Euskal Museoaren fatxadan dagoan Bilboko armarria zaharbarritu dau Bizkaiko Aldundiak

Bizkaie! 2014-07-10 10:41

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Euskal Museoaren fatxadan dagoan Bizkaiko uriburuko armarria zaharbarritu dau. Pieza hori 1940. urtean jarri zan museoko fatxadan, Atxuriko Ubideen Ibiltokiko horma batetik kendu ostean.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Euskal Museoaren fatxadan dagoan Bizkaiko uriburuko armarria zaharbarritu dau. Pieza hori 1940. urtean jarri zan museoko fatxadan, Atxuriko Ubideen Ibiltokiko horma batetik kendu ostean.

Zaharbarritu dan piezeak errege koroa eta ardi larruzko orla ditu gainean, eta barruan Bilboko armak eta San Anton eleizea eta zubia, azken horren kasuan bi ogiba arkugaz eta, horreen gainean, bi arrapalaotso, bata bestearen gainean.

Foru erakundeak jakinarazo dauenez, leheneratu dan armarria mortairu agregatuzkoa eta zementuzkoa da, barruan zurtoin metalikoak erabiliz sendotua.

Obra oso txarto egoan bere azalera osoan eta era guztietako patologiak zituan: 15 bat bolumen galduta, azalerako pitzadurak, exfoliazinoak euskarrian, likenen eraso biologikoa, oxidazinoa eta indartzeko zurtoinen tamainuaren gehikuntzea, inguruko materiaren gainean eragin mekanikoa sortzen ebenak.

Horreek guztiak ez eze, ikusi zan zementuzko eta agregatuzko masak sartuta zituala galdutako bolumenak leheneratzeko, edo armarriaren ia azalera osoa kolore okrea eban gotele erara aplikauta egoan materia batez estalita egoala, inguruko fatxadeagaz mimetizetako asmoz. Alde babestuetan zarakar baltzak zituan eta azala oso zikin.

Bizkaiko Foru Aldundian zaharbarrikuntzan adituak diran langileek lanari ekin eutsien armarriak zituan patologiak identifikau eta kokatu ostean. Lehen esku-hartzean, erliebearen osotasun fisikoa bermatzeko jardun zan, obrea kaltetzen eben eragile patogenoak murriztuz eta ezabatuz, ostean unidade estetikoa leheneratzeko eta denporan zehar irauteko tratamenduak apliketako.

Horretarako, materialak eta obrak material horreekazko izango eban erantzuna aztertu ondoren, eraso biologikoa ezabatu zan kuaternarioko amonioa aplikauta eta prezisinozko tornuak eta fresak erabilita azala estaliz, bolumenak eta pitzadurak erretxina epoxidikoa injektauta finkatuz.

Era berean, altzairu herdolgatxezko zurtoinak sartu ziran bolumenak ezartzeko eta barriro eregiteko, eta falta ziran atalak mortairu tradizionalak erabiliz eregi ziran (kare hila, agregatu fina eta marmol hautsa), eta azaleran mortairu tradizional erako beste geruza fin bat aplikau jakon, armarriak galduta eban azala leheneratzeko. Tratamenduak amaitzeko azken belaunaldiko hidrofugantea aplikau zan, armarriaren gainean eragina daben atmosferako eragileen eraso gogorretatik babesteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu