Iberoamerikako musikearen aniztasuna zabaltzeko asmoz sortu dabe EXIB erakusketea
2014-04-09 15:42 MusikeaBilbon egingo dabe, maiatzaren 8tik 10era, Musika Iberoamerikarraren Erakusketea, EXIB. Hiru egunez, musika emonaldiak, profesionalen arteko hartu-emonetarako guneak, mahai-inguruak eta bestelako jarduerak egongo dira. Hizkuntza gitxituek be leku berezia izango dabe, izan be, antolatzaileen arabera, euren asmoa ez da danok ezagutzen dogun musika latino globalizadua erakustea, Iberoamerikako kulturen aniztasuna bere osotasunean erakustea baino.
Bilbon egingo dabe, maiatzaren 8tik 10era, Musika Iberoamerikarraren Erakusketea, EXIB. Hiru egunez, musika emonaldiak, profesionalen arteko hartu-emonetarako guneak, mahai-inguruak eta bestelako jarduerak egongo dira. Hizkuntza gitxituek leku berezia izango dabe, izan be, antolatzaileen arabera, euren asmoa ez da danok ezagutzen dogun musika latino globalizadua erakustea, Iberoamerikako kulturen aniztasuna bere osotasunean erakustea baino, estilo guztiak kontuan hartuta. Euskal kultureak be leku berezia eukiko dau EXIBen.
Nora Sarasola Bilbao Ekintza erakunde publikoko arduradunak azaldu dauenez, EXIB ekimen estrategikoa da, musika sortzaileen munduak potentzialidade handia daukalako. EXIBen moduko azoka bat hartzeak daukan erakargarritasun kulturalari, ganera, bestelako interes puntu batzuk gehitzen jakozala dino Sarasolak, ekonomiaren, jakintzearen eta teknologiaren garapenagaz lotuta dago. Bilbo eta Bizkaia musikearen produkzinoaren erreferente bihurtu nahi dabe.
EXIBen helburu nagusia garbia da: Iberoamerikako kulturea Euskal Herrikoagaz eta Europakoagaz hartu-emonetan ipini eta hango produkzinoaren alderdi guztiak berton ezagutarazotea. Azokako zuzendarietako bat dan Adriana Pedretek adierazo dauenez, kontuan izan behar dogu Iberoamerika oso zabala dala, Mexikon hasi eta Argentinako hegoaldeko puntaraino heltzen da, beraz, maila musikalean be aniztasun handia dago. Hedabide handien bidez zabaltzen dan musika latinoaren iruditik iges egin nahi dabela ganeratu dau Spaskyk, azokako beste zuzendariak, Euskal Herriaren, Europaren eta Amerikaren arteko sarea ehundu nahi dogu.
Maiatzaren 8tik 10era egingo da EXIB. Gune nagusia Bilboko Alondigan eukiko dau. Alde batetik, bost showcase egongo dira (45 minutuko musika emonaldiak, hainbat artistak batera egindakoak). Showcaseetan ehun artista inguru jardungo dira. Spaskyren arabera, nahi daben herritarrei zabalik egongo dira emonaldi horreek, doban izango dira. Kalidadeko artistak ekarriko doguz, Iberoamerikan ibilbide ona eta proiekzinoa daukienak, baina hemen ez oso ezagunak dino Spaskyk. FNACen, bestalde, kontzertu akustikoak egongo dira. Azoka gunea be eukiko dau EXIBek, programatzaile profesional eta sortzaileei zuzendua, harremanak sendotzea, proiektuak sortzea eta abar izango dira gune horren helburuak, beste edozein azoka profesionaletan modura.
Euskereak leku berezia izango dau EXIBen, azokea Euskal Herrian bada, ezin dogu euskerea albo batera itxi, esan dau Pedretek. Holan, Euskal Musika Leku dalako gunea egongo da. Euskal taldeak eta iberoamerikarrak alkarregaz entzun ahal izango doguz han, beste jarduera batzuen artean. Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen eskutik, euskal kanta tradizionalaren ganeko azalpena egongo da, performance bat be antolatu dabe eta baita kantu inprobisaduaren ganeko jardunaldia be: Mexikoko inprobisazinoaren tradizinoa lantzen dauen Monoblanco taldea eta Miren Amuriza eta Igor Elortza bertsolariak batera jardungo dira, emonaldi berezi baten.
Iberoamerikako hizkuntza gitxituak be kontuan hartuko ditue EXIBen, egitarauan espainolez lan egiten daben artistakaz batera sartu ditue hango hizkuntza indigenak erabilten dituenak. Adriana Pedretek azaldu dauenez, Iberoamerikan berezko 300 hizkuntza dagoz, kultura aberats baten erakusgarri eta, danen artean, miloeka hiztun dira. Ganera, Iberoamerikako hizkuntza aniztasuna eta euskerea ardatz hartuta, EXIBen hizkuntza gitxituen ganeko ikerketa bat hasi nahi dabela aurreratu dau Pedretek, industria musikala zelan sensibilizau hizkuntza gitxituak kontuan hartzeko, horixe aztertuko dogu. EXIB lehenengoz egingo dabe aurten, baina antolatzaileek urtero egiten jarraitzeko asmoa dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!