Oskarbi taldeak Bilbon aurkeztuko dau disko barria

Bizkaie! 2014-03-28 14:31   Musikea

Oskarbi taldeak Bidebarrietako Liburutegian aurkeztuko dau gaur, hilak 28, Xirimiri izenburuko diskoa. Zuzeneko emonaldi honetan, ahots-taldeak bere doinurik ezagunenen errepasoa be egingo dau, Oteiza eskultoreak eurentzat beren-beregi idatzitako berbak batzen dituan Hiru gauean tarteko dala. Kontzertua liburutegiko ekitaldi-aretoan izango da 20:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 10 eurokoa da.

Oskarbi taldeak Bilboko Bidebarrietako Liburutegian aurkeztuko dau gaur, hilak 28, Xirimiri izenburuko diskoa. Zuzeneko emonaldi honetan, ahots-taldeak bere doinurik ezagunenen errepasoa be egingo dau, Oteiza eskultoreak eurentzat beren-beregi idatzitako berbak batzen dituan Hiru gauean tarteko dala. Kontzertua liburutegiko ekitaldi-aretoan izango da 20:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 10 eurokoa da.

Oskarbi 1966an sortu eta Ez Dok Amairu mobimentuaren barruan egon zan. Geroko ibilbide luzean, hamar disko kaleratu ditu, eta konposizino propioei esker nahiz gaur egungo poemetatik edo euskal kantutegi tradizionaletik sortutako doinuei esker nabarmendu da (Xirimiri, azken diskoari izena emoten deutson doinua, beste koru batzuen errepertorioko ohiko kantu bilakatu da). Kontuak kontu, azken disko honetan, Xabier Lete eta Bitoriano Gandiagaren poemakaz batera, taldekideek musikautako Erdi Aroko eta Errazimentuko olerkiak be entzun daitekez.

Urteak joan eta urteak etorri, taldearen estiloa be aldatuz joan da, batez be musika-akonpainamenduari jagokonez. Hasierako urteetako gitarreari eskusoinua gehitu jako, bai eta flauta, biolina, teklatua eta perkusinoa be. Esangura horretan, taldea hamar personez osotuta egon arren, sei ahots eta sei instrumentu ditu. Sortu zanetik, bere emonaldi propioak eskaintzeaz gan (Bilbon, liburutegian eta Arriaga antzokian jo izan dau), Serrat lako artisten konbidadu lez be taularatu izan da.

Bilbon, Bidebarrietako eszenatokian hamar lagun egongo dira, tartean sei ahots: Maite, Bakartxo, Beronik, Iñaki, Carlos eta Joxelu. Kitarra: Iñaki. Akordeoia: Carlos. Flauta: Gontzal. Teklatua: Joana. Biolina: M.Irusta. Perkusinoa: Diego.

Oskarbiren diskografia: Pello Joxepe (H.G. 1969), Abesti zahar eta berriak (H.G. 1970), Eskutari/Andro Kanto (H.G. 1972), Hitz Urri Batzuk (H.G. 1976), Olentzero (H.G. 1976), Euskara eta Txakolina (Elkar 1980), Esperantzari Antologikoa (Elkar 2004), Olentzero (Elkar 2008) eta Xirimiri (Elkar 2012).

Oskarbi taldeak 1968an emon eban Bilbon bere lehen kontzertua; Santutxu auzoan izan zan, Ez Dok Amairugaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu