Marcat Dance konpainiak 'El bosque' ikuskizuna estreinauko dau Euskadin
2025-10-29 12:42Zemendiaren 6an, Azkuna Zentroan, Bilbo-Bizkaiko Nazinoarteko XXVI. Dantza Jaialdiaren barruan.
Marcat Dance konpainiak, egoitzea Vilchesen (Jaen) dauenak eta Mario Bermúdez koreografo eta jantzari andaluziarrak eta Catherine Coury jantzari estadubatuarrak sortu ebenak, El bosque ikuskizuna estreinauko dau Euskadin, Dantzaldia 2025 jaialdiaren esparruan. Muntaketeari Lorca Saria emon eutsen Dantza Ikuskizun Onenari eta Koreografia Onenari. Urte berean, finalistea izan zan piezea Talia Sarien hiru kategoria nagusietan.
El bosque naturan dago inspirauta eta lau artista ditu oholtzan: hiru jantzari (aitatutako Mario Bermúdez –zuzendaria eta koreografoa be bada- eta Catherine Coury, Marilisa Gallicchiogaz batera) eta jatorrizko musikearen sortzaile José Pablo Polo, oholtzan bertan, jantzariak bertan dirala, zuzenean joten dauena. Ikuskizunak, konpainiako kideen eretxiz, bidaia bat, jentea ingurune natural bizi batean, bertoko giroetan, misterioetan eta kemenetan sartzeko konbita egiten deuskuna. Elementu guztiak -koreografia, argiztapena, jantziak, musikea eta bestelakoak ikusmen eta zentzumen-esperientzia sortzeko diseinau dira, interpreteak zein ikusleak galdu eta barriro batu daitezan, baso, batzuetan, argitsua, besteetan, iluna, argia eta ugerra, bildurgarria eta zoragarria dan inguruan. Holan, Marcat Dance konpainiakoek oholtzan naturearen ahalmena eta erakargarritasuna gogora dakarskue, sano iradokitzailea eta inguratzailea dan lengoaia koreografikoan irudikatua, neurri batean animalien portaeran eta ingurumeagaz dituen hartu-emonetan inspirauta.
Estreinau ebenetik, El bosque ikuskizuna Estaduko hainbat antzokitan ibilia da, baita zenbait herrialdetan be, besteak beste, Kolonbia, Alemania, Panama edo Txinan. Marcat Dance jantza garaikideko Espainiako konpainia garrantzitsuenetako bat da eta nazinoartean etorkizun handiena dau. 2016an sortua, Marcat Dancek sorkuntza, antzezpena eta prestakuntzea buztartu ditu, ikerketan, irudimenean eta giza espirituagazko loturan oinarritutako ikuspegia izanda. Birak egin ditue Europan, Asian, Amerikan eta Ekialde Ertainean zehar eta 2020tik, Festival Vildanza jaialdia sustatu eta zuzentzen dabe udaro, jaioterrian (Vilches). Marcat Danceren errepertorioa ez eze, Mario Bermúdezek lanak be sortu ditu horreentzat, besteak beste, Compañía Nacional de Danza de España, Scapino Ballet (Herbehereak) edo Hung Dance (Taiwan).
Sarrerak, Azkuna Zentroko webgunean eta txartel-leihatilan salgai. Prezioak, 7 eta 14 euro artean, beherapenen arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
