Umorea bitarteko, genero ikuspegia azaleratuko da Bertso Egunean

Bizkaie! 2014-01-22 16:50   Bertsolaritzea

Azalera lelopean eta generoa gaitzat hartuta, Bertso Egunak berrogeita bosgarren edizinoa izango dau datorren zapatuan, hilaren 25ean. Danetara, 56 bertsolarik eta beste 9 kultur sortzailek zein taldek hartuko dabe parte goizetik gauera egingo diran hiru ekitaldi nagusietan.

Azalera lelopean eta generoa gaitzat hartuta, Bertso Egunak berrogeita bosgarren edizinoa izango dau datorren zapatuan, hilaren 25ean. Danetara, 56 bertsolarik eta beste 9 kultur sortzailek zein taldek hartuko dabe parte goizetik gauera egingo diran hiru ekitaldi nagusietan.

Donostian egingo dan Bertso Eguna 2014ko egitaraua aurkeztu dabe gaur. Nerea Txapartegi, Donostiako Udaleko Kultura eta Euskera ordezkaria; Laura Gomez, Gipuzkoako Aldundiko Bardintasun saileko zuzendaria eta Nerea Elustondo eta Ixiar Eizagirre, Bertsozale Alkarteko Genero taldeko kideak izan dira gaurko aurkezpenean.

Nerea Elustondok nabarmendu dauenez, Bertso Egunak generoa gai nagusitzat hartzea azken urteotan bertsolaritzako emakumeon artean egin dan bidearen seinale izan daiteke, orain dala hainbat urte pentsauezina zalako gai horren inguruan Bertso Eguna egitea.

Zapatuko Bertso Eguna ederra izango dala gaineratu dau, eta prestaketa lanek ekarri dabena azpimarratu nahi izan dau: Bileretan 37 emakume batu gara eta bidea izan da ederrena. Belaunaldi desbardinetako emakumeok alkartzeko atxakia, ikuspegiak trukatzeko gunea, alkarri entzuteko aukerea, zer bilatzen dogun nork geure buruari galdetzekoa.

Azken urteotan lez, Bertso Egunak formatu desbardinetako saioak eskainiko ditu egun osoan zehar Donostian. Egunari hasierea emoteko, eguerdiko 12:00etan bertsopoteoa abiatuko da Alde Zaharreko kaleetan zehar. Parte-hartzaileak: Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Erika Lagoma, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Maddi Sarasua, Ane Zuazubiskar, Izar Mendiguren eta Itxaso Paia.

Arratsaldeko 18:00etan, jaialdi nagusia egingo da Kursaalen. Parte-hartzaileak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga. Iraia Eliasek aurkeztuko dau jaialdia, eta berau izan da arratsaldeko emonaldiaren zuzendari artistikoa. Saioan zehar beste hainbat artistak be hartuko dabe parte: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Monterok saxoaz, Allarte oihal eta jantza taldeak, eta Maddi Oihenart abeslariak.

Jaialdiak umorea izango dau oinarri eta aniztasuna bistaratzeagaz batera, inklusiboa izatea nahi dogu. Erantzunak baino, galderak sortu daizala publikoaren artean eta bertsolarien artean azaldu dau Elustondok.

Egunari amaierea emoteko 700 lagunentzako afaria eta afalosteko saio ganberroa izango dira. Afalostean, Miren Artetxe, Estitxu Eizagirre, Idoia Etxeberria, Onintza Garcia, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Hodei Unzueta, Leire Amenabar, Aitor Bizkarra, Joritz Bastarrika, Arrate Gaztelu, Oihana Makazaga, Uxue Larrukert eta Aitor Servierrek kantauko dabe. 22 lagunek hartuko dabe parte afalosteko saioan eta amaitzeko Laket taldeagaz erromeria izango da. Aurten lehen aldiz afaria Manteo kiroldegian egingo da.

Sarrerei jagokenez, Kursaalean 1.800 ikuslerentzat jarriko da lekua eta azken 350 sarrerak salgai dagoz www.bertsosarrerak.eu webgunean. Afaritarako be, 700 lagunentzat egokituko da Manteo kiroldegia, eta horreetatik 200 sarrera eskuragarri dagoz aitatutako atarian. Sarrerak lehendik agortzen ez badira, zapatuan bertan leihatilan jarriko dira 16:00etatik aurrera. Kursaal aretoan sartzeko ateak 17:00 edegiko ditue, saioa baino ordubete lehenago.

Bertso Egunera hurreratzerik ez daben bertsozaleek telebistaz ikusteko aukerea izango dabe. ETB1-ek arratsaldeko saioa osorik eskainiko dau zapatuan bertan, gaueko 22:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu