'Euskeraz, bestela ez gara' jardunaldiak aurkeztu ditue Lekeition

Bizkaie! 2014-02-17 16:31   Euskerea berbagai

Datorren zapatuan, hilaren 22a egingo diran Euskeraz, bestela ez gara jardunaldiak, Lekeition euskerearen erabilereak izan dauen beherakadaz arduratuta antolatutako ekimenetako bat da. Hitzordua datorren zapatu goizean izango da, hilaren 22an.

Euskerearen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Lekeitioko Udalak. Hitzordua datorren zapatu goizean izango da, hilaren 22an. Goi mailako hiru hizlariren bitartez, euskerearen inguruan hausnartzeko aukerea egongo da. Euskeraz, bestela ez gara jardunaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira Kultur Etxean eta eguerdiko 14:00etan amaituko.

Berbaldiz berbaldi ateak zabaldu eta 15 minutuko tarteak izango dira. Euskeraz, bestela ez gara jardunaldiak, Lekeition euskerearen erabilereak izan dauen beherakadaz arduratuta antolatutako ekimenetako bat da.


Hizlariak

Fermin Etxegoien (Oñati, 1966 ) artikulugile, idazle, kazetari eta irrati esataria izango da lehenengoa. Goizeko 10:00etatik 10:45 ingurura, euskerearen erraztasunaren mitoaren inguruko hausnarketea plazaratuko dau. Bere ustez, euskerearen erabilerea ez doa gora, euskerearen ezagutza be ez doalako gora, izan be, mito barri bat sortu da, euskerea hizkuntza erraza dala. Euskerearen zailtasunaren mitoa desegin ostean, erraztasunaren mitoa deuseztatu behar dogula defendiduko dau Etxegoienek, trabea baita euskerearen zabalpenerako.

Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966) bertsolaria eta Arrasateko HUHEZIko irakaslea da jardunaldietako bigarren hizlaria. Honek Hiztunpolisaz berba batzuk eskainiko deuskuz. Euskerearen loraldi modernoan bost hamarraldi egin eta gero, zelan goaz? eta, nora goaz? galderak egiteko momentuan gara. Ez da erraza erantzutea, ur nahasiak baitatoz hainbat arrazoirengaitik. Halan da be, hurrengo pausuak pentsetako oinarri batzuk eta ekintzarako ideia organiko batzuk eztabaidatzea posible da, esku artean daukagunagaz.

Azken hizlaria Joxerra Gartzia Garmendia (Legazpi, 1953) izango da, euskal idazlea, kazetaria eta EHUko irakaslea. Honek sinplea dirudien galdera bategaz hasiko dau bere berbaldia. Zertarako balio dau euskereak? Gartziaren ustez, euskereak berak ez badeutso hiztunari hobeto biziteko balio, eta kontuan hartuta gaur egun ez dagoala euskerazko elebakardunik, hiztunak zerbitzu hori egiten deutson beste hizkuntzara joko dau egoereak hola eskatzen deutson bakotxean. Ez dau ukatzen hori baino aurreragoko lanik ez dagoanik (hiztun eta alor kopuru gitxieneko bat, legearen eta gizartearen babesa…). Dinoana da ganerako guztiak alde izanda be ez garela oso urrutira helduko euskerea aizkora bihurtzen ez dogun bitartean.

Eguerdiko 13:00ean, barriz, hiru hizlarien arteko mahai-inguru bati emongo jako hasierea. Eguerdiko 14:00etan amaituko dira jardunaldiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu