Eneritz Artetxe: 'Ipuin kontalaritzeak 'Konpota' egiteko entrenamendu lez balio izan deust'
2014-02-10 10:32 BarriketanPhilipe Gaulieren La compote de... testua dau oinarri Eneritz Artetxe aktore gernikarrak Euskal Herriko hainbat antzokitan defendatzen dabilen Konpota bakarrizketea. Dxusturi konpainiak aurkeztu dau proiektua, Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean. Abenduan Durangoko San Agustinen estreinau eban beharra, eta asteon, zezeilaren 14an, Elorrioko Arriola antzokian izango da. Beharragaz topera harrapau dogu Eneritz, Bartzelona aldean.
1.- Durangoko Azokan, Szenatokia gunean, estreinau zenduan Konpota. Ordutik emonaldi batzuk euki dozuz, gustura daukan harrereagaz?
Ba, ondo doa, bai, ez gara kexauko. Durango, Zornotza, Lezo, Baigorrin... egon naz, eta hemendik aurrera beste emonaldi batzuk be badaukaguz, Elorrion, Leioan, Gernikan, Lekeition, Kanbon, Gasteizen... Egunero heltzen dira proposamen barriak, eta batzuk aurrera egiten dabe. Konpota Zubi proiektuaren barruan aurkeztu danez, hasieratik zazpi emonaldi berbatuta geunkazan, horrek hasiera indartsua emon deusku. Zazpi lekutan antzeztu ostean, beste areto batzuk be jakin-mina euki leikie, eta holan kontratetako aukera gehiago dagoz.
2.- Philipe Gaulieren testu bat dau oinarri bakarrizketeak. Zer dala eta aukeratu zenduen lan hori?
Gaulier orain hamar bat urte ezagutu neban, urtebete egon nintzan bere eskolan ikasten. Eta han ezagutu neban haren mundu berezia. Bufoia eta clown estiloak lantzen ditu, antzezteko modu horreek. Eskolan izan neban mundu horren barri lehenengoz, eta gustau jatan. Gaulieren testuak topau nituan, eta holan hasi nintzan bufoiaren mundua ikertzen. Testu batzuk irakurri, berrirakurri eta aztertu nituan orduan, eta horreetako bat da Konpota. Emakume batentzat idatzita dago, emakume bufoia, hori da bere tonua. Hasiera-hasieratik gustau jatan istorioa.
3.- Bakarrizketako protagonisteak paradisua edo askatasuna aukeratu behar ditu, ez dauka lan erraza gero!
Personaia mitiko bat da, ez dot esango zein dan, testuan be ez da zehazten eta. Egileak ikusleari ixten deutso hori. Personaia horrek bere mitoaz hitz egiten dau, baina bere ikuspuntutik. Orain arte, berak entzun dauen guztia beste batzuk esandakoa da, eta berak bere bersinoa emon nahi dau. Paradisuari buruz berba egiten dau, paradisua itxi ebanekoak azaltzen ditu, aukeraketa bat egin behar izan ebala, erabagi batzuk hartu. Berak orduan hartutako ebatziek gizateria osoan izan ditue ondorioak. Mitoaren munduan gagoz, ez da benetazkoa, ez da naturalistea. Erabagi horreek zergaitik hartu zituan, eta zelan jazo zan kontetan dau.
4.- Eta horretarako ironia eta umorea erabilten ditu, ezta?
Ironia asko dago, jenteak barre egiten dau. Ni publikoari begira nago, eureri zuzenean nago berbetan, eta arpegiak ikusten dodaz. Antzezlanaren zatirik handienean irribarrez dagoz, eta momentu batzuetan barreak urteten deutsie. Mueta guztietarako publikoarentzako lana da, batzuk gauza bategaz geratuko dira, eta beste batzuk, beste bategaz. Jenteak jakin-minez urteten dau emonalditik.
5.- Konpota testua hasieratik gustau jatzula esan dozu, zerk erakarri zinduzan?
Erakargarria da, alde batetik, emakume batentzako bakarrizketea dalako, eta hori ez da gauza erraza. Baina, bueno, hori ez da errazoi nagusia. Gaia interesetan jat, zertaz hitz egiten dauen. Oso sakonera doa, mitoaren mailan hitz egiten dau. Gure buruan dagozan gauza sakonen ganean jarduten dau, nahiz eta argi eta garbi ez egin. Geruza edo maila asko ditu, mezu subliminalak dira. Mitoaren historia azaltzen dau, gizonagaz izandako mobidak eta abar. Ez da testu laua, geruza asko ditu, eta ikusle bakotxa horreetako bategaz geratzen da. Interpretazino mailan be aukerea emoten dau arlo asko esploretako. Ironia, bufoiaren mundua, tragedia puntu bat... hainbat osogai daukaz. Hasieran gatxa begitandu jatan, baina modu berean ikertzeko aukera polita be bazan.
6.- Bakarrizketea da, bakar-bakarrik zagoz eszenatokian. Ardura osoa zure gain izatea ez da gauza erraza izango.
Ba, lehenengotan hotzikarea eragin eustan: ni bakarrik taula ganean, ordubete eta lauren. Orain konturatzen naz ez dala horrenbesterako izan. Prozesua luzea izan da eta sakona, ez dot ezetz esango, baina orain ez jat hain gatxa begitantzen. Zuzendariaren lana eta eszenografiarena asko gustetan jat, lan handia izan da. Proiektuan sinisten dot, egiten dodana gustuko dot, horrek ganerako guztia errazten dau.
7.- Egin izan dozu inoiz bakarrizketarik, ala hau dozu estreinaldia?
Bakarrizketa txikiak egin dodaz, stand-up comedy estilokoak. Ez jat oso ondo urteten. Holako gauzak egin dodaz. Eta ipuin kontaketak bere bai. Tontakeria bat emoten dau, baina bakarrizketea ipuin kontaketea da azken batean. Eszenatokian zeu bakarrik dagoz, ipuin bat kontetan; beste tonu eta ñabardura batzuk erabili behar doduz, baina antzekoa. Beraz, ipuin kontalaritzeak entrenamendu lez balio izan deust. Ez dira mundu hain desbardinak ipuina eta bakarrizketearena.
8.- Zubi ekimenaren barruan aurkeztu da Konpota. Produkzinorako eta zabalkunderako laguntzinoa izan dozu, ezta?
Igaz egin zan Zubi egitasmoaren lehenengo edizinoa. Antzerki eragile eta antzoki batzuk sortu dabe Zubi. Euskeraz dagoan produkzino txikia ikusita, faltan ikusten eben ez hain komerziala dan produkzinoa; antzezlan bereziago bat edo, ikertzeko asmoa edo helburua daukana. Danen artean dirua ipini eben, eta diru moltsotxu horregaz proiektuen lehiaketea egin zan. Konpota aukeratu eben. Zubiri esker, antezlana dirruz babestu dabe, eta ganera aholkuak emon deuskuez, produkzinoan lagundu eta abar.
Horrezaz gan, antzezlana ekimeneko kide diran aretoetan taularatzeko konpromisoa hartzen dabe, beraz zazpi emonaldi ziurtatuta daukazuz.
9.- Zeintzuk dira Zubi egitasmoko kideak?
Zubiren barruan dagoz Kultur Leioa, Zornotza Aretoa, Elorrioko Arriola antzokia, Durangoko San Agustin Kulturgunea, Luhusoko Harri Xuri-Karrikako arteen fabrika, Donazaharreko Herri Antzokia, Artedrama Euskal Laborategia eta Le Petit Theatre De Pain. Euskeraz egiten dan antzerkia bultzatu gura dabe. Diru-laguntzak gauza apurtxu bat mekanikoa dira. Askok gehiago begiratzen deutsie laguntzak emoteari antzerkia mobiduteari baino. Hor badagoz hartu diran bizio batzuk, ez doazenak sorkuntzeagaz bat. Dinamika hori apurtu nahi eben, eta lortu dabela uste dot.
10.- Pena da antzezlanak prestau eta gero ezin taularatzea...
Dirua emon eta produkzinoan gastetan da, eta askotan ez da mobiduten, ez dago jarraipenik. Batzutan proiektuak laguntzinoak lortzeko bakarrik aurkezten dira. Euren gustuko ezaugarriak izan behar ditu lanak, modu zehatz batekoa izan behar dira.
11.- Konpota proiektua ez da esku artean daukazun bakarra, ezta?
Bartzelonan lanean nago, hemengo Lizeo Antzokiak eta Arriagak alkarregaz egingo daben produkzino baten beharrean. Umeei zuzendutako lan bat da, Bremengo musikariak, eta martian estreinauko da Arriagan bertan. Barriro be ipuina kontetan dauena, narratzailea, neu naz. Beste gauza batzutan be banabil, betiko gauza txikitxuak. Konpota lanagaz saio nahikotxu egiten gabilz. Egia esan, lehen holakoetara ohituta gengozan, saio asko eukitera gura dot esan, baina lehen normala zana gaur egun gatxa da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!