Bilboko Qiao-Zubia Kultur Alkarteak txinatar urte barria ospatuko dau
2014-01-29 11:20Txinatar egutegiaren arabera, datorren urtarrilaren 31an 4.712. urteari hasierea emongo jako eta txinatar horoskopoan Egurrezko Zaldiari jagoko. Txinatar kulturako ospakizunik garrantzitsuena da eta oraingo honetan, laugarrenez, Qiao-Zubia Kultur Alkarteak horregaz bat egin eta Bilboko bizilagunei herrialde horretako kulturearen zati bat erakutsi nahi izango deutse.

Bilboko Qiao-Zubia Kultur Alkarteak txinatar urte barria ospatuko dau datorren domekan, zezeilaren 2an. Bizilagun guztien gozamenerako, kultur eta aisialdiko ekitaldi publikoa egingo dau Arriaga plazan, eguerdian.
Txinatar egutegiaren arabera, datorren urtarrilaren 31an 4.712. urteari hasierea emongo jako eta txinatar horoskopoan Egurrezko Zaldiari jagoko. Txinatar kulturako ospakizunik garrantzitsuena da eta oraingo honetan, laugarrenez, Qiao-Zubia Kultur Alkarteak horregaz bat egin eta Bilboko bizilagunei herrialde horretako kulturearen zati bat erakutsi nahi izango deutse.
Pasa dan urtean Euskadiko Txinatarren Alkarteak be parte hartu eban ekitaldian eta txinatar jatorria daben biztanleak ospakizunetara batzeko deialdia egin eban. Aurten, Qiao-Zubia Kultur Alkarteak eginahalak egin ditu eta talde desbardinak buztartu izan ditu ospakizunean. Honi esker, Gasteizeko You Ching, Wushu Euskal Federazinoa eta Bizkaian txinerea irakasten daben zenbait ikasketa zentro be batu dira.
Eguerdiko 12:30ean emongo jako hasierea jaialdiari eta Qiao-Zubia Kultur Alkartea eta Euskadiko Txinatarren Alkarteko kideen agurraren ondoren, Gasteizeko You Ching Alkarteko kideeek Lehoiaren Dantza egingo dabe; jarraian, Euskadiko Txinatarren Alkartearen eta Wushu Euskal Federazinoko kideen artean Dragoiaren Dantza antzeztuko dabe.
Bestalde, Bizkaian txinerea irakasten daben bost ikasketa zentroetako ikasleek be txinatar kantak abestuko ditue.
Era berean, Wushu kung fuko ikuskizuna be izango da eta txinatar artisautzako erakusketa txiki bat be egongo da plazan bertan.
Ekitaldi publikoa amaituta, alkarte guztietako kideek bazkari bategaz jarraituko dabe ospakizuna eta hor egun horretako plater tipikoak probetako aukerea izango da.
Egitaraua
12:30ean, Agurra: Qiao-Zubia Kultur Alkartea.
12:35ean, Lehoiaren Dantza. Gasteizeko You Ching alkartearen eskutik.
12:45ean, Txinatar kanta, Mungiako txinera akademiako kideen eskutik.
12:50ean, Dragoiaren Dantza, Wushu Euskal Federazinoaren eskutik.
13:00etan Txinatar kanta, Bilboko Nihao China txinera ikastegia.
13:10ean, Kung fu Wushu ikuskizuna. Gasteizeko You Ching alkartearen eskutik.
13:25ean, Txinatar kanta, Bilboko Txinatar Institutuko umeen taldea.
13:30ean, Tai chi, qigong ikuskizuna.
13:40an, Euskadiko Txinatarren Alkarteko presidentearen agurra.
13:45ean, Txinatar kanta, Euskadiko Txinatarren Alkarteko umeen taldea.
13:50 etan Kung fu ikuskizuna. Wushu Euskal Federazinoa.
13:55ean, Txinatar kanta, Bidarte txinera eskolea, Deustu.
14:00etan, Agurra.
Egurrezko Zaldiaren urtea
Txinatar horoskopoaren arabera, urtarrilaren 31an, Egurrezko Zaldiaren urtean sartuko gara, 2015eko zezeilaren 18ra arte iraungo dauena. Zazpigarren aroa da hau.
Zaldia emozinoz betetakoa, edegia eta kanporakoia da, sano animatua. Energiaz betetakoa, libre sentidu nahi dauena.
Antolatzaileak eta laguntzaileak
Qiao-Zubia Kultur Alkartea da ekitaldiaren antolatzailea. Alkarte honek urte osoan zehar lan egiten dau txinatar kulturea gure artean ezagutzera emoteko eta herri horretako eta Euskal Herriaren arteko zubi kulturalak sortu eta jakintzearen partekatzea sustatzeko.
2008an jaiotako alkartea da, txinatar eta euskaldunen arteko loturak sustatzeko; txinera, euskerea eta gaztelania hizkuntzak ikasi eta berba egiteko; eta alkarren arteko kultur berezitasunak konpartiduteko.
Egun 50 lagun inguru izanda, euskaldunez eta baita gure artean bizi diran txinatar jatorrizko lagunez osotzen da. Familia mistoak be badira, euskaldun eta txinatarrak, bertokoak izanda txinatar jatorria daben seme-alabak dituenak.
Qiao-Zubiak urte osoan zehar ekitaldiak antolatzen ditu: jardunaldiak, irteerak eta bestelakoak antolatuz. Guztiak harreman kulturalak estutzeko eta kanpotik etorri izan diranak gure artean gizarteratzen laguntzeko helburuakaz.
Wushu Euskal Federazinoaren laguntzinoa be izan dau alkarteak aurtengo jaialdia antolatzeko. Gasteizeko You Ching be ezin ahaztu. Talde honek burruka-arte mueta desbardinak jorratzen ditu eta nazinoarteko txapelketetan parte hartu eta txapeldunak be izan dira tarteka.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Eskerrik asko.
Besarkada bat,
Patxi Suarez.