustatzaile nagusia, proiektuarekin bat egin daben hainbat enpresaren babesagaz. Ekimen honen helburuetako bat unibersidade eta kultur ezagutza eta ekintzailetzearen ideia munduan zehar zabaltzea da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu