Arabako Eskolartekoaren amaierea, finala eta jaia Legution

Bizkaie! 2014-06-02 13:55   Bertsolaritzea

Epaimahaiak holan erabagita Peru Abarrategik jantzi eban txapela eta Maddalen Arrausik bigarren postua. Biak izango dira Orion bagilaren 21ean izango dan Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finaleko Arabako ordezkariak, herrialdeko bertso-eskolako gazte eta umeguztiek egindako ahaleginaren erakusgarri bikainak.

Maiatzaren 9an emon jakon hasierea Arabako eskolartekoari eta bitarte honetan lau kanporaketa izan dira bi adin tartetan, 14tik beherakoak eta 14 eta 18 urte bitartekoak eta bi modalidadetan, bertso jarriak eta bat-batean. Topaketak Gasteizen, Zalduondon, Aramaion eta Kanpezun izan dira eta Gorbeialdeko, Gasteizko, Lautadako eta Mendialdeko ume eta gazteak ibili dira. Danetara, 60 bat ume eta gazte bertsolarik hartu dabe parte aurtengo edizinoan.

Aldez aurreko beroketa lan horreek merezidu bezelako amaierako jaia izan eben pasa dan zapatuan, bertaratutako ume eta gaztetxuen, bertsozaleen, bertso-eskoletako lagunen eta etxekoen gozagarri.

Bertso sortek edegi eben goizean Legutioko kultur etxean hasitako bertso jaia. Aramaioko bertso-eskolako txikiak izan ziran lehenak oholtzara igoten eta bikain piztu eben giroa umorez betetako bertso-sorta antologiko baten bidez. Horreen ondotik Aguraingo bertso-eskolako umeek Evaristoren doinuak oholtzara igon zituen entzule guztiak kantuz jartea lortu ebelarik. Azken bertso-sortea Murgiako bertso-eskolako gazteena izan zan, eta bertsolari eta perkusinolari bikainak dirala erakutsiz ondoren bat-batean jardun behar eben 6 gazteak zirikatzeko aukerea ez eben alperrik galdu.

Irribarrea ahoan oholtzaratu ziran beraz Maria Fuentes, Markel Yoller, Egoitz Iradier, Peru Abarrategi, Maddalen Arrausi eta Unai Argote. Irribarrez baina bertsotan euren onena emoteko prest. Zortziko nagusian zein txikian saio arinak eta umore ikutu ederrakaz eskaini zituen. 60 entzuleren aurrean, saio orekatua eta bizia osotu eben ofizioka. Ondoren, bakarkakoen txandea heldu zan, puntuari erantzun eta gaiari bi bertso bota beharra. Hasiera batean lan nekeza iruditu arren, entzulek gogoz txalotu eben sei bertsolarien ahalegina eta ale ederrak entzuteko aukerea izan eben bertaratutako guztiek.

Epaimahaiak holan erabagita Peru Abarrategik jantzi eban txapela eta Maddalen Arrausik bigarren postua. Biak izango dira Orion bagilaren 21ean izango dan Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finaleko Arabako ordezkariak, herrialdeko bertso-eskolako gazte eta ume guztiek egindako ahaleginaren erakusgarri bikainak.

Bat-bateko saioa amaituta eguraldi eskasari irribarre eginez, kalejiran abiatu ziran ume, gazte eta gurasoak kaleetan zehar. Alboka, pandero eta puntuau bako bertsoek hartu eben kalea. eta 15:00etan Kiroldegiaren aterpean herri bazkari gozoa izan eben eskerroneko sari. Bazkalostean herri olinpiadak egin zituen, tensinoak alde batera itxita, bertso-eskola guztiak nahastauta, egunari amaiera bikaina emonez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu