Hiru Nobel saridun ekarriko ditu Bilbora Gutun Zuria jaialdiak, martiaren 27an hasita

Dabi Piedra Robledo 2014-02-17 14:39   Kulturea

Mugako kontakizunak goiburupean, zazpigarren urtez egingo da Gutun Zuria Alondigan. Urtero legez, goi mailako idazle eta kazetariak konbidau ditue, esate baterako, Gao Xingjian, Orhan Pamuk eta Herta Muller Nobel saridunak, mundu zabalean ezagun diran Claudio Magris eta Juan Goytisolo eta euskal literaturako punta-puntako idazle diran Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia eta Txomin Peillen.

Mugako kontakizunak goiburupean, zazpigarren urtez egingo da Gutun Zuria Alondigan. Urtero legez, goi mailako idazle eta kazetariak konbidau ditue, esate baterako, Gao Xingjian, Orhan Pamuk eta Herta Muller Nobel saridunak, mundu zabalean ezagun diran Claudio Magris eta Juan Goytisolo eta euskal literaturako punta-puntako idazle diran Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia eta Txomin Peillen. Martiaren 27tik 30era eta apirilaren 3tik 6ra, asteburu bitan egingo dabe topaketea.

Jose Luis Sabas Bilboko Udaleko zinegotzi eta Alondigako presidenteordeak datu bi nabarmendu ditu: Batetik, Gutun Zuria zazpigarren ekitaldira heldu izana eta, bestetik, Nobel saria irabazi daben hiru idazle ekarri ahal izatea, horrek esan nahi dau, lekua egiten gabilzala jaialdi honegaz. Maria Luisa Blanco jaialdiko zuzendariak azaldu dauenez, gaur egun, kulturea erresistentzia bihurtu da eta Gutun Zuria lako ekitaldiakaz erresistentzia horretan laguntzen dogu. Mugak izango dira aurtengoan ardatza, ez muga geografikoak bakarrik, muga etniko, ideologiko eta erlijiosoak be bai, muga zentzurik zabalenean hartuta, dino Blancok. Hortik dator aurtengo izenburua, Mugako kontakizunak, eta konbidauen sormen artistikoak asko dauka mugakotik oraingoan.

Martiaren 27an, inaugurazino egunean, Bilbon egongo dan Herta Mullerrek asko daki kulturen, herrien arteko mugez. Errumaniako alemaniar gitxiengoko kide da eta erbestera joan behar izan eban. Muller idazle konprometidua da, ezer ez daukienen ahotsa, adierazo dau Maria Luisa Blancok. 2009an Nobel saria jaso eban. Gao Xingjianek be badaki zer dan erbestera jo behar izatea eta baita Orham Pamukek be. Gao Xinjiang apirilaren 3an egongo da Bilbon. Orham Pamuk, apirilaren 5ean. Pamukek, bere jaioterrian, Turkian, baztertuta eta ahaztuta dagozan herrien alde egin eban eta, holan, armeniarren aurkako genozidioa eta kurduen egoerea salatzeagaitik jo behar izan eban atzerrira. 2006an emon eutsien Nobela. Xingjian txinatarrari, 2000n.

Lydia Cacho (martiaren 28an) eta Sergio Gonzalez Rodriguez (apirilaren 3an) mexikarrak izango dira Gutun Zuria jaialdiko beste konbidau nabarmen batzuk. Mexikoko narkotrafikatzaileek mehatxatuta bizi dira. Gonzalezek, esate baterako, Ciudad Juarez mugako uriko neska gazteen hilketak ikertu zituan eta haren salaketeari esker, mundu osoak ezagutu ahal izan eban Ciudad Juarezeko egoera latza. Martiaren 30ean, Claudio Magrisen txandea izango da. Magris Trieste urian jaio zan, Jugoslaviako mugatik bost kilometrora; Altzairuzko Hesiaren beste aldean zer egongo ete zan pentsetea izan zan literaturara bultzatu ebana, azaldu dau Blancok. Juan Goytisolo, barriz, artista heterodoxoa dala dino Gutun Zuriko zuzendariak. Apirilaren 6an etorriko da Bilbora, Marokon bizi dan idazle espainiarra.

Euskal literaturea gero eta leku handiagoa hartzen dago Gutun Zuria jaialdian. Aurtengo ekitaldian, gure literaturako izen ezagunenetako batzuk konbidau ditue. Martiaren 29an, lehenik eta behin, Txomin Peillen Parisen jaiotako idazle zuberotarrak solasaldia eukiko dau Arantxa Iturbe kazetariagaz. Horren ostean, Kirmen Uribe idazlearen eta Mikel Urdangarin musikariaren momentua izango da, Iñaki Mendizabalek gidatutako solasaldi baten. Mendizabal bera, Gutun Zuriko aholkulari da aurten eta, azaldu dauenez, musikearen eta berbearen arteko hartu-emonak aztertuko doguz, Uribek eta Urdangarinek hamar urte baino gehiago daroez alkarregaz lanean, musikea eta berbea buztartzen. Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalegaz laukotea osotuta sortu daben Jainko txiki eta jostari hura ikuskizuna ikusi ahal izango da martiaren 29ko gauean, Alondigako auditoriumean. Euskal idazleen hurrengo hitzordua apirilaren 4an etorriko da. Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Urretabizkaia alkarregaz berbetan ipiniko ditue. Gure literatura modernoaren aintzindari dira biak, gizarteko kronista finak, nabarmendu dau Iñaki Mendizabalek.

Martiaren amaieran eta apirilaren hasieran, beraz, literaturearen alorreko erreferentzia bihurtuko da Bilbo. Idazleek izango dabe protagonismo ia guztia, baina antolatzaileek bestelako ekitaldi batzuk be eratu ditue Gutun Zuriaren egitarauaren barruan. Esate baterako, apirilaren 2an, Haur eta Gazteentzako Liburuaren Nazinoarteko Eguna dala aprobetxauta, umeentzako jarduerak egongo dira. Edozelan be, idazleen arteko solasaldiak eta zaleen artean arrakasta handia daukan Irakurlearen Ordua dira jaialdiaren ardatza. Irakurlearen Orduan, irakurleek idazleakaz berba egiteko aukerea eukiko dabe.

Antolatzaileek ohartarazo dabe, sarrerak salgai dagozala dagoeneko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu