Joseba Tapia: 'Gainegitura puztu bat daukagu, eta azpiegitura miserable bat'

Koldo Isusi Zuazo 2014-02-03 11:04   Barriketan
Musikaria

Trikitia baztertu eta gitarrea oinarri dauen Tximela kapitainaren izarrak izenburuko diskoa plazaratu barri dau Joseba Tapiak, 36ko gerran, Eusko Gudarostean ibilitako Luis Rezola Arana tolosarraren, Tximela kapitainaren berbak erabili ditu. 1937an, Duesoko kartzelan (Santoña, Espainia) preso zala idatzitakoei jarri deutse musikea. Honezkero, Joseba Tapiaren bakarkako seigarren diskoa da Apoaren edertasuna (1998); Québec (1999); Agur Intxorta maite (2001); Real politik (2006); Eta tira eta tunba (2010) diskoen ostean datorrena.


1.- Orain arte, besteak beste, Itsasu, Orio, Larrabetzu eta Zugarramurdin aurkeztu dozu zuzenean lan barria. Zelan hartu dau jenteak lan barria?

Donostian, Lazkaon, Ataunen, Zaldibian, Heletan, Erroman, Zarautzen eta Larrabetzun be aurkeztu doguz Tximela kapitainaren izarrak. Jenteak ondo hartu gaitu eta kontzertuetan adi ikusi dogu. Edozelan be, hasi barri dogu aurkezpen birea eta oraingoz kargatua daukagu gogoa. Eszenatokitik hartzen doguna, jentearen begiradea, isiltasuna, marmarra, txaloak… insulinea da guretzat. Hori barik ezin bizia izaten dogu.


2.- Oso oker ez bagagoz, trikitiagaz sortu izan dozuz musikak ia beti. Hau da lehenengoa gitarreagaz egin dozuna bakarkako ibilbidean. Zelako esperientzia izan da?

Sortzeko garaian, tresna bakotxak toki desbardin batera daroatsula esango neuke. Tesitura aldetik tonalidade eta intensidade oso desbardineko tresnak dira trikitixea eta gitarra klasikoa. Beraz, muga sonoroak pixka bat zabaltzeko balio leike tresna aldaketeak. Motibazinoa be sor leike. Baina kasu honetan kantutegiak berak eskatzen eban. Kartzelan idatzitako bertso saminak musikatu eta kantau behar nituanez gitarrearen sotiltasuna hobeto etorrela pentsau neban.


3.- Agur Intxorta maite (2001) diskoagaz zeozelako loturea dauka Tximela kapitainaren izarrak lanak. Zeintzuk dira antzekotasunak eta desbardintasunak?

Biak be galtzea tokau jakon gizataldearen lekukotzea dakarre: injustiziaren tamainua, Errepublikea defendiduten ibili zan jentearen ibilerak. Agur Intxorta maite lanak altxamendua gertatu eta Bilbo galdu arterainokoa kontetan dau. Tximela kapitainaren izarrak ondoren gertatutako egoerea, kartzelaldia hain zuzen. Baina geroari egiak itxi nahi deutsiezanen lanak dira, eta heriotzatik hur idatziak. Imajinau zeinke gudaria lubakian hegazkin alemanek itxitako tartetxu batean idazten, eta imajinau zeinke presoa erdi ilunpetan, prisaka, ziega ilunean idazten, gero idatzia ezkutuan zelan atera antolatzen...


4.- Disko barrian kartzela giroko kontu ilunak, bakardadea, gosea eta abar agiri diran arren, argi izpiak, itxaropenerako tartea be atzemoten dira. Gaur arora etorrita, egungo arazo politiko eta ekonomikoak gogoan, Euskal Herrian argirik ikusten dozu?

Beti egin leitekez paralelismoak atzera begiratu ezkero. Nik esango neuke oraingoa ulertzeko balio handia dauela ordukoa gogoratzeak. Halan da be, lotura hori egitekotan entzuleari itxiko neuskio. Nik nire ofizioari jarraituz egungo eta pasatako kantuak eta musikak proposatzen ditut. Diferentziak diferentzi, kantu honeetan gizatalde bat agiri da egoera gogorretan edertasuna sortzeko gauza dana. Disko honetan grabau dodan kantutegia ederra da eskina desbardinetik begiratuta be.


5.- Gitarreagaz sortu dozuz lan barriko 18 kantuak. Soinu txikiagaz bestelakoa izango zan emoitzea ala ezinezkoa?

Soinu txikiagaz antzeko emoitza bat sortzea ezinezkoa danik, ba ez neuke esango. Ni soinuaren sekretu batzuen jaube naz, baina ez sekretu guztiena. Tximelak idatzitako bertsoek eta Tximelak bizi izandako egoerak eroan ninduen gitarrea hartzera. Zergatik gitarrea? Ba txikitatik joten dodalako. Arrebeak eta biok zaletasun handia geunkan. Duoan kantetan genduan eta familiako zelebrazinoetan espektakuloren bat emon behar izaten genduan aldiro. Gure osaba Mikelek kanturako jokerea eban. Filarmonikea eta pianozko soinua joten zituan bere kabuz eta gu hari begira egoten ginan aho zabalik. Harek eroaten gintuan kontzertuetara eta ha izan genduan supiztaile. Orain kantuak gitarreagaz egiterakoan garai haretan ikasitakoa erabili dot.


6.- Luis Rezolaren testuak, zure ahotsa eta gitarrea, Luis Fernandezen biolontxeloa eta Jexux Aranbururen organoa baino ez dira agiri diskoan. Testuek behartuta egin dozu biluztasunaren alde?

Bai, holan izan da. Hasieran gitarreagaz bakarrik kantau behar nebala pentsau neban. Gero testuaren zenbait pasarte azpimarratzeko baliogarri ikusi neban txeloa. Organoa oso gitxi sartu dot. Estribillo zenbaiti indar pixka bat emoteko. Tresna gehiago sartzeko tentazinoa be izan neban. Oso edegia gelditzen zan horretarako, baino atzera egin neban. Holan, biluzik, hunkigarriago gelditzen da mezua.


7.- Honezkero 6 disko plazaratu dozuz bakarka eta literarioak (Apoaren edertasuna), politikoak (Quebec) zein gerra giroa oinarri dabenak (Agur Intxorta maite, Eta tira eta tunba) dagoz tartean. Gaien aldetik aniztasun gehiago, barriz, Real politik lanean. Non zabilz gustorago? Zerk kezkatzen zaitu?

Nik testu ederrei musika jarri nahi deutset. Kantutegi on bat osotu gura neuke. Horretarako lehengo eta oraingo berbak batu behar ditut aurrena. Gero kantagarri egin eta publikoari emon. Horretan erabili nahi dot nire jakinduri musikal apurra. Uste dot hori dala egin neiken onena. Egin ditudan bakarkako sei disko horreek hari horrek lotzen ditu alkarrengana. Guztietan sentidu naz gustura, bai grabaukeran, eta baita zuzenean, jentaurrean kantaukeran.


8.- Ikusiko dogu inoiz zeure berbakaz eta musikeagaz osotutako diskorik?

Gustauko litxakit, baina musikan hobea naiz idazten baino. Zorionez, badaukat letra onak non hautatu. Aldiro topetan ditut poema eta bertso kantagarriak, testu ederrak. Gustauko litxakit, bai, letra polit batzuk egin ahal izatea, neure usteak eta neure barrenak eskatzen deustana adierazoteko…


9.- Zure diskoak webgunean dozuz salgai, Tximela kapitainaren izarrak 5 euroan. Aberastu ez zara aberastuko prezio hori jarrita... Eta pirata izaten be erakutsi deuskue...

Azkenean gu geure buruak pirateetan hasi gara. Kristoren bueltea emon dau musikearen komertzioak. Kantariak isilik gabilz baina barruko foroetan bakotxak bere negarra kontetan dau. jentaurrean kexatzea ez dago ondo ikusia. Badirudi norberaren kontrako propagandea dala kontrako eretxia emotea. Bateren batek esan be egin deusku kulturea ordaindu behar ete dan, hau da, euskal kulturea doban behar dala. Ze, kanpokoa ordaintzeko ez dago arazorik. Eta teknologian gastetea inbersinoa da, eta onura handia noski euskal kulturearentzat. Gainegitura puztu bat daukagu, eta azpiegitura miserable bat.


10.- Tximela kapitainaren izarrak lana aurkezten zabilz aorain. Zeintzuk dira hurrengo hitzorduak?

Zezeilaren 14an Oreretan izango gara; zezeilaren 16an Usurbilen; martiaren 7an, Kortxoenea gaztetxean Donostian; 14an, Pasai Donibanen; 18an, Billabonan…

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu