Zenbat Garak 'Gazteola' ekimena sortu dau, ume eta gazteen artean aisian eta hezkuntzan euskerearen erabilerea sustatzeko
2014-05-14 11:36 Euskerea berbagaiZenbat Gara alkarteak Gazteola aurkeztu dau, 6 eta 19 urte bitarteko ume eta gazteen aisialdian eta hezkuntzan euskerearen erabilerea sustatzeko bagiletik irailera antolatutako ekimen barria. Urte osorako egitasmoa da, baina uda honetarako dagoeneko hainbat campus, udaleku eta jarduera tailerrak antolatu ditu, ume eta gazteei zuzenduta.
Zenbat Gara alkarteak Gazteola aurkeztu dau, 6 eta 19 urte bitarteko ume eta gazteen aisialdian eta hezkuntzan euskerearen erabilerea sustatzeko bagiletik irailera antolatutako ekimen barria. Urte osorako egitasmoa da, baina uda honetarako dagoeneko hainbat campus, udaleku eta jarduera tailerrak antolatu ditu, ume eta gazteei zuzenduta. Gainera, Gabriel Aresti euskaltegiak udarako atondu dauen barnetegien eskaintzea be aurkeztu dau.
Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpen prentsaurrekoan, Zenbat Gara alkarteko Xabier Monasterio, Gazteola ekimeneko arduradun Aritz Estibez eta Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendari Isabel Isazelaia egon dira, ekimenean parte hartu daben Danok Bat futbol taldeko, Bizkaiko Saskibaloi Federazinoko, Bertsozale Alkarteko edo Pilotako Bizkaiko Federazinoko ordezkariakaz batera.
Kontuak kontu, Estibezek azaldu dauen moduan, Gazteola ekimenaren helburua ume eta gazteen hezkuntzan eta aisian euskerearen erabilerea eta euskal kulturearen ezagutzea sustatzea da, hau da, ume eta gazteentzat euskerazko aisialdi eta hezkuntza esparru barri bat sortzea Bilbo erdian bizkaitar eta euskaldunentzat.
Ekimenak aurrekariak ditu, izan be, 2012an, Danok Bat taldeagaz batera eginiko lehen futbol campusa eta Kurkuluxetan antzerki eskoleagaz antolatutako antzerki udaleku eta akademia nabarmendu behar dira. Era berean, igaz, campus eta udaleku gehiago antolatu ziran, hainbat alkartegaz lankidetzan, eta emoitza oso onak izan zirala azpimarratu dau.
Aurten, Gazteola ekimenaren barruan, 6 eta 19 urte bitarteko ume eta gazteentzat hainbat ekimen antolatuko dira bagiletik irailera bitartean. Alde batetik, beste alkarte batzuekaz atondutako campusak dagoz, besteak beste futbol (Danok Bat taldeagaz), saskibaloi (Bizkaiko Federazinoagaz), bertso (Bertsozale Alkarteagaz), pelota (Bizkaiko Federazinoagaz) eta ingeles (Eliot School akademiagaz) campusak.
Horreekaz batera, multikirol campusa eta rock campusa be izango dira Bilbon, Bilborock aretoan, eta futbol campusaz gan, futbol teknifikazino campusa be egingo da Danok Bat taldeagaz batera.
Campusez gan, Gazteola ekimenak udaleku eta tailer asko be eskainiko ditu ume eta gazteentzat, eta barritasunetako bat Dantzaz blai jantza udalekua izango dala nabarmendu dau Estibezek.
Horregaz batera, musika sorkuntzea eta DJ tailerra, bideogintza tailerra, antzerki udalekuak, jolas eta kanta udalekuak eta umeentzako euskera akademia be izango dira Bilbon. Era berean, gazteek barnetegiak egiteko aukerea izango dabe Bakaikun (Nafarroa) eta Bilbon eta ikastaro trinkoak Bilbon.
Gazteola ekimenaren barruan antolatuko diran jarduera guztiei buruzko informazinoa jasoteko eta izena emoteko aukerea honezkero martxan dagoan www.gazteola.com webgune barrian izango dala jakinarazo dau Estibezek.
Barnetegiak eta ikastaro trinkoak
Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendari Isabel Isazelaiak euskaltegiak uda honetan izango dauen eskaintzearen barri emon dau. Holan, aurten be, barnetegiak antolatuko ditu Bilbon eta Bakaikun, eta ikastaro trinkoak udea euskerea ikasi eta maila jasoteko aprobetxau nahi dabenentzako.
Gainera, euskaltegiko zuzendariak nabarmendu dau aukera barriak eskainiko dituela Bilbon zein Bakaikun udan euskerea ikasteko, besteak beste, asteburuetako barnetegiak bagiletik irailera bitartean, lehen aldiz asteburuetan euskerea ikasteko aukerea emongo dabenak, eta Kultura eta Natura barnetegiak, eskolarik bakoak baina ikasi eta gozetako jardueren programazino zabala dabenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!