Antzezlan amateurrak Bizkaia osoan zabalduko ditu beste behin 'Emakumeak Eszenan' zirkuituak

Dabi Piedra Robledo 2014-01-23 14:35   Kulturea

Urtarrilean hasi eta, urte osoan, abendura arte, zazpi konpainia ez-profesional herririk herri ibiliko dira, euren sorkuntza lanak erakusten. Antzerkigintza amateurra aldarrikatzea eta emakume aktoreei lekua egitea dira zirkuituaren helburu nagusiak.

Zortzigarrenez antolatu dau ekimena Besarkada alkarteak eta beste urte askoan jarraitzeko asmo sendoa erakutsi dabe gaur egindako aurkezpenean. Urtarrilean hasi eta, urte osoan, abendura arte, zazpi konpainia ez-profesional herririk herri ibiliko dira, euren sorkuntza lanak erakusten. Antzerkigintza amateurra aldarrikatzea eta emakume aktoreei lekua egitea dira zirkuituaren helburu nagusiak.

Emakumeak Eszenan 2014 zirkuituaren aurtengo leloa, Zortzi ez dira nahiko, gehiago nahi dugu da. Izan be, Besarkada alkarteak zortzigarren urtez antolatu dau ekimena, baina beste urte askoan jarraitu nahi dabe. Maria Urcelay Besarkadako kideak adierazo dauenez, lelo horregaz esan nahi dogu, zortzigaz ez gagozala konforme, gogotsu gagozala aurrera jarraitzeko. Izan be, estualdi ekonomikoak antzerkigintzeari gogor eragin deutso, baina, krisiak krisi, lanerako indartsu gagozala erakutsi nahi dogu.

Besarkada taldea, antzerki konpainia amateurren federazinoa da. Profesionalak ez diran taldeen lana koordinau eta zabaltzeaz arduratzen dira. Emakumeak eszenan zirkuituagaz, ganera, emakumezkoen lana bistaratu nahi dabe. Kepa Gallego aktore eta Besarkadako kideak azaldu dauenez, antzerkigintza amateurra, antzerkiaren oinarrira jotea da, baliabide tekniko eta helburu komertzialetik harago, aktorearen eta publikoaren arteko hartu-emon estuak dagoz, aktore bakotxaren antzezteko gaitasunak hartzen dau garrantzia. Gallegok ganeratu dau baliabide faltea talentuagaz ordezkatzen dabela Besarkadakoek. Formakuntzea Besarkadaren lehentasunetako bat da eta, holan, urtero tailerrak antolatzen ditue kideentzat. Era berean, Emakumeak eszenan aukera ona da ikasitakoa praktikan ipinteko.

Emakumeak eszenan zirkuitua hileon hasiko da eta abendura arte iraungo dau. Gitxienez zazpi herritan egongo dirala aurreratu dabe, hango udalakaz egindako hitzarmenei esker: Arrigorriaga, Gernika-Lumo, Sestao, Bilbo, Erandio, Muskiz eta Getxon. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Emakundek be babesten dabe ekimena. Guztira, zazpi konpainia eta beste horrenbeste antzezlan egongo dira. Bost konpainia, Besarkadako kideak dira. Holan, Usansoloko Aztiak konpainiak Vidente por accidente lana eskainiko dau Felipe Cuetararen zuzendaritzapean. Arrigorriagako Hamaika taldeak, A destiempo lana dakar, hori be Cuetarak zuzendua. Bilboko Luna Llena konpainiak, barriz, Amigas... ¿para siempre? aurkeztuko dau, Kepa Gallegok zuzenduta eta, Bilboko Totum taldeak, Maria Urcelayk gidatutako Pensar en alto. Amaitzeko, Burbujas taldeak, hau be Bilbokoa, Punto Medio taularatuko dau, Arrate Etxeberriaren zuzendaritzapean. Konpainia konbidauak, barriz, Muskizeko Juego de Damas eta Sestaoko Entre Mujeres izango dira, El Refugio eta Reserva Comanche antzezlanakaz, hurranez hurran. Emonaldi bakar bat be ez da euskeraz izango, Maria Urcelay antolatzailearen arabera, antzerki taldeetan beti egoten diralako euskeraz ez dakien aktoreak. Gaurko aurkezpen ekitaldia be erdera hutsean izan da, gehiegi ez luzatzearren, Urcelayren esanetan.

Dagoeneko zortzi urte bete ditu zirkuituak eta bete daizala hogei!, adierazo dau Kepa Gallegok. Eszenatokira igoteko gogoz gagoz eta ikusleak harritzeko mila modu topetako prest, aitatu dabe Besarkadako kide diran emakume aktoreek. Datozan urteetan proiektuagaz jarraitzeko, publikoaren baimena badaukiela emoten dau behintzat. Izan be, Maria Urcelayk azaldu dauenez, publiko gero eta fidelagoa daukagula konturatu gara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu