Mikel Diez Alaba bilbotarraren artelanak ipini ditue Arte Eder Museoan
2014-01-24 14:28 Kulturea2012an eta 2013an egindako piezak dira guztiak. Gehienbat koadroak dira, eskulturaren bat be badagoan arren, eta abstraktuak dira. Neurri arrunteko 33 artelan dira eta, ganera, neurri txiki-txikiko 144 koadroren seriea be ipini dabe Bilboko Arte Eder Museoan. Denbora iraganez izenburua ipini deutsie erakusketeari.
2012an eta 2013an egindako piezak dira guztiak. Gehienbat koadroak dira, eskulturaren bat be badagoan arren, eta abstraktuak dira. Neurri arrunteko 33 artelan dira eta, ganera, neurri txiki-txikiko 144 koadroren seriea be ipini dabe Bilboko Arte Eder Museoan. Denbora iraganez izenburua ipini deutsie erakusketeari.
Museoko zuzendari Javier Viarrek esan dauanez, aspaldion arreta berezia jarten gabilz 40ko hamarkadan jaio eta 70ekoan ezagun egin ziran euskal artisten lanei. Mikel Diez Alaba, Bilbon 1947an jaioa, talde horretako artistea da. Umetan, museoaren alboan bizi nintzan eta eskolara joateko egunero pasetan nintzan albotik; orain, nire lana bertan jarrita ikustea gauza ederra da, adierazo dau Diez Alabak, erakusketearen aurkezpen ekitaldian, langintza honetan hasi nintzanean, ez neban amesetan be pentsauko galeria baten nire koadroak egongo ziranik.
Arte Eder Museoan ipini daben erakusketako piezak abstraktuak dira, batzuek elementu figuratiboren bat edo beste daukien arren. Izan be, Mikel Diez Alabak, hasiera baten, lan figuratiboak egiten zituan, kritika sakoneko lanak, baina denporeagaz, abstrakzinora jo dau bere ideiak adierazoteko. Ez dot sartu nahi izan lehenagoko piezarik, danak dira barriak, erakusketako elementu guztien arteko harmonia bilatu dodalako, azaldu dau. Urte biko lanaren emoitzea da eta museoari be eskerrak emon behar deutsadaz, emondako laguntzinoagaitik; nik obrak hala moduz entregau nituan eta bai dotore ipini dituela!, esan dau artisteak, zaharbarritze sailean, adibidez, lan bikaina egin dabe.
Erakusketako piezak, gehienbat, mihisean edo papelean marraztutako akrilikoak dira, abstrakzinoaren bidetik paisajeak irudikatzen dituenak. Urte luzez, Mikel Diez Alaba Menorcan eta Mediterraneoko beste leku batzuetan bizi izan zan eta inguru haretako argitasunak eragin sakona dauka bere obran. Kromatismo aberatsa darabil bere koadroetan eta, adituen arabera, Ekialdeko arte-moldeen eragina nabaria da bere teknikan.
Museoaren kanpoaldean eta Arriaga izeneko galerian, koadro batzuen kopia birdimensionatuak ipini ditue eta Balerdi eta Sistiagari eskainitako aretoan, Diez Alabaren beste artelan bat dago. Erakusketea bera, museoko 33. aretoan dago. 33 pieza arrunt eta 144 koadro txikiz osotutako murala dagoz. Tamainu txikiagaz esperimentau nahi izan dot, dino Mikel Diez Alabak, gitxigaz asko egin leitekela erakutsi nahi izan dot, folio moltso bategaz erakusketarako mural oso bat atara leitekela. Diez Alabak dino, bere ustez, alde handirik ez dagoala formatu handiko margolanak edo tamainu txiki-txikiko koadrotxuak egiteko orduan, lan tresnak desbardinak dira, baina garrantzitsuena da, lan bakotxak nire arreta guztia erakarten dauala, koadro handia zein txikia izan, konzentrazinoa erabatekoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!