Martxan da Durangaldeko Maketa Lehiaketearen bigarren edizinoa
2014-01-31 11:23 MusikeaMezu elektronikoa bialdu beharko dabe taldeek gazteinfo@ametx.net helbidera izena emoteko orria (ametxgazteria.net webgunean deskargau daiteke) eta taldearen hiru kantu batzen dituan artxibo konprimitua erantsita.
Amorebieta-Etxanoko, Abadiñoko, Durangoko eta Iurretako gazteria sailek abian jarri dabe Durangaldeko Maketa Lehiaketearen bigarren edizinoa. Estilo guztietako musikea joten daben musika taldeei dago zuzenduta; edozelan be, nahitaezkoa izango da aurkezten diran taldeek diskoa argitaratuta eta diskografia-kontraturik ez izatea.
Taldeko kideen erdiak, ahal dala, 18 eta 35 urte bitartekoak izango dira, eta taldekideetako bat be ez da lehiaketan parte hartzen daben taldeetako bitan baino gehiagotan ibiliko.
Talderik onenak 1.500 euroko saria jasoko dau eta euskeraz dagoan abestirik onenak, barriz, 500 euroko saria.
Musikearen alorreko profesionalek eta antolatzaileen arteko teknikariek osotuko dabe epaimahaia. Aukeraketea egingo dabe jasotako maketen artean, ahotsaren nortasunaren, doinuaren kalidadearen (erritmoa, afinazinoa, koordinazinoa) eta konponketen aberastasunaren (egiturak, harmonia-sekuentziak eta estiloari egokitutako akordeak) arloko erispideei eta zuzeneko lanean erakusten daben potentzialari erreparauta.
Lehiaketan parte hartzeko interesa dabenek zezeilaren 10ean hasi eta martiaren 7ra arte emon ahalko dabe izena. Martiaren 10ean jakinarazoko da zein diran hautatutako taldeak.
Kontzerturako errepertorioaren iraupena 40 minutukoa izango da, eta kontzertu bakotxean lau bersino sartu ahal izango ditu taldeak gehien jota. Ganerakoak euren kantu originalak izan beharko dabe.
Hautatzen diran 9 taldeek zuzeneko emonaldia eskainiko dabe Zelaietako kontzertu gelan (Amorebieta). Autobus zerbitzua jarriko da lehiaketea antolatzen daben beste herrietatik zuzeneko ekitaldi horreetara joan nahi dabenentzako.
Talde irabazleek beste kontzertu bat eskainiko dabe, eta bertan emongo jakez sariak, 2014ko maiatzean.
Kantuen interpretazino eta egile eskubideen jaube dirala bermatu beharko dabe partaideek, eta lehiaketeari lagako deutsiez hedabideen, webguneen edota sare sozialen bidez erreproduziduteko, antolatzaileak hirugarrenen aurreko erantzukizun eta erreklamazino guztietatik salbuetsita. Era berean, taldeak aurkezten dituan jatorrizko kantuetako baten soinu-finkapenerako eskubideak lagako deutseez antolatzaileei, lehiaketearen bildumea CD bidez argitaratzea erabagiten daben arren. Taldeak berak aukeratu ahalko dau zein kantu laga.
Mezu elektronikoa bialdu beharko dabe taldeek gazteinfo@ametx.net helbidera izena emoteko orria (ametxgazteria.net webgunean deskargau daiteke) eta taldearen hiru kantu batzen dituan artxibo konprimitua erantsita.
Informazino gehiago: gazteinfo@ametx.net helbide elektronikoan, 94.630.06.50 telefonora deituta, edo Abadiñoko (944.66.94.20), Durangoko (946.03.00.13) eta Iurretako (946.200.342) Udaletako gazte zerbitzuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!