Pozarren Balmasedan eta Gernikan
2014-06-02 12:06 Euskerea berbagaiEuropako hauteskunde egunagaz bat ez egiteko, Ibilaldiak eguna aldatu ostean, Euskal Eskola Publikoaren 23. Jaia eta Ibilaldia, Bizkaiko Ikastolen 36. Jaia egun berean ospatu arren, milaka lagun hurreratu dira hitzordu bietara eta antolatzaileak pozik dagoz.
Balmasedan egindako Euskal Eskola Publikoaren 23. Jaiaren balorazino positiboa egin dabe antolatzaileek. Alde batetik, gure lanean aurrera jarraitzeko indarra emoten deuskue Balmasedara hurreratu diran milaka familia eta lagunek, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren alde ez eze, Euskal Eskola Publikoaren hezkuntza-ereduaren aldeko apustua egin dabelako.
Bestalde, lortu dogu Hezkuntza administrazinoak dauen ardurea autortzea kalidadezko Euskal Eskola Publiko baten alde, eta berau jagon eta sustatzea jagokola. Esangura horretan, oso positiboki baloratzen dugu gaur Balmasedan izatea Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. Azkenik, argi itxi dogu LOMCEren kontrako gure jarrerea eta berau ez apliketea eskatzen deutsagu Eusko Jaurlaritzeari.
Antolakuntzearen aurreikuspenak guztiz gainditu dira. Horren adierazle dira, besteak beste, aparkalekuak ganezka egitea eta janaria amaitu izana. FEVEk zerbitzua indartzeak be lagundu dau milaka persona hurreratzen Balmasedara. Jarduera guztiak normaltasunez egin dira.
EHIGEk eskerrik beroenak emon nahi deutsez Balmasedara etorrita Euskal Eskola Publikoari babesa eman deutsien milaka personei, Balmaseda eta Enkarterriko hezkuntza-komunidadeei eta Euskal Eskola Publikoa jai-giroan aldarrikatzeko laguntza emon deuskuen erakundeei.
Euskararen bihozfera Gernikan
Seber Altube Ikastoleak ilusino handiz hartu eban Ibilaldia 14 antolatzeko lekukoa eta pozarren dagoz orain jentearen erantzuna ikusita. Hasierako ekitaldian, agintari, konbidatu eta Ikastolen mobimentuko ordezkariak batu dira Gernika-Lumon euskereari eta ikastolen proiektuari bultzadea emoteko asmoz. Ekitaldi horretan, aniztasunari eta ingurumenari keinua eginez, Gernikako arbolako kimua landatu dabe, Ibilaldiaren presentzia gure ondorengoakana heldu daiten. Berau jagoteko konpromisoa hartu da bertan, ikastolon proiektuak euskerea eta euskal kulturea jagoten dituan lez.
Ondoren zirkuituak edegiera hunkigarria izan dau. Lehena eta oraina buztartzeko asmoz, ikastolako lehen promozinoko ikasle bik eta gaur eguneko ikaslerik gazteenak zintea moztu dabe. 11:00etan Ibilaldiaren ohiturei jarraituz, Omenaldia izan da, kasu honetan euskalki eta azpieuskalkien arloetan lanean ibili diran elkarteei.
Milaka eta milaka euskaltzale han eta hemen ibili dira Ibilaldiak egokitutako ibilbidean zehar. Giroa ezin hobea izan da egun guztian, eta antolatutako ekintza guztiak normaltasunez egin dira.
Aurtengo ibilbidea Gernika-Lumoz gan, Forura be heldu da, Urdaibaiko biosferan bete-betean sartuz. Ibilaldiaren lekukoa hartu zanetik jakin baekien ikastoleak erronka handia ebala, izan be, aurtengo Ibilaldiaren helburua eskualdeko Ibilaldia izatea izan da, eta harro esan geinke zailtasun guztiei aurre eginez, Urdaibaik oso ondo erantzun dauela.
Ibilaldia aurreikusita bezela joan da. Garraio publikoak oso ondo funtzionau dau eta espero zan lez, jente gehiena trenez hurreratu da. Nabarmendu nahi dogu, aurtengo Ibilaldiak jai jasangarriagoa izateko egindako ahalegina, Erronka Garbia zigiluagaz bat eginez.
Honenbestez, aho-betez esan geinke lainoez gan pozik gagozala eta alkarregaz aurrera egin eta egingo dogula. Bihartik aurrera be Euskararen bihozfera aldarrikatzen jarrituko dogu!
Azkenik, eskerrak emon Euskal Herriko bai ikastolek bai euskal alkarteek geugaz egoteko egindako ahaleginagaitik. Eskerrik asko Gernika-lumon egun honetan egon diranei eta hau dana aurrera eroatea posible egin daben guztiei.
Gogoratu datorren urteko Ibilaldia, Bilbon izango dala, Harrobia ikastoleak antolatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!