Lurraldea eta Hizkuntzearen arteko loturan sakontzeko Online Ikastaro Edegi Masiboa (MOOC) antolatu dabe

Bizkaie! 2014-06-02 18:16   Euskerea berbagai

Bertan, hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketearen arteko loturea aztertuko dabe. Dagoeneko 100 parte-hartzailek emon dabe izena. Matrikulea doban da. Izena emoteko: mooc.asmoz.org.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEUk eta ASMOZ Fundazinoak Hizkuntza eta Lurraldea: oinarriak, erronkak eta praktikak On line Ikastaro Edegi Masiboa (MOOC) antolatu dabe pasa dan urtarrilean egindako jardunaldiei jarraipena emoteko asmoz. Bertan, hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketearen arteko loturea aztertuko dabe. Dagoeneko 100 parte-hartzailek emon dabe izena. Matrikulea doban da. Izena emoteko: mooc.asmoz.org.

Prentsaurrekoan Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak; Iiñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak; Unai Fernandez de Betoñok, ikastaroaren antolatzaileak eta Oihana Sanzberrok, ASMOZ Fundazinoko Zuzendariak parte hartu dabe.

Zigor Etxeburuak emon deutso hasierea prentsaurrekoari: Gipuzkoa lurralde euskalduna da. Momentu honetan, behintzat, errealidade soziolinguistikoari erreparauta, Euskal Herriko herrialderik euskaldunena da Gipuzkoa, euskeraz bizi ahal izateko baldintzarik egokienak dituana. Horregaitik, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskeraz biziteko eskubidearen alde lan egingo dau, eta gure hizkuntzeari lehentasuna emon nahi deutso. Baldintza horreek, baina, aldakorrak izan daitekez, enpresen, personen edota erakundeen jardunaren arabera. Geografiak hizkuntzen garapenean eragin handia dauela nabarmentzen dabilz hizkuntzalariak, eta hari horretatik tira eginez, euskeraz biziteko baldintza horreek aztertzen hasi ginan pasa dan urtarrilean Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. Bertan, lurraldearen antolaketeak hizkuntzei zelan eragiten deutsen aztertu genduan, eta gai horretan sakontzen jarraitzeko asmoz antolatu dogu ikastaro hau. Ez neuke ahaztu nahi proiektu honetan parte hartzen gabilzan eragile guztien alkarlan emonkorra: UEU, ASMOZ Fundazinoa, UEMA, Kontseilua eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak gizartean pil-pilean dagozan gaiei hausnarketa akademikoa emoteko bidearen garrantzia azpimarratu dau: UEUrentzat euskal gizartearentzat garrantzitsuak diran gaiak eta kezkak ikuspegi unibersitariora ekartea ezinbestekoa da. Unibersidadea eta gizartearen arteko zubiak eregi behar dira etenbarik, isolatutako planetak bihur ez daitezan. Gizarteak unibersidadea behar dau ezagutzak sortzeko, ezagutza horreek zabaltzeko, jakintza garatzeko eta gizon emakumeak trebatzeko. Unibersidadeak, barriz, gizartea beharrezkoa dau bere barruan existiduten dalako. Goian aitatutako funtzino horreek beteteko markoa da gizartea, berari egiten deutsoz ekarpenak. Hori dala eta antolatu genduan urtarrilean Lurralde eta Hizkuntza jardunaldia, eta gaur aurkezten deutsuegun ikastaroa. Horrezaz gan, gaur aurkezten dogun MOOC ikastaroak bete-betean bat egiten dau UEUk on line irakaskuntzearen alde egindako apustuagaz eta ziur gagoz oso emoitza interesgarriak ekarriko dituala besteak beste, lanean gabilzan eragileen alkarlan aberatsagaitik.

Jarraian, Unai Fernandez de Betoñok, UEUko zuzendaritzakideak eta ikastaroko batzorde akademikoko kideak ikastaroaren nondik norakoak emon ditu: Online ikastaro libre honen helburu nagusia urigintza-plangintzearen eta euskera-dinamikearen arteko loturan sakontzea da, orain arte gehiegi kontuan hartu ez dan lotura hori gizartean ahalik eta gehien zabalduz. Zer topauko dau ikastaroaren parte-hartzaileak? Urbanizazino-fenomenoaren eta euskerearen bilakaerea lotzen dituen hainbat bideo labur, zenbait erreferentziazko artikulu, eta ideien hartu-emonak bultzatzeko ariketa eta galdera batzuk.


Hiru atal izango ditu ikastaroak:

Lehen atalean marko orokorra landuko da: lurralde- eta urigintza-plangintzeak hizkuntza aldaketan eragiten dauen problematika zabala aurkeztuko da.

Bigarren atalean marko juridikoa landuko da: arazoaren alde legalak sortzen dituan trabak eta aukerak azalduko dira.

Eta hirugarren atalean, marko praktikoa landuko da: urbanizazino-fenomenoak eragindako arazo soziolinguistiko jakin batzuk azalduko dira, problematikeari izen zehatzak jarriz.

Gaia gizartearatu nahi dabela adierazo dau Fernandez de Betoñok: MOOC ikastaro honek jarraipena emoten deutso Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk urtarrilean antolatutako kongresuari, gaia benetan garrantzitsua dala uste dogulako. Euskerearen bizibarritzerako urigintzearen aldagaia be kontuan hartu behar dalakoan gagoz, azken finean antolakuntza fisiko espazialak (erabagiten dauena non egiten dogun lo, non egiten dogun lan, non disfrutetan dogun aisiaz edo zelan mobiduten garen leku batetik bestera), eragin handia dauelako gizartearen dinamika guztietan, baita dinamika soziolinguistikoetan be. Gaiaren azterketeari jarraipena eman nahi deutsagu, eta ikastaro honek beste pausu bat emoten lagunduko deusku, arazoa gizarteratze aldera.

Azkenik, Oihana Sanzberok, ASMOZ Fundazinoko Zuzendariak bere erakundeak irakaskuntza telematikoan dauen esperientzia azpimarratu dau: Asmoz Fundazinoa Eusko Ikaskuntzaren barruan sortua da eta dagoeneko hamaika urte daroaguz ikastaroak kudeatzen, bai geureak, bai beste unibersidade eta erakundeenak. Zerbitzu publiko bat eskaini nahi dogunez, irabazi asmorik bako Fundazino bat da gurea. Gure helburu nagusia, sare telematikoak erabilita kalidadezko etenbako prestakuntzea eskaintzea da. Horretarako, diziplina bakotxean maila gorenekoak diran irakasleakaz gabilz lanean, eta gure lan taldeak be online irakaskuntzan esperientzia handia dau.

MOOc ikastaroak zer diran azaldu eta Lurraldea eta Hizkuntza gaiak lantzeko formatu honen egokitasuna be adierazo dau Sanzberrok: MOOC (Massive Online Open Course, euskeraz Online Ikastaro Edegi Masiboa) doban edo kostu txiki batez eta mugarik barik persona guztiei zuzentzen jakezan online ikastaroak dira. Muga fisikoak gainditu eta ikasle kopuru handiak parte hartu leike bertan, eta oso ondo doitzen da ikasle eta parte-hartzaileen interesetara eta ikas erritmoetara. Horrezaz gan, bertan lantzen dan materiala doban egoten da eskuragarri. Pasa dan urtean ASMOZ eta UEUk euskerazko lehen MOOC ikastaroa antolatu genduan (Android sistemeari buruzkoa), eta emoitzea oso positiboa izan zan, 400 izen emote izan baitzituan. Ziur gagoz gaur aurkezten dogunak be interesa piztuko dauela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa