Oihana Bartra eta Igor Meñika irabazle, Hego Uribe eta Arratiako Bertsolari Txapelketako finaletan

Bizkaie! 2014-05-05 11:07   Bertsolaritzea

Astegoienean Hego Uribeko eta Arratiako bertso txapelketako finalak jokatu dira, zapatuan bata, eta domekan, bestea, Oihana Bartra Arenas izan zan nagusi Hego Uribeko bertsolarien artean, eta Igor Meñika Bengoetxea, arratiarren artean. Biak sailkatu dira zuzenean Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako.

Astegoienean Hego Uribeko eta Arratiako bertso txapelketako finalak jokatu dira, zapatuan bata, eta domekan, bestea, Oihana Bartra Arenas izan zan nagusi Hego Uribeko bertsolarien artean, eta Igor Meñika Bengoetxea, arratiarren artean.

Joseba Barandiaran Anduezagaz jokatu eban buruz burukoa Oihana Bartra bilbotarrak zapatuan Bilboko Hika Ateneoan. Berrogeita hamar bat lagun batu ziran Hego Uribeko Bertsolari Txapelketako finalean.

Arkaitz Zipitria Mendizabal, Axier Goñi Arsuaga, Joseba Barandiaran Andueza, Oihana Bartra Arenas, Peio Ormazabal Villanueva eta Txaber Ormazabal Villanueva bertsolariak izan ziran Hego Uribeko finalistak. Ariketa guztiak amaitu ostean, Bartrak jantzi eban txapela. Halanda ze, udagoienean egingo dan Bizkaiko Txapelketarako zuzeneko txartela lortu dau bilbotarrak.

Elda Ugarte Mota Santutxuko Bertso Eskolako kideak ipini eutson txapela Bartrari, eta saria banatzen Santutxuko eta Arrigorriagako bertso eskolakoak ibili ziran.

Peio Ormazabal eta Arkaitz Zipitria lehenengo kanporaketatik sailkatu ziran finalera; Joseba Barandiaran, Txaber Ormazabal eta Axier Goñi, bigarren kanporaketatik. Oihana Bartra zuzenean sailkatu da finalera, orain urte biko txapelduna dalako.


Meñika nagusi, Igorren

Domekan, Igorren jokatu eben Arratiako Bertsolari Txapelketako finala. Igor Meñikak eta Iñaki Iturriotzek jokatu eben buruz burukoa. 65 lagun bat alkartu ziran Igorreko Lasarte aretoan Arratiako Bertsolari Txapelketako finalean.

Arazo personalak dirala eta, bertsolari bik ezin izan eben finalean parte hartu. Hori dala eta, ondoko bertsolariek kantau eben saioan: Igor Meñika Bengoetxea, Illart Gumuzio Larrazabal, Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Irati Astondoa Zuluaga. Ibon Iza Totorika izan zan gai-jartzailea, eta Mirari Azula Aurrekoetxea, Ander Txakartegi Basterretxea, Nahikari Ayo Acebo eta Jurgi Fuentes Goikoetxea izan ziran epaileak.

Meñikak 365,5 puntu lortu zituan, beraz Bizkaiko Txapelketan izango da Arantzazukoa. Txapeldunari Eñaut Intxaurraga Uriartek jantzi eutson txapela. Sariak emoten Arratiako eta Dimako bertso eskolako kideak eta Karmele Aurrekotxea Arkotxa Igorreko kultura zinegotzia egon ziran.

Datorren astegoienean, beste final bi jokatuko dira, Busturialdekoa maiatzaren 10ean, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, eta Uribe Butroekoa, 11n, Zamudioko Parke teknologikoko aretoan (Barku eraikina). Saio biak 17:30ean izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu