Andoni Sagarna izango da Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoaren zuzendari barria

Bizkaie! 2014-02-10 09:57   Euskerea berbagai

Andoni Sagarna euskaltzain osoa eta Gipuzkoako ordezkaria izango da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta Adibideak egitasmoaren zuzendaria, 2014. urtean. Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Lantaldearen buruak, zeregin horretan lagunduko deutso, eta Jose Antonio Aduriz euskaltzain urgazleak aholkulari lanetan jardungo dau.

Andoni Sagarna euskaltzain osoa eta Gipuzkoako ordezkaria izango da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta Adibideak egitasmoaren zuzendaria, 2014. urtean. Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Lantaldearen buruak, zeregin horretan lagunduko deutso, eta Jose Antonio Aduriz euskaltzain urgazleak aholkulari lanetan jardungo dau. Eurekaz batera be, orain arteko lantaldeko teknikariek (Elizabet Kruzeta, Ainhoa Otamendi, Ane Loidi eta Gabriel Fraile) lanean jarraituko dabe. Holan berretsi eban Euskaltzaindiko Osoko bilkurak, urtarrilaren 31n Bilbon eginiko batzarrean.

Ibon Sarasola egitasmoaren aurreko zuzendariak 2013. urtea amaitu arte Euskaltzaindiagaz izan dauen zuzendaritza kontratua 2014an ez barritzeko hartu dauen erabagia idatziz berretsi ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzeak proposatu eta urtarrilaren 31n Bilbon eginiko osoko bilkureak berretsi dau egitasmo horren zuzendaritza barriaren osaerea.

Kontuak kontu, 2014. urtean zehar, Andoni Sagarna euskaltzain osoak egitasmoa zuzenduko dau, Euskerearen Akademiagaz izenpetuko dauen zuzendaritza kontratuaren bidez. Era berean, Miriam Urkia euskaltzain urgazleak eta Hiztegi Batuko lantaldeko buruak zeregin horretan lagunduko deutso, arduradun legez, eta Jose Antonio Aduriz euskaltzain urgazleak eta Hiztegi Batuko Lantaldeko kideak be aholkulari lanetan jardungo dau.

Andoni Sagarna Industria injinerua eta Letretan doktorea da (1988. urtean Bartzelonako Unibersidade Autonomoan aurkeztu eban tesia eta Jose Manuel Blecua, egun RAEko zuzendaria dana, izan eban tesi-zuzendari). Nafarroako Unibersidadeko irakaslea izan da. Horrezaz gan, Elkar enpresa-taldeko I+G+b arloko zuzendaria be izan da. Euskaltzain oso izentau eben 2006ko abenduaren 22an, eta Euskaltzaindiko Iker sailburua izan da 2013. urtera arte.

Lan ugari egin dau lexikografiaren eremuan eta besteren artean 2012. urtean argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegia ahalbidetu eban Batzorde Ahaldunduko burua izana da. Euskaltzaindiko batzorde eta lantalde batzuetako kidea da. Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia deituriko egitasmoaren zuzendaria da. Euskerearen Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria be bada.

Bestalde, Miriam Urkia Euskal Filologian doktorea da (Euskal Herriko Unibersidadea, Gasteiz, 1997), bere tesia Euskal Morfologiaren tratamendu informatikorantz izan zan eta Miren Azkarate euskaltzain osoa izan eban tesi zuzendari. 1992tik UZEIko Lexikografia Saileko burua da.

Era berean, Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa / XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa egitasmoan lan egin dau, 1987tik 2002ra bitartean. 1992tik Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko lantaldeko kidea izan da. 2013ko martian lantaldeko buru izentau eban Euskaltzaindiak. 2003tik euskaltzain urgazlea da.

Era berean, Jose Antonio Aduriz Teologia-Filosofian eta Euskal Filologian lizentziaduna da. UZEIko teknikaria izan da eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeko kidea da, 1995tik. Ordutik eta 2013ko martira arte, batzorde horretako arduraduna izana da. Ganera, Euskaltzaindiko Lexiko Irizpideen Finkapena batzordeko kide eta idazkari be izan da. Euskaltzaindiak 1991. urtean euskaltzain urgazle izentau eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu