Txomin Arana: 'Ez da erraza Dakar bat amaitzea baina bertara heltzea be ez'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-01-27 10:04   Barriketan
Motoristea

Txomin Arana Kobeaga ereñarrak ez dau deskantsu handirik euki Txiletik bueltau danetik, alkarrizketak han eta hemen, lagun eta ezagunak zorionak emoten, herritarren omenaldia... 10.605 kilometro egin ditu motor ganean Aranak, Argentinako Rosario urian hasi eta Txileko Valparaisoraino. 196 urten ziran Dakar lasterketan, baina 78 besterik ez ziran ailegau. Bizkaitarra 56.a izan da, eta berau dogu lehenengoa. Ez da lorpen makala, Dakarra amaitzea bera be meritu handia da eta.

Neka-neka eginda baina pozarren topau dogu Gernika Off-Road tadeko kide gaztea, eta halanda be proiektu barriak daukaz buruan daborduko.


1.- Aireportuan harrera itzela egin eutsuen lagun eta etxekoek, pozarren egoteko moduan, ezta?

Kar, kar, bai, joe, ikusgarria izan zan. Oso emozionauta nengoan. ETBekoek deitu eustien esanez han egongo zirala, baina ez neban hainbeste lagun espero.


2.- Aste bi emon dozuz lasterketan, makinatxu bat kilometro, zelango esperientzia dakarzu etxera?

Karrerea oso gogora izan da, banekien gogorra izango zala baina... Han beste pilotu batzukaz egon naz, Dakar gehiago korridu dabenak, eta aurtengoa oso oso oso gogorra izan dala esan deustie. Pozik nago amaitu dodalako, hainbeste pilotu esperientzia askokoak geratu dira kanpoan. Poz-pozik heldu gara, bai.


3.- Eta horreetan 10.605 kilometroetan zer da topau dozun gauzarik gatxena?

Lehenengo etapea erraza izan zan, baina bigarrenetik aurrera gauzak gogortzen hasi ziran. Hirugarrena amaitu genduanean, zoriondu egin ginduezan, ha ei zan Hegoamerikan egin dan etaparik gogorrenetakoa. Eta orduan pentsau neban, bueno, txarrena pasau da, ondo. Baina, bai zera! Handik aurrera, azkenengo egunera arte, oso oso gogorra izan da dana. Bero asko egin euskun egun batzutan, pilotu bat hil egin zan deshidratazinoagaz. Kristoren beroa egin eban egun horretan, 45 gradu edo. Izugarria izan zan egun ha.


4.- Momentu gogor asko egon dira, gozetako astirik eukiko ete zendun?

Bai, bai, basamortua polita da. Argentinako goiko aldean leku politak pasau doguz, nahiko berdeak. Mendi altuetara igoten izan dogu, ikusteko leku politak dira. Asko gustau jat.


5.- Eta jakin izan dozu lasterketearen momentu baten amaituko dozula, lasterketa erdi amaituta daukazula, ala ezinezkoa da hori jakitea?

Ez, ez, ezin da jakin hori. Zazpigarren egunean edo, seguru be ez dakit ze egun zan, motorra geratu egin jatan. Orduan momentuan pentsau neban ezin izango nebala segidu. Ha be konpondu ahal izan gendun, aurrera segidu, eta amaitu neban etapa hori be. Azkenaurreko egunean kolpe nahiko handia hartu neban, eta motorra nahikotxu apurtu zan. Eskuan be min hartu neban. Eta orduan be pentsau neban ezin izango nebala konpondu. Han be pare bat ordu motorra konpontzen, baina handik be urten neban. Azkenengo egunean esan neutsan neure buruari heldu arte edozein gauza pasau leikela. Hau ez da amaitu bertara heldu arte!


6.- Ez zan lehengo aldia izango, azkenengo kilometroetan bertan behera itxi beharra.

Bai, asko geratzen dira azkenengo egunean, kilometro gitxi falta dirala, amaitu ezinik. Helmugara heldu arte ezin da pentsau amaitu danik, zeozer pasau daiteke edozein momentutan.


7.- Eta Valparaisora ailegau zinanean, zegaz akordau zinan, ze sentsasino euki zendun?

Amaitu da! Hori da pentsau nebana. Hainbeste eguneko sufrimentua eta gero, pozik nengoen. Bertara heldu nintzanean, eta han ikusi nebazanean danak, kamioiak-eta... esan neban, listo, amaitu dot!


8.- Amaitzeko gogoa eukazula esango neuke...

Amaitzeko gogoa neukan bai, gogorra egiten da. Etxean lo egiteko gogoa neukan. Han lo gitxi egiten da, eta etxeko ohean lez, inon be ez.


9.- Zelango giroa topau dozu parte-hartzaileen artean? Eta antolakuntzeagaz?

Giro ona egon da. Beste pilotuakaz, ondo, eta antolatzaileekaz be ondo. Ez dogu arazorik euki, nahiko ondo portau dira gugaz.


10.- Pilotu batzuk aurrekontu eta talde itzelak eroan ditue, hori igarriko da, ezta?

Jente onak euren autokarabanak daukiez, eta kriston lekua lo egiteko. Zer esanik ez euren motorren prestakuntzea, ezinezkoa da haren kontra ezer egitea. Guretzat nahikoa da han egonda be.


11.- Dana dala, holango aurrekontu eta babes handia eukiteak be ez dau amaituko dabenik ziurtatzen.

Holan da, bai. Azkenean, pilotu onak be askotan han geratzen dira. Subertea euki behar da, eta asko zaindu behar da motorra, bueno motorra, eta beste dana be bai.


12.- Dakarren webgunean egin eutsuen alkarrizketan badinozu subertea daukan hasibarria zarala.

Kar, kar... Bai, azkenaurreko eguna amaituta egin eustien alkarrizketea. Ia eguna zelan joan dan galdetu, eta esan neutsien kolpea hartu ostean martxan segidutea suberte handia izan dala. Subertedun hasibarria naz.


13.- Kolpe handia hartu dozu?

Bai, kolpe ederra izan zan. Medikuarengana joan naz eta eskafoidesa akaso apurtuta daukadala esan deust, baina ez dala segurua. Astebetean igeltsua eroan behar dot, eta ia horregaz nahikoa dan.


14.- Amaitzea zan zure amesa, eta lortu dozu lortu be. Hurrengorako zer hobetu eukiko dozu.

Hobetzeko gauzak badagozala uste dot. Lehenengo astean oso ondo ibili naz. Aberi mekanikoak denpora asko galduarazo eustan, eta ezinezkoa izan zan gero horri aurre egitea. Nik uste dot askoz hobeto ibilteko moduan egin daitekela. Motorra asko hobetu daitekela pentsetan dot, motor nahiko indar gitxikoa eroan dot, denpora guztian motorra zaintzen joan behar izan dot. Nik uste dot hobekuntzarik onena hori izango zala. Nabigazinoan gehiago entrenau beharko neuke, oso ondo eroan dot baina egunen baten galdu naz ordubete edo hortik zehar.


15.- Eta burua? Holango leku bakartuetan ibilteko burua be entrenau beharko da.

Nahiko ondo eroan dot. Askok galdetu deustie ia zer pentsetan neban han bakarrik nengoanean. Ba, ni trankil nengoan, ez naz inoz nerbioso ipini. Ondo eroan dodala uste dot. Danak aurrera doazenean, eta zeu bakarrik geratzen zarenean, motorrean bakar-bakarrik zoaz. Ondo zoazela ikusten bazaitue ez da inor geratzen. Trankil hartu behar da.


16.- Esperientzia gogorra izan bada be, hurrengoan be joango zinake Dakarrera?

Bai, neugaitik bai. Ikusiko dogu, ez da erraza babesleak topetea, diru asko behar da. Gatxa da. Ez da erraza Dakar bat amaitzea baina bertara heltzea be ez. Urteeran egotea bakarrik asko kostetan da. Ia hurrengoan be posible dan. Lasterketea hasi baino lehen diru asko behar da. Izen-emotea bera diru piloa da. Horregaitik, eskerrak emon gura deutsiedaz nire babesle guztiei, ze eurek barik ezinezkoa izango zan.


17.- Eta Dakarraren ostean, zer beste proiektu daukazuz?

Zezeilaren 22an motokroseko Espainiako Txapelketea hasiko da. Hori prestetan hasi beharko dot eskua ondo ipinten jatan momentuan. Entrenamentuan antolatu beharko dira. Hemen ez dago bakerik!


18.- Txikitxutatik gustetan jatzuz motorrak, nork esango eutsun Dakarreraino ailegauko zinala, ezta?

Sei urtegaz hasi nintzen korriduten, hamabi-hamahiru urtera arte. Itxi egin neban gero, diru asko kostetan zan, motorreko edozien kirol lez. Aurrekontu oso txikiagaz ibilten ginan eta holan ezin zan segidu. Hamazazpi urtegaz motorra erosi neban barriro, lanean hasi nintzanean. Eta holan hasi nintzan, Euskadiko Txapelketa batzuk egin nituan, eta Gernika Off-Road taldea sortu zanean, eurekaz joan nintzan Espainiako Txapelketara lehenengo, Munduko Txapelketera gero...

Ba, ia Dakarrera joateko asmorik neukan galdetzen eustienean ezetz eta ezetz esaten neban. Inoiz be ez, hori izan zan nire erantzuna. Eta begitu azkenean...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu