Karmele Merino: 'Errusian azkenaldian zabaldu diran politika homofobikoak izan doguz gogoan'
2014-01-20 09:52 BarriketanZinegoak-eko zuzendaritza taldekoa
Hegoak alkarteak antolatuta, nerabezaroak eta gaztaroa ardatz hartuta, 11. Zinegoak Bilboko Gay-lesbro-trans Nazinoarteko Zinemaldia urtarrilaren 20tik 27ra izango da aurten. Danetara mundu osoko 86 film egongo dira ikusgai, gehienak film laburrak baina badira, dokumentalak, esperimentalak eta fikzinozkoak be. Lanon artean, mundu mailako estreinaldi bat, Tuburão (Marrazoa), Malika Zouhali-Worrall eta Katherine Fairfax Wright zuzendarien dokumental brasildarra eta Euskal Herrian egindako bost lan nabarmendu daitekez. Epaimahaian, barriz, Josemari Goenaga (80 egunean), Joako Ezpeleta (Mostra Fire!!) eta Ana David (Queer Lisboa) dagoz.
Sarien atalean, Zinegoak Ohorezko Saria Bok a Bok San Petersburgoko LGBT Nazinoarteko ZInema Jaialdiak jasoko dau aurten; Errusian azkenaldian zabaldu diran politika homofobikoak izan ditue gogoan antolatzaileek.
Bilboko bederatzi aretotan izango dira proiekzinoak eta ostean, urtarrilaren 28tik zezeilaren 9ra bitartean, Zinegoak Hedapena egitarauari esker hamaika herritara zabalduko da zinemaldia, Basauri, Donostia, Durango, Errenteria, Getxo, Hernani, Igorre, Leioa, Portugalete, Sestao eta Sopelara, hain zuzen.
Hona hemen, Zinegoak zinemaldiko zuzendaritza taldekoak emon deuskuzan azalpenak:
1.- Alkarte txiki batek antolatutako Bilboko Gay-lesbo-trans Nazinoarteko Zinemaldiak 11 urte egin ditu. 11 urteko iraupen horrek ze gogoeta eragiten deutsu?
Gatxena ez da hamaika urte betetea, gatxena urtez urte lehenengoa balitz lez jarraitzea da, eta asmo horregaz gabilz aurten be. Hamaika urte joan dira baina lanean jarraitzeko gogoa eta ilusinoa azpimarratuko neukez. Eta erantzukizuna be sentiduten dogu urteotan lortutako publikoari behar dan moduan erantzuteko. Hasieran proiektu txikia izan zan eta nahikoa arriskutsua ganera ze ez genkian zelako erantzuna izango eban Bilbon holako zinemaldiak, publikoaren aldetik eta erakundeen aldetik; zorionez, erantzuna gero eta hobea izan da eta sustraiak sakon dituan ekimena da gaur egun Zinegoak. Hori bai, azken urteotako krisiak kili-kolo jarri dau zinemaldia baina eustea lortu dogu eta ez da gitxi.
2.- Gaztaroa eta nerabezaroa izango ditu ardatz aurtengo edizinoak, ekimen zinematografikoa ez eze, ekimen soziala, aldarrikapen puntua daukana dalako...
Bai. Argi dago. Zinegoak zinemaldia Hegoak alkartearen eskutik dator, alkartearen barruan jaio zan eta alkartearen beraren helburuetako bat giza eskubideak defendidutea, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideen alde egitea da. Esangura horretan, gaztaroan zein nerabezaroan geure buruagazko dogun onarpena edota besteakazko hartu-emonak sano garrantzitsuak izaten dira gure nortasunaren garapenerako, persona helduak bilakatzeko prozesu horretan eta gai hau gogoan hartuta aukeratu doguz aurtengo edizinorako film asko.
3.- Zinemearen bitartez bardintasunaren aldeko aldarrikapena dakar Zinegoak Zinemaldiak. Urteen porasuz Gay-lesbo-trans lagunakazko jarrera eta mezuetan badago aldaketarik?
Bai, duda barik. Gu alkarlanean gabilz erakundeakaz, LGBT mobimentuko lagunakaz, hirugarren sektoreko alkarteakaz zein gure alkarteko kide diran lagunakaz eta behin baino gehiagotan komentau dogu hori, orain urte batzuetatik hona aurrerapena igarten dala, ez bakarrik jarrera eta mezuetan, baita lege arloan be. Dana dala, gorabehera handiak dagoz oraindino maila sozialean, hutsuneak eta desorekak dagoz eta lan egiteko beharra dago oraindino.
4.- Hamaikagarren edizino honek Amnistia Internacional alkarteagaz igaz hasitako lankidetzea indartu dau. Kamerun, Errusia eta Marokoko herrietan diran homosexualen kontrako jarrerak salatu eta aitatu herrialdeetan personen eskubideetan dagozan atzerapausuei buruzko lanak eskainiko dira...
Amnistia Internacional alkarteagaz beti egon gara hartu-emonetan, izan be, bat egiten dogu euren aldarrikapenakaz eta dinotsudan lez, Zinegoak zinemaldiaren kasuan ez eze, urtean zehar egiten doguzan ekimen edo jardueretan be kolaboretan dogu. Zinemaldiaren kasuan, igaz serio hasi ginan beharrean Amnistia Internacional alkarteagaz eta aurten be bide horri ekin deutsagu. Oso garrantzitsuak begitantzen jakuz holako alkarlanak ze gure etxetik kanpora zer pasetan dan, zelako bidebakokeriak dagozan ezagutzeak eta ezagutarazoteak asko aberasten gaitu.
5.- Ohorezko Saria Bok a Bok San Petersburgoko LGBT Nazinoarteko Zinema Jaialdiak jasoko dau aurten. Zergaitik?
Errusian azkenaldian zabaldu diran politika homofobikoak izan doguz gogoan. Atzera pausu handiak izan dira azken aldion eta errealidade horren barri emon gura izan dogu zinemaldian. Beste herrialde batzuetan ez daukie hemen daukagun suberterik, guretzako jarduera ludikoa eta soziala dana, aldarrikapenetarako eta oinarrizko eskubideen defentsarako jarduera da han. Igazko zemendian egin eben azken edizinoa eta hamar egunean bost bonba-mehatxu izan zituen. 2007. urtean, Bok a Bok Jaialdia abiarazo ebenetik sarritan kolaborau dogu eurekaz, badakigu zelako zailtasunak dituen aurrera egiteko, berbarako, lehenengo edizinoa galarazo egin eben hango agintariek. Guretzako harrigarria bada be, Errusiako antolatzaileek eta publikoak be euren bizia arriskuan jarten dabe eta holako sari bat merezidu dabela pentsau dogu. Tanya Shmankevich, Bok a Bok jaialdiko zuzendaria geugaz izango da Bilbon eta Errusian bizi daben egoeraz be berbalditxua eskainiko dau.
6.- Danetara mundu osoko 86 lan egongo dira ikusgai jaialdian, gehienak film laburrak baina badira film luzeak, dokumental luzeak eta lan esperimentalak be. Bateren bat azpimarratzearren, Tom à la ferme, Xavier Dolan-ena (Kanada-Frantzia / 2013 / 105’) aitatuko neuke. Film honetaz zer nabarmenduko zeunke?
Pasa dan urtean gure jaialdian film luze onenaren saria irabazi eban. Aurten Zinegoak jaialdian zuzendariaren laugarren filma ikusiko dogu, Veneziako Mostran Fipresci saria irabazi dauen filma, hain zuzen be. Oso iluna dan menpekotasun istorioa da filman jorratzen dana.
Bruce Labruceren Gerontophilia be nabarmenduko neuke, 2009an gure ohorezko saria irabazi eban zuzendariaren azken lana; 19 urteko nerabe baten eta 82 urteko agure baten arteko maitasun homosexual atipikoa dakarsku oraingoan zuzendari kanadiarrak. Ganera, Bruce Labruce Bilbon izango da bere filmaren bi emonaldiotan, publikoaren galderei erantzuteko.
Off Zinegoak atalean, film labur esperimentalak eskainiko doguz eta aurten sari barri bat emongo dogu lan esperimental onenari.
7.- Who’s Afraid of Vagina Wolf, Anna Margarita Albelo-rena (EUA-Frantzia/ 2013 / 83’) be gogoan hartzekoa da. Anna Margarita Albelo kubatar-estadubatuarra da baina aitita bilbotarra dauka...
Bai. Holan da. Anna Margarita Albelo kubatar-estadubatuarra da baina euskal jatorrikoa da, izan be, aitita bilbotarra dauka. Aitagarria filmaren emonaldi bi izango doguzala eta bietan izango da gurean Anna Margarita Albelo ikus-entzuleakaz barriketalditxua egiteko.
Who’s Afraid of Vagina Wolf filman ia antzezle guztiak emakumezkoak dira. Frantzia eta AEBen arteko koprodukzino honetan, Ana, zinemagilea, bete barri dituan 40 urtetako krisialdiari aurre egiten dabil. Ez dauka lanik ezta neska-lagunik be eta lagun baten garajean bizi da. Urteak dira ezelako helbururik barik bizi dala eta ez dauka bape argi zer egin behar dauen nahi dauen hori lortzeko.
8.- Euskal Herrian egindako bost lan proiektauko dira XI. Zinegoaken. Euskal Herrian zelakoa da Gay-lesbo-trans gaia jorratzen daben lanen produkzinoa?
Euskal Herrian produkzinoa txikia da oro har eta gai honen ganekoa txikiagoa oraindino. Ez da erraza lanak topetea eta urtero sano arduratzen gaituan kontua da. Aurten 5 lan aukeratu doguz, beste urte batzuetan baino gitxiago: El pastel (Estela Osorio), Adiós a la japonesa (Manuel Arco, Deibid Lyon eta Miriam Alonso), El anhelo del cangrejo (Andrea Caltran) eta Desnudos (Jose Antonio Cortes) fikzinozko film laburrak dira eta bosgarrena, barriz, Maitasun ipuinak familian, Alabazanen eskutik, umeentzako ipuin kontaketea.
9.- Filmak ez eze, antzerkia eta umeentzako ipuin kontaketea be antolatu dozuez aurten...
Bai, buztarketa interesgarria dalakoan gagoz. La Fundicion aretoaren laguntzinoagaz Pere Fauraren Streptease performancea eta Bomberos con grandes mangueras jantza emonaldia, Soy lo que estas buscando Laura Freijoren bakarrizketea, Peaches Does Herself, Peachesen Operarock proiekzinoa, Chamaco, Carlos Celdránena eta Maitasun ipuinak familian, umeentzako ipuin saioa eskainiko doguz, azken hau Bego Alabazanen eskutik.
10.- Zinegoak Hedapena egitaraua Basauri, Donostia, Durango, Errenteria, Getxo, Hernani, Igorre, Leioa, Portugalete, Sestao eta Sopelara zabalduko da aurten. Igaz baino herri bat gehiago aurten...
Bai, oso pozik gagoz, urtero lez, Bilbotik kanpora be zabaltzen dalako jaialdia. Krisiak danean jo dau eta udalerrietan be igarri dabe baina guk gogor egin gura izan dogu Zinegoak Bilbotik eta Bizkaitik kanpora be eroateko eta udalerriak eurak be gure jaialdiaren espirituagaz inplikau daitezan eta esan dozun lez, igaz baino herri bat gehiago dogu zerrendan.
11.- Igaz baino areto bi gehiagotan izango dira proiekzinoak aurten...
Bederatzi areto ditu aurten Zinegoak zinemaldiak, bi gehiago. Izan be, Alondigea, Bilborock, La Fundicion, Fnac, Arriaga antzokia, BBK Sala eta Fas zineklubari BilbaoArte eta Suberviola Espazioa gehitu jakoz. Bok o Bok-eko Tanya Shmankevichegaz Bilgune saioa eta OFF Proiekzinoak eskainiko doguz BilbaoArten, eta OFF Mikroproiekzinoak, barriz, Suberviolan.
12.- Sarreren prezioak ez dozuez igon...
Ez. Sarrera arruntaren prezioak ez dau gorabeherarik izan azken urteotan, 5 euroan izango da aurten be. Bonoa, barriz, 20 euroan dago eskuragarri. Astelehenean, hilaren 20an, Arriagan izango dogun hasierako ekitaldirako sarrerea 6 euroan dago. Barrikuntza moduan, aurten ikusle egunak izango dira hilaren 21, 22 eta 23 eta egunean 4 euro baino ez da ordaindu beharko. Zarratze ekitaldirako, barriz, BBK Aretoan egingo dan ekitaldirako sarrereak 8 euroko prezioa dauka.
Hasiera ekitaldia, urtero lez, Arriaga antzokian egingo dogu. Maitena Salinas antzezlea eta kazetaria izango da aurkezlea. Orduan jasoko dau Errusiako San Petersburgo uriko Bok a Bok jaialdiak ohorezko saria. Ekitaldia urtarrilaren 20an, 20:00etan hasiko da. Amaierea, barriz, BBK Aretoan izango da, hilaren 26an, 19:00etan. Lan irabazleen barri emoteaz aparte, Ventura Ponsen Ignasi M pelikulea aurrestreinauko da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!