'Egoera eraldatuak', Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultadearen erakusketa barria Bilbon ikusgai

Bizkaie! 2014-05-14 15:08   Kulturea

Egoera eraldatuak proiektua aurrez aurre ipinitako bi begiradaren arteko topaketa konplize lez azaltzen da. Bertan, bi artistek huts berezi baten inguruko alderdi garrantzitsuak topau nahi ditue, eta han lotura paradoxiko bat ezarri nahi dabe, absentzia eta presentzia alkarrizketa piktorikoaren ardatz nagusiak izanik.

Egoera eraldatuak, Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultadearen artean sinatutako lankidetza akordioaren esparruan sortutako erakusketa barria dogu José Luis Ochoa eta Juan Calleja lizentziatuen lanak batzen dituan hau.

Unibersidade horretako doktore eta irakasle dan Daniel Rodríguez Vázquezen koordinazinoagaz, José Luis Ochoak eta Juan Ramon Callejak euren bideak batu ditue baterako erakusketa-proiektu bat egiteko, UPV-EHU Euskal Herriko Unibersidadean egiten dagozan doktorego-ikasketen osogarri. Diferenteak diran baina helburu bera daben bi artistaren bi ahotsen arteko alkarrizketan oinarritutako topaketea izango da eta ikuspegi kontzeptualak aparteko garrantzia hartuko dau. Erakusketea Bilbon, Batzar Nagusien erakusketa aretoan izango da bagilaren 7ra arte.

Erakusketara 20 artelan batu ditue, eta erakusketearen katalogoaren hitzaurrean komisarioak berak dinoen legez, Begirada estetiko hori, kontzeptualak aparteko garrantzia hartzen dauen begiradea, zorigaiztokoaren azterketa gogoetatsuaz zein adierazezinaren bizipen-dimensinoaz arduratzen da. Ochoaren lana materiara eta denporeagaz eta eraldaketeagaz dauen hartu-emonetara hurreratzen da gehienbat, eta besteak beste oroimenaren eta aztarnaren kontzeptuak eta oxidazinoa eta antzeko prozedura adierazkorrak hartzen ditu barne. Callejak, barriz, zorigaiztokoari eta haren dimensino estetikoari heltzen deutse, estrategia lez erabilitako haustearen inguruan, baita horrek guztiak sortzen dauen artegatasun emozionalari be.

Azken baten, Egoera eraldatuak proiektua aurrez aurre ipinitako bi begiradaren arteko topaketa konplize lez azaltzen da. Bertan, bi artistek huts berezi baten inguruko alderdi garrantzitsuak topau nahi ditue, eta han lotura paradoxiko bat ezarri nahi dabe, absentzia eta presentzia alkarrizketa piktorikoaren ardatz nagusiak izanik. Rodríguez maisuaren ustez, alkarrizketa hori kontrako ikuspegietatik baina ikuskera osogarrietatik konponduko da: bata, irudi femeninoaren bidez, eta bestea, espazio hutsen bidez.

Callejaren lanek zorigaiztokoak bere adierazpen desbardinetan eragindako emozino-egoera hondatzaile batean sartuta dagozan emakumeak erakusten ditue. Ochoak, barriz, gogoetea eragiten daben espazioak iradokitzen ditu; horreetan, absentzia eta bakardadea irudizko berreraikuntzarako tresna bihurtzen dira.

Aitatu margolarien lanen aukeraketa horri esker, UPV-EHUko lantegietatik sortutako bi egile gaztegaz eta euren lan eta ikerketa artistikoko proposamen bereziakaz pozez beterik alkartzeko aukerea izango da, hori guztia Bizkaiko Batzar Nagusiek Leioako Fakultadeko talentuak suspertzen aspalditik emoten danben laguntzinoari esker.

José Luis Ochoa (Santander, 1974):

Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder fakultadean lizentziatua da eta gaur egun bateratu egiten ditu karrera artistikoa eta ikertzailea; izan be, Unibersidade horretan buru belarri dabil bere Doktorego Tesian, Materia eta adierazezinaren esperientzia erradikala gaur egungo pinturan gaiari buruz. José Luis Ochoak zenbait sari jaso ditu eta bost erakusketa indibidual eta hamabost talde erakusketa egin ditu, bai bakarrean, bai Colectivo Ignorarte izenekoagaz batera, horreetako azkena All That Is Solid Melts Into Air, ArteSantander ferian.

Juan Ramon Calleja (Santander, 1963):

Juan Ramón Calleja Peredo Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder fakultadean ikus-entzunezkoetan lizentziau zan. Arte Ikerketa eta Sorkuntza masterra egin eban Desplazamiento y estetización en lo siniestro izenburuko ikerketa lanagaz. Asociación Año Jubilar Lebaniego izenekoaren bekea jaso eban Dimensión estética y simbólica en los espacios metafísicos de lo sagrado izeneko proiektuan ikerketa lanak egiteko. Gaur egun bateratu egiten ditu tesigintzea —Poética de lo siniestro: la transgresión como estrategia izenburukoan dabil lanean—, eta ikerketea eta irakaskuntzea. 11 erakusketatan parte hartu dau, bakarrean zein taldean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu