Bilbok Ramon Barea omenduko dau Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean
2014-03-26 14:06 KultureaMartiaren 27an, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da eta horregaz batera, Bilbao Eszena martxan jarri zaneko hamargarren urteurrena be bai, Santutxun dagoan baliabide eszenikoan zentroarena.
Martiaren 27an, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da eta horregaz batera, Bilbao Eszena martxan jarri zaneko hamargarren urteurrena be bai, Santutxun dagoan baliabide eszenikoan zentroarena.
Arenalean eta Arriaga Plazan antzerkiaren jaia izango da nagusi bihar eta munduko milaka eszenatokietan Antzerkiaren Nazinoarteko Eguneko manifestuaren irakurketea egingo da, Brett Bailey antzerkigile, diseinatzaile eta hegoafrikar zuzendariak idatzitakoa.
Izaskun Agirresarobe eta Barbara Govan Euskadiko Kaleko Artearen Artekale Alkarteko antzezleen eskutik, testuaren irakurketea egingo da Bilbon, eguerdiko 12:00etan Arriaga Plazan nazinoarteko mezuaren irakurketa antzeztua egingo dabe. Artista biak zerutik lurrera eta lurretik zerura egingo dituen akrobazia artean topauko dira.
Arenala izango da ospakizunaren beste kokagunea, Gaitzerdi Konpainiaren eskutik, espazio honetan jarriko dan kamioi batean. 10:00etatik 12:00etara eta 13:00etik 14:00etara irrati antzezpena eskainiko dabe eta 20:00etan, publikoagaz aurrez aurreko topaketa bat Media Vuelta mobimentuzko antzezpenagaz, 5 euroren truke.
Bilbao Eszenaren X. Urteurrena, Ramon Bareagaz eta Lorquianas obreagaz
Orain 10 urte, 2004ko martiaren 27an hain zuzen, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna, Santutxun dagoan Baliabide Eszenikoen Bilbao Eszena Zentroan aurkeztu eben, antzerkiaren eta jantzearen munduari bere sorkuntzearen oinarritik bultzadea emoteko asmoz.
Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna eta aitatu zentroaren 10 urteak ospatzeko, Juan de Gardeazabal kaleko 3. zenbakian kokatuta dagoan Bilbao Eszenan, martiaren 28an hainbat jarduera egingo dira. Hasteko 17:15etik aurrera Antzerkiaren Egunaren esanahia ezagutzera emongo da manifestuaren bitartez eta zentruan eskaintzen diran umeentzako eta gaztentzako ikastaroen barri emonez, ume eta gazteen artean eta 20:30ean, 2013ko Antzerkiaren Sari Nazionalak, Ramon Barea bilbotar aktore eta zuzendariak, Nazinoarteko Mezua irakurriko dau, helduentzako ikastaroetako ikasleei eta oro har, eszena mundua gustoko daben eta zentroan hasi nahi daben guztiei zuzenduta.
Ekitaldi xume honek Ramon Barearen omenaldi izan nahi dau, antzerkia maite dabenek jarraitu beharreko adibidea eta urtez urte Bilbao Eszenatik pasetan diranena, eszenaren munduan hasi nahi dabenentzat.
Ondoren, Felipe Lozak zuzendutako eta Itziar Lazkanok interpretautako Lorquianas obrearen laburpena eskainiko da, Federico García Lorcaren testu ezagunenen protagonistei eskainitako omenaldia.
Antzerkiaren Eguneko Nazinoarteko Mezua, 2014
Urtero, antzerkigintzan ospetsua dan persona bat edota bihotz eta arimaz apartekoa dan bestelako alorreko ohiz kanpoko persona ezagun bat konbidatzen da nazinoarteko antzerkiari eta harmoniari buruzko hausnarketak konpartidu daizan. Nazinoarteko Mezuaren izenaz ezagutzen dana 20tik gora hizkuntzatara itzultzen da, milaka dozena ikuslek irakurten dabe mundu osoko antzokietako aurkezpenen aurretik eta ehunka egunkaritan argitaratzen da. Ikus-entzunezkoen alorreko kideek eskua luzatzen dabe senidetasunez, ehundik gora irratik eta telebistak eskaintzen deutsee Mezua ikus-entzuleei bost kontinenteetako txoko guztietan.
Hau da mundu osoan eta Bilbon aurten entzungo dan mezua, Izaskun Agirresarobe eta Bárbara Govan antzezleen eskutik 27an, eta Ramon Barearen eskutik 28an:
Gizartea esistiduten dan neurrian, Antzerki Pasino kontrolauezina plazaratzen da
Herrixketako zuhaitzen azpian, eta metropoli handietako bulego teknologizatuenetan; eskoletako geletan eta zelai zein tenpluetan; auzo pobreenetan, urietako plazetan, udaletxeetan eta sotorik ilunenetan... edonon antzeztutako munduek, berehala ahazten ei diranek, personen arteko harremanak sortzen ditue. Holan -bizirik, arnastuz, ahotsez- adierazoten dogu giza izaeraren konplexutasuna, gure aniztasuna, gure ahultasunak.
Negar egin eta gogoratzeko alkartzen gara; barre egin eta ingurua aztertzeko; ikasteko, usteak ziurtatzeko eta imajinetako. Teknologiaren aukerakaz txunditu eta jainkoak gorpuzteko, hazurmamitzeko. Edertasuna, errukia eta izugarrikerien aurrean arnasa alkarregaz galtzeko. Energiaz eta indarrez beteten gara, gure kultura desbardinen osasuna ospatu eta banatzen gaituen mugak deuseztatzeko.
Gizartea esistiduten dan neurrian, Antzerki Pasino kontrolauezina plazaratzen da. Alkarrekintzaz sortzen da, eta gure tradizino desbardinen erropak eta maskarak jantziz moldatzen da. Gure hizkuntzeak, erritmoak eta keinuak erabilten ditu; gure arteko desbardintasunak limurtzen ditu.
Eta guk, pasino horregaz lan egiten dogun artistok, gure bihotz, idea eta gorputzen bidez, gure errealidadeak transmitiduten doguz, egunerokotasun arruntenak zein misterio zirraragarrienak. Eta holan asetzen gara.
Ezin ahaztu, ostera, miloeka persona bizirauteko burrukan bizi dirala gaur egun, kapitalismo basatiaren eta erregimen errepresiboen eragina sufriduten. Zerbitzu sekretuek gure bizitzako zirrikitu guztiak arakatzen ditue eta gobernuek gure berbak zentsurau. Basoak suntsitzen ari dira, animaliak desagertaraozten eta ozeanoak pozointzen. Zer da guk transmitidu behar doguna?
Desbardintasunez betetako mundu honetan, dogma hegemonikoek mezu argiak bialtzen deuskuez: nazino bakarra, arraza bakarra, genero bakarra, sexu joera bakarra, erlijino bakarra, ideologia bakarra, kultura baten nagusitasuna... Benetan onartu geinke arteak eta agenda sozialak, nork bere bidetik, lan egin behar dabenik?
Antzoki eta eszenatokietako artistok, ez al da gure betebeharra merkatuaren eskaria eta gure eragiteko indarra erabiltea, bihotz eta buruetan gune libreak sortzeko? Gure inguruan jentea batzeko? Eragin eta informetako, eta alkartasunean eta itxaropenean oinarritutako gizarte bat sortzen laguntzeko?
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!