Euskerearen erabilerea normalizetako V. Plan Nagusia aurkeztu dau Eusko Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2014-01-27 14:45   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzearen helburua da euskal gizartean elebitasun iraunkorra eregitea. Horregaitik da Eusko Jaurlaritzearen 2013-2017 bitarteko Euskerearen Erabilerarako Plan Nagusi honen helburu nagusia honako hauxe: herritar guztiek daben hizkuntza ofiziala aukeratzeko eskubidea egiazki betetea, eta euskerea zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza lez erabiltea.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea dan Patxi Baztarrikak Eusko Jaurlaritzan euskerearen erabilerea normalizetako Plan Nagusia (V. plangintzaldia, 2013-2017) aurkeztu eban joandako barikuan Donostian. Patxi Baztarrikagaz batera izan ziran aurkezpenean Gotzon Lobera, Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetako zuzendaria eta Maite Iruretagoiena, Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Era berean, Andres Zearreta, Funtzio Publikoko sailburuordea be ekitaldian izan zan. Herritarrek administrazinoagazko dituen hartu-emonetan nahi daben hizkuntza ofiziala hautatzeko eskubidea egiazki betetea da Planaren helburua.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Planaren helburu nagusia zein dan argitu eban: Eusko Jaurlaritzearen helburua da euskal gizartean elebitasun iraunkorra eregitea. Horregaitik da Eusko Jaurlaritzearen 2013-2017 bitarteko Euskerearen Erabilerarako Plan Nagusi honen helburu nagusia honako hauxe: herritar guztiek daben hizkuntza ofiziala aukeratzeko eskubidea egiazki betetea, eta euskerea zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza lez erabiltea.

Bestalde, eta aurreko ideiagaz lotuz, lau helburu orokor nabarmendu ditu Patxi Baztarrikak:

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Eusko Jaurlaritzagazko hartu-emonetan, bost urteotarako lehentasuna emonez zuzeneko arretakoak eta jentaurrekoak diran zerbitzuetan; euskerea lan hizkuntza izateko pausu zehatzak, neurgarriak eta aurreragarriak emotea: anomalia bat da, desorekearen seinale, euskerea be hizkuntza ofiziala izanik eta herri-langileen eta goi kargudunen erdia baino gehiago euskalduna izanik, euskerea ez izatea, gaztelania bezela, laneko hizkuntza ohikoa gaur dan baino askoz neurri handiagoan; Herri administrazinoen arteko hartu-emonetan euskera gehiago erabiltea: administrazinoak eredugarri izan behar dauelako eta legeak bete eta betearazo egin behar ditualako; eta goi kargudun politikoen lidergoa eta inplikazinoa indartzea.

Lau helburu orokor horreek garatzeko hiru zehar-lerro nabarmendu dira:

- Hizkuntza ofizialak erabilteko erispideak onartu eta apliketea, sailez sail.
- Langileen eta erakunde-ordezkari politikoen euskera gaitasuna handitzea, erabilerea bera areagotzeko.
- Langileen eta erakunde-ordezkari politikoen euskereagazko atxikimendua eta adostasuna areagotzea.

Amaitzeko, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ideia hau nabarmendu nahi izan eban: Plan hau ez da HPSrena, ez da HPSrena bakarrik. Plan hau Jaurlaritza osoarena da, Jaurlaritza osoarena baita euskereagazko eta hizkuntza bizikidetzagazko konpromisoa, eta Jaurlaritza osoarena baita euskerearen erabilerea areagotzeko erronkea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu