Mintza! lemapean, XXXI. Herri Urrats Senperen, maiatzaren 11n

Bizkaie! 2014-02-10 13:56   Euskerea berbagai

Herri Urratsek 31 urte beteko ditu, eta inoiz baino gazte eta indartsuago dator Seaska ikastolen federazinoari bultzada barri bat emoteko asmoz. 31 urte eta 31 ikastola. Eta euskaldunentzat magikoa dan zenbaki honen atxakiagaz, aurtengo Herri Urratsek gure karta-joko ezagunenaren inguruan jolas bat proposatzen dau. Hortik 2014ko leloa: Mintza!

Mintza! lemapean, Herri Urrats, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako ikastolen jaiak beste edizino bat ospatuko dau Senpereko lakuaren inguruetan maiatzaren bigarren domekan, maiatzaren 11n, hain zuzen be, 31. edizinoa.

Aurten, Herri Urratsek 31 urte beteko ditu, eta inoiz baino gazte eta indartsuago dator Seaska ikastolen federazinoari bultzada barri bat emoteko asmoz. 31 urte eta 31 ikastola. Eta euskaldunentzat magikoa dan zenbaki honen atxakiagaz, aurtengo Herri Urratsek gure karta-joko ezagunenaren inguruan jolas bat proposatzen dau. Hortik 2014ko leloa: Mintza!

Mintza euskeraz, mintza euskerearen alde, mintza ikastolen alde! Horra aurtengo keinua; orain hordagoa botatea baino ez jaku geratzen maiatzaren 11rako.

Logoari jagokonez, aurtengo logoa Sylvine Fauk diseinatzaileak egindakoa da. Joan dan bagilean martxan jarritako logo lehiaketan, Mus jokoaren inguruko lanak eskatu ziran. Eta Sylvinek aurkeztutakoa bilakatu da Herri Urrats 2014ko logoa. Bertan, Senpereko lakua eta Mus karten ikurrakaz esku bat irudikatzen jaku, edegia dan eskua, mintzatzeko aukerea emoten deuskun eskua.

31. urteurrenak Mus jokoari keinu bat egitearen aukerea emoten dauenez, joko hau aurtengo Herri Urratsen zeozelan sartzea erabagi da. Horregaitik, Seaskaren partaide diran hainbat ikastolek datozen asteotan Mus txapelketak antolatuko ditue.

Txapelketa horreen irabazleek final bat jokatzeko aukerea izango dabe maiatzaren 11an, Herri Urrats egunean bertan. Dagoeneko txapelketa batzuk antolatu ditue: zezeilaren 9an, Angeluko Kimua ikastolan; eta Kanboko ikastoleak apirilaren 6an antolatuko dau Gaztetxean.


Aurtengo helburua

Aurten, maiatzaren 11an lortuko dan etekinen zati handi bat Lizeo barriaren proiektuan inbertiduko da. Lizeo barria lehenbailehen edegitea da Seaskaren asmoa. Printzipioz 500 ikaslerentzat pentsauta dago baina lehenengo fasean, Miarritzeko autobidearen ordainlekutik hur eregiko dan eraikinak 350 ikasle jasoko ditu.

Bertan lizeo orokorra eta profesionala garatuko dira eta urrundik datozen ikasleentzat barnetegian egoteko aukerea be izango da. Proiektuak dozena bat miloe euroko kostua izango dau, Seaskak inoiz egin dauen inbersinorik handiena. Akitaniako eskualdeak 6 miloeko diru-laguntzinoa onartu dau, baina beste hainbeste beharko da gitxienez eraikin barria altzau eta behar guztiei egokitzeko.


Herri Urrats, diru iturri ikastolen garapenerako

Herri Urrats jaiaren etekinei esker (norbanakako, enpresa eta tokiko alkargoen diru emoitzakaz batera) Seaskak 25 ikastola, 3 kolegio eta lizeo bat edegi ahal izan ditu. Ikastolen federazinoaren parte diran zentroetako eraikinen garapena eta mantenua ziurtatzeko erabilten da gehienbat Senpereko jaian lortzen diran irabaziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu