Claude Iruretagoyena koreografo ospetsuak jauzien eta mutildantzearen sekretuak argituko ditu astegoienean Areatzan

Bizkaie! 2014-05-16 14:19   Kulturea

Aiko taldeak jantzan jarriko dau barriro be Areatza herria astegoien honetan, maiatzak 17 eta 18. Euskal jantzak zabaltzen dabilen musikari eta jantza-maisuen kolektibo honek Jantza Astegoiena antolatu dau barriro.

Aiko taldeak jantzan jarriko dau barriro be Areatza herria astegoien honetan, maiatzak 17 eta 18. Euskal jantzak zabaltzen dabilen musikari eta jantza-maisuen kolektibo honek Jantza Astegoiena antolatu dau barriro. Aurtengo programazinoari ganeratu deutsozan jantzazaleentzako minibarnetegi barritzaile honeen helburua, jantza herrikoiaren modalidade batzuen ikasketea erraztea da, Dantzaldi Ibiltaria izeneko bere proiektuko ohiko ikastaro eta tailerretan baino era espezializatuago batean. Oraingo honetan, jauzien eta mutildantzearen txandea izango da, luxuzko maisu baten eskutik: Claude Iruretagoyena baionarra, euskal jantzen barritzaileetako bat, Maritzuli konpainiaren Aurrez aurre lako ikuskizunen arduraduna. Tailerrak zapatu arratsaldean eta domeka goizean egingo dira, Gorbeiako Parke Naturalaren magalean kokatuta dagoan Areatza Bainuetxe Hotelean (Askatasuna kaleko 50-bisean) eta Bizkaiko herri horretako udal lokaletan.

Jantza Astegoienak maila desberdinetako bi tailer eskaintzen ditu, eta horreetan parte hartzen dabenek norberaren interes eta ezagutzaren arabera aukeratu ahal izango dabe. Patxi Laborda eta Josu Garate Aiko taldeko jantza-maisuak arduratuko dira jantzazaleei irakasteaz eta mutildantzeagaz ondo pasarazoteaz, aurretiaz ezagutzen dituen pausuen bidez egitura barriak sortuz eta inprobisazino erritmikoaren sekretuak azalduz. Bestalde, Claude Iruretagoyenak jauziei ekingo deutse domeka goizeko master class/tailerrean. Iruretagoyena koreograforik autortuenetakoa da bere ikerketa-lanakaitik eta proposamen barritzaileen sorkuntzeagaitik. Horreen artekoa dogu, esaterako, Ixtorio mixtorio ikuskizuna, ume-jolasak mitologiagaz eta inauteriakaz lotu eta sei eta hamabost urte tarteko 90 neska-mutil baino gehiago oholtza gainean batzen zituana. Eszenografian eta jantzigintzan be trebatu da, arlo horreek be erabarritzeko asmotan. Zereginotan, Maritzuli konpainiagaz ez eze, Kukai taldeagaz be lan egin dau, Jorge Oteizari eskaini eutson ikuskizunean.

Hotelera heldu (16:00ak aldera) eta Udaletxean egingo dan aurkezpenaren ondoren, eskolak zapatuan hasiko dira, maiatzak 17, 17:00etan. Lehenengo saioaren ondoren, parte-hartzaileek ikasitako guztia erakusteko aukerea izango dabe, Udaletxeko plazan egingo dan erromerian. Ekitaldi hau zabalik egongo da bertaratu nahi daben guztientzat. 19:00etatik aurrera, jantzazale guztiek zuzeneko musikea, parrilada gozo-gozoa eta nahi beste sagardao eskainiko dituan ospakizun alaiaz gozetako aukerea izango dabe. Beraz, olgetan egin, baina kontuz, domekan be neurria emon behar baita. Domekan, hilak 18, eskolak 10:00etan hasiko dira.

Bertan parte-hartzeko, derrigorrezkoa da plazea aldez aurretik erreserbetea Aikoren webgunean.


Udabarriko azken erromeria gaur, barikua, Bilbon, Bizkaia Aretoan

Gaur, barikua, maiatzak 16, Aiko taldeak udabarriko bere azken erromeria eskainiko dau Bizkaia Aretoan. Udaberriko Dantzaldiek martiko eta apirileko hitzorduetan izandako arrakasta handiaren ondoren, UPV/EHUren Abandoibarrako egoitzea zabalik egongo da barriro be, 19:00etatik aurrera, Bilboko erdigunean jantza tradizionalez gozau nahi daben jantzazale guztientzat. Udaberriko Dantzaldiak programea Euskal Herriko Unibersidadearen eta Bizkaiko Campuseko Kulturbasque kultur-egitarauaren eskutik sortu da, Aiko taldeko musikari eta jantza-maisuen kolektiboak doinu eta jantza herrikoiak ahalik eta jente gehienagaz konpartiduteko esparru barriak sortzearen alde azaldu dauen interesari erantzunez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu