Imanol Esnaola: 'Euskal Herriaren kohesinoagaz ez bada, hemen jai dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2014-02-17 10:12   Barriketan
Gaindegiako koordinatzailea

Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak oraintsu jarri dau martxan atlasa.net plataformea; atari horretan Euskal Herriko datu ugari konsultau daitekez, mapa gainean nahiz grafiketan, modu erraz eta dinamikoan, ondorengo gaika lotuta: demografia, ekonomia, gizartea eta ingurua. Plataformea dobakoa da eta helburua Euskal Herriari buruzko ezagutza sustatzea eta ahalik eta persona gehienek erabiltea da. Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolari eskatu deutsaguz zehaztasun guztiak. Hona hemen:


1.- Euskal Herrian diran errealidade desbardinen argazkia dakar Atlasak. Makinatxu bat datu biztanleria, densidadea, ekintzailetasun industriala, barne produktu gordina, emakumezkoen langabezia tasa erregistratua zein etxebizitza kopurua lako arloetan. Zein da Atlasaren helburua?

Gaindegia Euskal Herria ekonomia eta gizarteari jagokonez zertan dan ezagutzeko eta ezagutzera emoteko sortu zan. 10 urte daroaguz lan hori egiten. Atlasa, beraz, gure geografia ekonomiko eta soziala ezagutzen laguntzeko tresnea da. Gaur egun, lan handi bat egin beharra dago edozein adierazle udalerri guztietarako kalkuletako. Guk lan hori egina dogu eta Atlasean eskaintzen dogu.


2.- Nori zuzenduta dago Atlasa?

Atlasaren nabegazinoa erraza egin nahi izan dogu. Beraz, bere nabegazino sistemea eta bertan dagozan datuak oinarrizkoak dira. Erabiltzailea edonor izan daitekeela esan gura dogu. Etxean bertan guraso eta seme-alabak, lagunartean.. tresna entretenigarria izan daiteke. Edozelan be, zientzia ekonomiko eta sozialetan interesauta dabilzan ikasle, irakasle, ikerlari eta kazetariak gogoan egin dogu. Esate baterako, oso erabilgarria da batxillergoko ikasleek edo tokiko hedabide batek azterketak edo erreportajeak egiteko.


3.- Nafarroa eta Iparraldeko datuak be batu dozuez Atlasean...

Hori dalako Euskal Herria. Euskadirako EUSTAT eta beste zenbait entitadek lehen mailako informazinoa emoten dabe, baina Euskal Herri osoa aintzat hartuta lan hori egiten dabenik ez dago. Geuk geure analisietarako egin behar izaten dogunez, Atlasean eskaintzea pentsau genduan. Ez da lan erraza askotan datuak falta baitira han edo hemen, eta beste batzutan ez baitira bateragarriak. Halan da guztiz be, oinarrizko dimensinoetan egingarria da. Esan behar dogu, geu ez garela estadistika institutu bat, ikerketea eta gogoetea egiten doguz, baina ahal danean datu objektiboetan oinarrituz. Euskal Herria maite daben guztiei eskainten deutsegu informazino hori bere herria zertan dan ezagutu deien. Baina gure datu iturriak beti dira publikoak eta ahal dan guztietan ofizialak, esaterako EUSTAT-enak edo Foru Aldundienak.


4.- Udalerri, eskualde, herrialde eta Euskal Herria Europan azpiataletan konsultau daitekez datuak, taulak eta enparauak. Batze lan handia dago tartean. Zelakoa izan da metodologia, lantaldea eta prozesua?

Erabagita daukaguz zeintzuk diran adierazle garrantzitsuenak. Beraz, informazinoa non dagoan, zelakoa dan, lurralde guztietarako bateragarria dan… eta abar aztertu ondoren, bateratzea posible danean Euskal Herri osorako hainbat kalkulu egiten doguz. Batzutan datuak herrialde mailakoak baino ez dira, bestetan eskualdeka be emon daiteke eta gehien gustetan jakuna udalerrika emotea da. Talde txikia da gurea, datuekaz bi lagun eta garapen informatikoa egiteko beste teknikari bat eta ganerakoan enpresetara joten dogu. Prozesuan 10 bat urte emon doguz. Alkarte txikina eta baliabidez oso murritza izan gara, beraz, apurka ibilian ikasi dogu. 2008an egin genduan lehen atlasa, baina ergonomiari jagokonez traketsa zan. Atlas barriak informazino bera dauka, baina maila teknologikoan erosoagoa da.


5.- Atlasera batutako datu horrek noiz jazotakoak dira?

Badira gaurkotasun handiagoa daben adierazleak eta badira baita be orain 2-3 urteko datuak be. Azken horreek gaurkotzen joatea da gure asmoa, baina iturri ofizialek argitaratu behar ditue horretarako, ondoren guk bat egitea egin ahal izateko. Gaurkotzeen garrantziaz jakitun garenez, twitter sare sozialean @gaindegia_data izeneko perfil zehatz bat edegi dogu, gure jarraitzaileei datuen ingurukoak kontau eta gaurkotzeen barri emoteko:


6.- Dinozue Euskal Herriko arlo sozio ekonomikoan jazoten diran gorabeherek eragin zuzena dabela gugan eta, horregaitik, protagonista izan nahi dozuela prozesu horretan. Zelako eragina dauka politikeak eta arlo juridiko administratiboak aitatu prozesuan?

Euskal Herriak errealidade desbardinak daukaz, ez maila administratiboan bakarrik, baita arlo geografikoan eta ekonomikoan be. Azken mendeotan ahalegin administratibo handia egin dabe Frantziak eta Espainiak euskaldunen arteko hartu-emon ekonomikoak, sozialak, akademikoak… eragozteko. Eta neurri batean lortu dabe, izan be, gure lurraldean bada hainbat muga alkarren arteko hartu-emonak aldrebesten dabenak. Baina, halan da be, Europako Batasun prozesuak eta azken urteotako gora-behera ekonomikoek argi itxi dabe hemen badala herri bat alkar behar dauena, koherentzia ekonomiko eta sozial handikoa. Euskal Herriaren kohesinoagaz ez bada hemen danok jai dogu, alkarren beharra daukagu, alkarregaz hobeto. Baina zelan egin bide hori ekonomian eta gizartean? Horretarako sortu zan Gaindegia, lehenik ezagutzeko eta ondoren hausnartzeko. Gurea gogoeta elkartea da eta Euskal Herria herri lez gorpuztu behar dala uste daben eragile sozio ekonomikoz osotuta dago. Jatorri desbardinetakoak, baina danak Euskal Herriagaz konprometidutakoak.


7.- Euskal Herriaren garapen sozio ekonomikorako kohesinoa eta auzolana aldarrikatzen dozuez ezinbesteko giltzarri lez...

Euskal Herria izango da euskal herritarrek eta gure organizazinoek (alkarteek eta erakundeek) alkarregaz lan egiten badabe. Alkarregaz arazoak konpartidu eta alkarregaz konponbideak bilatu. Gurea ez da alternatiba soziala edo burujabetasuna formuletako alkarte bat, gurea gizartea eta eragile sozio-ekonomikoak euskal herriaren kohesioa posible eta beharrezkoa dala ikusten laguntzeko alkartea da. Herri bat osotzen badogu, lan egin daigun alkarregaz, ahal dan gaietan, gaur bertan hasita.


8.- Atlasera batutako datu horrekaz guztiekaz egoeraren zeozelako analisirik egiten dozue?

Atlasean nabegetako astia hartzen dauenak laster ikusiko dau Euskal Herriko argazki interesgarri asko atera leikezala bertatik. Esaterako, jaubetuko da Euskal Herriko gazteen langabezia % 39,3 dala, Europako laugarren altuena; aldi berean, beste datu batean klik egiten badau, konturatuko da Euskal Herriak orain 25-64 urteko goi formazinoa dauen biztanleriaren portzentaje altuena dauela Europan: % 43,8. Hori bezela, hamaikatxu adierazle konsultau daitekez, demografia, ekonomia, gizartea eta inguruari buruzkoak. Edozelan be, hainbat txosten kaleratu doguz, oraingoz danak eskuragarri dagoz gure blogean (www.basqueinfo.net).


9.- Plataformea dobakoa da baina baimen berezirik behar al da Atlaseko informazinoa eta irudiak zabaltzeko?

Deskarga fitxategiak dobakoak dira, erabilera personala egiteko pentsauta dagozalako: hau da, ikertzaile batek datuak beharko baleuz, erraz deskargau, erabil eta moldatu leitekez. Beste kontu bat da sustapenerako erabiltea; orduan eskertuko geunke gure aitamena egitea, besterik ez bada irudi hori ikusten dauenak nora jo leiken jakin daian, gure asmoa plataformea ahalik eta persona gehienek erabiltea dalako.

Geuk, esaterako, datu guztietan esaten dogu nondik hartuak diran eta erabiltzaileak badaki EUSTATenak edo zein beste entidaderenak diran. Gurea errepresentazino sistemea eregi eta elikatzea da, ez besterik.


10.- Aurrerantzean Atlasa elikatzen jarraitzeko asmorik badozue?

Jakina. Esan bezela, datuak gaurkotzeko konpromisoa dogu, baina, gainera, plataformea adierazle barriakaz elikatu nahi dogu. Horretarako, datu sailean lanean jarraituko dogu, baina alkarlanerako bideak be edegiten gabilz, beste zenbait eragilek plataformearen dinamika eta gaurkotzean parte hartu deien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu