Fakun Aznarez: 'Entzun nahiko neuken irratia egiteko prest nago, badakit non dagozan gure mugak'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-01-13 11:24   Barriketan
97 irratiko kidea

Garagarrilean desagertutako Tas-tas irrati libreak badauka oinordekoa, 97 irratia. Gasteizko Hala Bedi irratiaren babesagaz, Tas-tas amatau eta segiduan biztu zan irrati barria. 20 urteko ibilbidea eukan irratiak itxitako hutsunea derrigor bete behar zala ikusi eben bai Gasteizen bai Bilbon bertan be, eta halan ekin eutsien Fakun Aznarezek eta beste hainbat eragilek proiektu barria antolatzeari.

Gogor dabilz beharrean, irratia bera ia ezezereztik eregiten eta bizirauteko behar-beharrezkoak dituen bazkideak topetan. Parte hartzeko prest dagon edonork La Bolsa udaltegian topauko ditu, eguenero, 19:00etan.


1.- Tas-tas irrati libreak itxitako lekua arineketan, prisaz bete behar izan dozue.

Errealidadeak bultzatutako egitasmo barri bat da 97 irratia. Tas-tas irrati libreak, 20 urte baino gehiagoren ostean, bertan behera itxi eban emisinoa garagarrilean. Hainbat eragile eta norbanako itxitako hutsuneaz konturatu ginan, eta pentsau genduan irrati libre baten sugarra mantendu egin behar zala Bilbo moduko eremu zabal batean.


2.- Bilbotik barik, Gasteiztik etorri zan proposamena, ezta?

Hala Bedi irrati libretik heldu jakun aukerea. Eurek be ikusi izandako espazioa galtzea, Bilbo eta inguruan milaka eta milaka entzule potentzial eukazan irratia. Tas-tas amatau ostean, Hala Bedik apostua egitea erabagi eban; sei hilebetez errepikagailua, zerbitzaria eta igorgailua ordainduz frekuentzia bizirik izatea. Eta planteau eskuen ia posible zan Tas-tasek itxitako irrati-esparruan beste irrati bat sortzea, herri mobimentuaren seinale bat izatea Bilbon.

Jakina, irratietatik gatozenok -nik urteak emon nituan Algortako Koska irratian-, irratietako kolaboratzaileek, herri mobimentuetako kideek ikusi genduan baietz, posible zala irrati barria edegitea, baina ez geunkala denpora nahikorik.


3.- Dana arineketan egin beharra izan dozue, besteren batek lekua hartzeko bildurrez, akaso?

Posible da beste irrati batek zapaltzea, izan daiteke Europa FM, izan daiteke Santa Maria de Jesus irratia, batek daki! Edonor izan daiteke. Horregaitik, argi geunkan hainbat urtean lanean egon dan irratiak ordezkoa behar ebala, lortutako espazioari eutsi egin behar geuntsala. Praktikoak eta errealistak izanda, badakigu nortzuk jan eikien esparru hori, nik txantxetan dinot izan daitekezela evangelistak, tropikalistak, edo Prisako hainbat marrazo txiki. Irrati-esparru aukera gitxi dagoz, lortutakoak gordeteko beharra daukagu.


4.- Horretan be Hala Bediren laguntzinoa izan dozue. Orain, eurek prestautako saioak dagoz entzungai.

Irailean hasi ginan alkartzen. Zorionez ez dogu zerotik hasi behar, Hala Bediko taldeak programazino bat atondu eban, nazino mailako irratsaioak dituana, Arrosa sareak elikatuta, Euskal Herriko irrati libreetako saioekaz, eta euren saioekaz bere bai. Gitxi gora-behera programazino paraleko bat sortu eben, kanpoan itxita Gasteizko saioa lokalak, Bilbora begiratuz batez be. Eta horixe da FMko 97 frekuentzian entzuten dana Tas Tas amatau zanetik.


5.- Momentu honetan zertan zabilzie, zer arlotan?

Badakigu neketsua dala irrati bat ia zerotik eregitea, alkartea sortu beharko dogu, programazinoa, lantaldea... Gu orain estudioa montetan gabilz. Herri mobimentuei, feminismoari, internazionalismoari, gazteriari eta abarrei deialdia egin nahi deutsiegu esanez, hemen daukazue bozgorailu bat, hemen daukazue etxe bat, egin daigun danon artean irrati bat!

Komunikabide horizontala nahi dogu, autogestinoa ardatz daukana. Argi daukagu zenbateko garrantzia daukan komunikazinoak gaur egun, ze papel jokatzen dauen gizarte honetan. Horregaitik da hain garrantzitsua irrati libre bat izatea.


6.- Irrati barriaren lantaldean Tas-taseko kideren bat dago?

Tas-tas proiektua amaitu zan, baina han ibilitako batzuk segiduteko indarra eta kemena erakutsi deuskue, eta 97 irratiko partaide dira. Eurak lez proiektu barrira hurreratutako lagun asko dago euren ekarpena egiteko prest.

Orain daukagun lehentasuna estudioa atontzea da, baina bazkideak egotea be behar-beharrezkoa da. Errepikagailua eta zerbitzariaren gastua ordaintzeko dirua behar da. 100 bazkide behar doguz, hilero 10 euro emoteko prest dagozanak. Erdia-edo eginda daukagu. Ez da lan makala izango ganerakoak lortzea egoera ekonomikoa zein dan eta jentearen lehentasunak kontuan izanda. Baina guk argi daukagu Bilbok irrati libre bat behar dauela, alde zaharrean txertatuta.


7.- Eta noizko izango dozue zeuon programazinoa?

Gure egoerea nahiko bitxia da, programazinoa badaukagu, apurka-apurka irratsaioak edo mikroirratsaioak produzidu behar doguz eta saioak ordezkatzen joan. Bilbo eta inguruko jenteari ahotsa eskaini behar jako, zer jazoten dan kontetako. Irratsaioak egiteko prest dagoan jentea behar dogu, badakigu badagozala alkarteetan, auzoetan...


8.- Zelako irratia gura dozue sortu? Ze ezaugarri izango ditu?

Batez be herri mobimentuen ahotsa izango da. Irrati librea esaten dogunean, radio formula edo irrati komertzialetatik urruntzen gara, hau da eretxiaren enpresetatik. Tas-tasek egindako lanagaz segiduko dogu, ideologia mailan esan nahi dot. Ames egiten dot feminismoa, internazionalismoa eta autogestioan jardungo dauen irrati bategaz, lanbakoen alboan egongo dan irratia. Horreek dira gure helburuak.

Auzo baten txertatuta egongo dan irratia, jentearen bozgorailua, herritarren arazoak eta beharrak zeintzuk diran azaltzeko. Bilbon adibide asko dira. Irola irratiak, Irala auzoan dagoan irrati txikiak, Kukutza gaztetxearen hutsitzean lan handia egin eban Rekalde auzoan zer gertatzen zan bertatik bertara zabaltzeko. Irrati bat biztuta izan behar dau auzo bakotxak. Hori da nire eretxi personala, nik nahiko neuke auzoz auzo seinale libre bat ikustea. Baina, tamalez, irratigintzea ez da gehiengoen helburua, ez dago modan. Batzuk dinoe neketsua dala, astero egin behar dala, eta jakina, gauza guztiak lez konstantzia behar da.


9.- Lehiakide gogorrak ditu irratiak gaur egun.

Telebisteagaz ezin geinke lehiatu, beste mundu bat da. Irratia maite dogunok argi daukagu ez dala inoiz hilko, teknologia barrien sasoia izan arren, bere lekua finkatuta dauka. Momentu latzak dira komunikabide erraldoiak ez garenontzat. Edonork egin leike irratia bere etxetik, bere eskuko telefonotik, baina beharrezkoak dira FMan lortutako espazio txikiak elikatzea.

Profesionaltasunaren inguruko eztabaidea be hor dago. Entzun nahiko neuken irratia egiteko prest nago, badakit non dagozan gure mugak, zer bizio hartu dogun, noraino heldu gaitekezan, eta horretarako lan egingo dogu. Ez dago formula magikorik, ez dago dirurik, gure helburua komunikatiboa da.


10.- Mugak eta bizioak aitatu dozuz, zeintzuk dira?

Zerotik hasten ez garenez denporea daukagu arlo garrantzitsu batzuk finkatzeko. Irrati libre askotan dagoan ohitura txar bat software pribatiboa erabiltea da. Ez da posible irrati libre baten software pribatiboagaz jardutea, Windowsen menpe egotea. Orain badaukagu gauzak ondo egiteko aukerea, denporea hartu geinke software libreagaz hasteko. Niretzat kontraesan itzela da komunikabide libre bat sortu eta software pribatiboa erabiltea.


11.- Finanziazinoa be muga izan daiteke...

Urteak emon dodaz Koska irratian, gure helburua dirua lortzeko kontzertuak antolatzea, zozketak... egitea zan. Hori ezin da izan irrati bateko kideen egunerokoa, denporea kentzen deutsulako irratsaioak egiteko. Jentea animau nahi dogu, gazte zein beteranoak, nahi dauenak egin daiela ekarpena, batzuk irratsaioak egiten, edo beste edozein arlotan, diseinuan, antolaketan eta abar. Proiektuan sinistu behar da, hori da garrantzitsuena. Danok daukagu zeozer emoteko, batzuk 10 euroko hileroko kuotea, beste batzuk euren lana.


12.- Irrati barriak euskeraz egingo dau, ala...

Hortxe daukagu beste eztabaida luze bat. Irratiko partaideen arabera izango da. Nik neuk euskereak lehentasuna izan behar dauen irrati bat sortu nahi dot, baina... Kontuan izan behar dogu Bilbo moduko inguru baten, atzean ez badaukazu euskerearen ganean behar egin dauen alkarte sendo bat, gatxa dala hori lortzea. Irrati librea gizartearen espilu izango da, eta zoritxarrez, euskeraz kaleetan ez dauka behar dauen presentzia. Baina, aldi berean, irrati librea eragile eraldatzaile be bada. Ahal danik eta euskerazko irratsaio gehien egotea bultzatu behar dogu. Nik nahiko neuke ehuneko ehun euskeraz izatea, baina oso oso gatxa da egun batetik bestera hori lortzea, euskaldun asko behar da horretarako.


13.- Orduan, 97 irrati librean parte hartzeko ateak zabal-zabalik dagoz?

Bai, irrati libre batean edonorentzako dago lekua. Eguenero batzen gara, Bilboko Zazpikaleetako La Bolsa gizarte etxean 19:00etan. Asanblada zabala da, nahi dauenarentzat zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu