Irakurketa errazeko lehenengo lau euskerazko liburuak aurkeztu ditue

Dabi Piedra Robledo 2014-04-30 15:35   Kulturea

Gaumin argitaletxeak eta BBK-Alhondiga mediatekeak bat egin dabe Euskadi-Irakurketa Erraza alkarteagaz ekimen barria martxan ipinteko. Testuak ulertzeko zailtasunak daukiezenei, euskeraz ikasten dabilzanei eta alfabetau bakoei literatureagaz disfrutetako aukerea emon nahi deutsie lau liburuko bildumeagaz.

Gaumin argitaletxeak eta BBK-Alhondiga mediatekeak bat egin dabe Euskadi-Irakurketa Erraza alkarteagaz ekimen barria martxan ipinteko. Testuak ulertzeko zailtasunak daukiezenei, euskeraz ikasten dabilzanei eta alfabetau bakoei literatureagaz disfrutetako aukerea emon nahi deutsie lau liburuko bildumeagaz.

Euskal Herrian gauza barria da irakurketa errazaren kontzeptua, baina Europako beste leku batzuetan bultzada handia dauka. Suedian ezarri ziran irakurketa errazerako lehenengo jarraibideak eta, harrezkero, hizkuntza askotarako erabili izan dira. Euskadi-Irakurketa Erraza taldea 2012an hasi zan martxan eta, orain, beste pausu bat emon nahi izan dau, hau da, euskeraz be erraz irakurteko liburuak argitaratu ditu. Ekimenaren bultzatzaile Blanca Matak azaldu dauenez, proiektua martxan ipini genduanetik buruan erabili dogu euskeraz be testuak eskeintzeko beharra, erderazko gure liburuek harrera ona euki dabe, baina jenteak beti galdetzen deusku euskeraz materialik ba ete dogun. Izan be, ikastetxeek, gurasoek, euskera ikasleek edo, beste barik, euskeraz irakurtzeko ohiturarik ez daukienek, asko eskertuko ditue lau liburu barriak, eskaria egon da.

Fernando Morillo Gaumin argitaletxeko arduradunak Santiago bidearen misterioa idatzi dau eta, Ander Izagirrek, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean. Irakurketa errazerako beren beregi idatzitako euskerazko lehenengo liburuak dira. Ganera, bildumea osotuteko, katalanetik itzulitako beste ale bi be aurkeztu ditue: Nuria Martiren Traizioa lakuan eta Montse Floresen Rif mendietako ura. Katalunian hamar urte daroe proiektuagaz, irakurketa erraza ondo barneratutako kontzeptua da han. Gaumin argitaletxeak eta Bilboko Alondigearen mediatekeak bultzatu dabe Euskadi-Irakurketa Errazaren egitasmoa. Blanca Matak esan dauenez, ez neban uste inork babestuko gintuanik, krisi garaian argitaletxerik ez genduala topauko pentsetan neban, eta interesa agertuko eban idazlerik be ez zala egongo pentsau, baina oker nenbilan.

Fernando Morillo idazleak adierazo dauenez, irakurketa errazaren kontzeptua gauza barria izan da niretzat, baina egia da Gauminen aspaldi genbilzala testu errazak behar dituenentzako zeozer egiteko asmoz. Idazteko modua desbardina dala dino Morillok, istorioaren funtsera jo behar da, kontau nahi danaren bihotzera, horrek hasieran gatxa emoten dau, sortzaile lana hilten dauela dirudi, baina idazten hasi ahala jaubetu naz istorioa zuzen-zuzen konteteak be badaukala interesa, istorioaren beraren indarrak eroaten dau liburua aurrera, estrategia bereziak behar dira. Irakurketa errazaren zigilua eroan daian, liburu batek baldintza ugari bete behar ditu, nazinoartean onartutakoak: istorioa bera era zuzenean kontau behar da, korapilo gitxigaz eta ahal danik eta modurik linealenean. Erabilten dan hizkerea erraza, edonork ulertzeko modukoa izan behar da. Eta, forma aldetik be, esaldiak laburrak dira eta orrietan modu berezian ordenauta dagoz, zailtasunak daukiezenen irakurketa-erritmora egokitzeko. Istorioaren laburpena baino zeozer gehiago da, ondo landutako liburuak dira, zehaztu dau Blanca Matak.

Fernando Morillok uste dau, euskeraz, bereziki beharrezkoa izan dala irakurketa erraza bultzatzea. Hizkuntza normalizadua daukien gizarteetan, bataz beste, biztanleen %30ek arazoak daukaz testuak irakurteko; euskeraz, nik uste dot bikotxa be izan leitekezala. Ikasteko arazoak daukiezan umeei, gaitasun kognitibo apaleko personei, euskera ikasleei, etorkinei eta gauza konplikaduak irakurteko gogorik ez daukienei, euskerearen egoera diglosikoa batzen jako gurean. Gune euskaldunetan be baliagarriak dira honeek liburuok, euskeraz alfabetau bako pertsona asko dagozalako, dino Morillok. Ganera, inkesta soziolinguistikoak garbi erakusten dau euskeraz ikasten daben gazte askok zailtasunak daukiezala erabilteko eta zer esanik ez, hizkuntzeagaz disfrutetako.

Azken finean, irakurketa errazeko lau liburuon helburua, jente guztia irakurketara hurreratzea da, orain arte euskerazko liburuak irakurri ezin izan dituenei beste aukera bat emotea. Blanca Matak azpimarratu dauenez, formatu inklusiboa lantzen dogu, irakurketearen demokrazia da hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa