Julen Gabiria: 'Bidaiak emongo deust aukerea, aspaldiko partez, neugaz bakar-bakarrik egoteko'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-05-12 11:10   Barriketan
Idazlea eta itzultzailea

Maiatzaren 14an, eguaztenean, Julen Gabiriak 1.500 kilometroko bidaiari ekingo deutso, Gernika-Amsterdam, 16 etapatan. Orain hamar urte argitaratu eban Han goitik itsasoa ikusten da (Elkar) nobelea nederlandera itzuli dau Zirimiripress, eta aurkezpena hilaren 31n egingo dabe han bertan. Gabiriari bidea bizikletaz egitea otu jakon orain pare bat urte, eta eguna heldu da...


1.- Hasteko, zelan otu jatzun Amsterdameraino bizikletaz joatea Van daarboven zie je de zee-ren aurkezpenera?

Liburua itzuli ebela jakin neban egunean sortu zan idea. Donostian nengoan, beste liburu baten aurkezpenean, eta ondoan neukan Ander Izagirre. Neugaz batera jakin eban aurkezpenaren barri. Anderrek Plomo en los bolsillos liburua aurkezteko Tour de plomo izenekoa egin eban, Madrilera bizikletaz joan-eta. Berak bota eustan Amsterdamera bizikletaz joatearena. Hasieran bromea zana, gero serioago hartu neban. Etapak diseinetan hasi nintzan, etxean dana zan erraztasuna, lanean be bai...


2.- Desanimau barik danak zeuri animetan...

Ba, bai, eta orduan pentsau neban egin egin beharko nebala. Bideragarria da, egunean 100 km. egin leikez, zergaitik ez. 2011ko urrian bota eustan zirtoa Anderrek, eta 2012 amaieran hasi nintzan apur bat serio hartzen. Etapak pentsetan emon dot denpora gehien, ibilbidea ez da hain gatxa be. Bizikletea normala baino astuntxuagoa da, bide-zorroak daroadaz eta. Normalean, 100 kilometro egiteko bost ordu edo behar dira, nik akaso zortzi beharko dodaz; gogorra egingo jat igual hainbeste ordu bizikleta ganean... Egun osoa daukat niretzat.


3.- Zeren arabera erabagi dozuz etapak? Zenbat dira?

1.500 km. inguru dira, eta 16 etapan egingo dot. Maiatzaren 14an urten eta 29an ailegau. Udan jenteagaz kontaktua egiten hasi nintzan, euren etxeetan lo egiteko. Sare bi erabili dodaz: Warm Showers, zikloturistentzat, eta Couchsurfing, orokorra. Etapak pentsau eta lo egiteko lekuak topetan ibili nintzan, batez be Warm Showers-en bitartez. Eta sare horretan topetan ez nebanean bestera jo dot, baina zikloturisten artean danak beso zabalik hartu naben moduan, bestean jentea uzkurragoa da. Couchsurfing horretan danetariko jentea dago hizkuntzak ikasten doazenak, ligetan doazenak, eta abar, eta egon egon dira lapurretak, bortxaketak... Jentea ez da lar be fietan. Sare biak erabiliz Frantzia iparralderaino helduko naz, Belgikako mugaraino ia. Hara lagun bat etorriko jat autoz, hortik aurrera ez dot lo egiteko ezer hartu, hortik aurrera ez naz bakarrik ibiliko eta.

Sare bietako kideekaz guztiz harrituta nago, baten batek esan deust horretan egunetan bera ez dala etxean egongo, baina etxe azpiko tabernan itxiko deustazala giltzak; beste batek, gurasoenean itxiko dituala. Ohituta egongo dira, ez dakit, norberak igual ez leuke egingo.


4.- Gernikarik Zarautzera izango da lehenengo ekinaldia.

Lehenengo biak laburtxuak dira, Gernikatik Zarautzeraino, eta handik, Baionaraino. Laburrak, baina benetan gogorrak, pestosoa, esaten dan moduan. Liburua Gernikan hasten da, horregaitik abiatuko naz handik. Astratik urtengo naz. Ordutegiak-eta twiterren ipiniko dodaz, baten batek lagundu gura badeust bidean, hobe bidea nonogaz egin bakarrik baino.


5.- Bestelako babesleren bat be topau dozu, ezta?

Bai, halan da, Orbea etxea daukat babesle. Beste batzuk be egiten dabela ikusi eta, neuk be proposamena bota neutsien. Lehenengo mezutik dana izan da eskuzabaltasuna; bizikleta bat itxi deustie, bidairako prestautakoa, Orbea Travel H 30 dauka izena, eta erropea, mallota, kulotea eta kaskoa. Trukean, publizidade apur bat egin behar dot, eta asko gehiagorik ez. Harrituta nago, ate hori bakarrik jo neban, eta arazo barik zabaldu jatan.


6.- Horrek proiektua serioago hartzea ekarri dau?

Kontua da hasieran bidai hau neuk bakarrik egitekoa zala, norberantzako gauza bat, baina halako baten otu jatan twiterren kontetea eta...


7.- Eta denpora gitxian zabaldu zan, bai.

Bai, alkarrizketak egin eustiezan, jentea galdezka... Zalantza horregaz geratu naz, ez ete zan izan beharko neure gauza bat, neuratzako bakarrik, presino bakoa. Orbeagaitik batez be, ez dakit zer uste daben egingo dodala, kar, kar...


8.- Presino apurtxu bat eukitea ona izan leike, ez?

Ba, ez egitekotan egon nintzan zerbikaletako arazo bategaitik, orain ondo nago, eta babesletzaren kontu horrek aurrera egitera bultzatu nau. Negua txarto pasau dot, ez dot inoiz holako minik euki. Hobeto nengoen eta Bilbao-Bilbao martxea egin neban, ondo, baina handik astebetera 20 kilometroko osteratxua egin, eta hauts eginda amaitu neban. Orduan pentsau neban bidaia bertan behera ixtea, baina... Zerbikalen kontuak egitasmoa beste modu batera ikustea eragin dau, trankilago hartuko dot; euria bada trena hartuko dot, etapea amaitzen dan lekuraino. Eta hiru-lau etapa egin ostean, akaso deskantsu-egun bat hartuko dot...


9.- Profesionalen moduan, beraz, Tourrean be deskantsu-egunak daukiez...

Kar, kar, kar, bai, hori da, baina nik dana egingo dot espagetiak eta uragaz, besterik ez. Eurek zelan egiten daben ez dakit...


10.- Egun gitxi-gitxi falta jatzuz zure tourra hazteko, ardura bereziren bat, errespestua emoten deutsun zeozer badago?

Kaminoak beti emoten dau bildurra, etxetik urteten nazenean be, ordu batzutako ibilbidea egiteko be. Bide zabalak ebitauko dodaz, bigarren mailakoetatik joango naz. Kaminoak berak arduratzen nau gehien.


11.- Sare sozielaten zeure barri izango dogula uste dot.

Twiter eta Facebooken bai, ez dakit gauza luzeagorik egingo dodan. Tarteka zeuzertxu ipiniko dot, nonori interesetan bajako. Ez dakit zenbateko interesa euki leiken, ez da abentura handia be, Europa barruan, Gernikatik Amsterdameraino.


12. Sortu leike istorio luzeagoren bat, libururen baterako idearen bat?

Koadernoa eroango dot behintzat. Etxetik kanpo beti zoaz begiak zabalago, baina ez da gauza bera bidaiari huts moduan joan edo bidaia liburu bihurtuko dozula jakinda. Txipa aldatu egiten da. Ez dot uste sanoa danik, sanoagoa da bidaiari huts lez joatea. Urte asko daroadaz idatzi barik, nire eguneroko begiradea ez da idazlearena. Oharrak hartuko dodaz, berezko jakin-minagaz, eta hortik zeozer sortzen bada, aurrera.


13.- Hamar urte dira, izan be, ez dozunik helduentzako libururik idatzi. Zelan ba?

Badagoz hor faktore batzuk, ume biren aita naz, eta badakit beste batzuk halan be egiten dabela. Ni ez naz asko be ahalegindu. Gero, urte bi antzerki arloan ibili nintzan... Gogoa hor dago, baina momentua euki behar da. Idaztea niretzako da zeuretzako ordu onak eukitea, eta nire ordu onak orain gaueko hamaiketatik aurrerakoak dira.

Bidaia honek emongo deust aukerea, aspaldiko partez, neure buruagaz bakar-bakarrik egoteko 15 egun. Ordu asko izango dira. Bidaia bakarra egin dot bakarrik orain arte, 1995ean, Irlandan auto-stopez ibili nintzanean. Orduan ez nintzan idazlea, baina handik urte bira Connemara gure bihotzetan idatzi neban. Txip barik joan nintzan. Egunean zortzi ordu bizikleta ganean, neure gauzetan pentsetan, askorako emoten dau. Hemendik Mungiara joan eta kristoren pelikulak sortzen jataz, ba Amsterdamera...


14.- Edozelan be ez da kasualidadea bizikletaz joatea haraino, motorrean edo autoan be egin zeinkean, baina zuri txirrindularitzea gustetan jatzu...

Kontu guzti honetan lehenengo eta behin txirrindularitza zaletasuna dago. Han goitik itsasoa ikusten da nobelan Gino Bartali txirrindulariak egindakoa azaltzen da, ganera. Dana dago lotuta. Liburua idazten hasi nintzanean ez egoan Bartalik egindakoaren ganeko -Bartalik 800 judu salbau zituan, bizikletan hara eta hona pasaporte eta papel faltsuak eroanez- informazino askorik, ez zan gauza ezaguna, Vaticanoko webgunean aitamenen labur bat besterik ez neban topau. Ostean, urten zan albiste bat El Pais egunkarian, Informe Robinson telebisiniko saioan... Ziklismo zalea naz alde batetik, baina bestetik Bartalirena moduko historia bat topetea, bat etorren kontau nahi nebanerako.


15.- Eta behin Amsterdamera heltzen zarenean?

Aurkezpena hilaren 31n izango da, itzultzailearen etxean. Gauza berezia prestau dabe, 25 lagunentzako afaria emongo dabe eta kontzertu txiki bat, eta amaieran itzulpenaren aurkezpena. Argitaletxekoak harrituta dagoz, eta pozik, laguntzeko prest. Eurentzako gauza polita da. Eta bueltan honegaz danagaz zer egin pentsau beharko dot. Irailean badaukat berbaldi bat Bilbon, Foru Liburutegian; bidaiaren ganean egiten pentsetan nabil, baina ez kronika bat, fikzino bat baino, bidaiaren ganeko guzur bat. Azkeneko asteetan beste idea bat sortu jat, egongo nazen lekuetan jaio edo hil diran txirrindulariei buruzko istorioak batzea. Piloa dagoz, 600 bat aztertu dodaz, baina begiratzeko gehiago daukadaz. Zoramena da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu